Erik eta Win ikuskizuna, azaroaren 26an

Giza harremanen inguruan aritzen dira ikuskizunean, bertsoa, antzerkia, musika eta umorea ardatz hartuta.

Erik eta Win ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Larraulen, azaroaren 26an. Giza harremanen gaineko hausnarketa egiten dute Buhameak taldeko kideek. Tartean da Aitor Atxega larrauldarra ere

Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariak, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariak; talde horrek osatzen du “Erik eta Win” ikuskizuna. Ez da hau elkarrekin egindako lehen lana izan, izan ere, ‘Ez gara Palestinaz ari’ ikuskizunak erakutsitako bideari eutsiz sortu zuten “Erik eta Win”. Ibilbide horretan, Asier Sota gehitu zaie, oholtzako zuzendari gisa. Elkarrekin dabiltza herriz herri, eta Larraulen izango dira laster, Kultur Astearen barnean. 

Eredu berriak

Bertsoa, antzerkia, musika eta umorea uztartzen ditu ikuskizunak. Ikuskizun goxoa da, hausnarketarako gonbita luzatzen duena. Aitor Atxega taldekideak azaldu ditu nondik norakoak: “Giza harremanei buruz aritzen gara. Gure mezua gizontasunaren gainean doa, gehienbat. Gizonok, orain arte, ez dugu hausnartzeko tarterik hartu eta, hein handi batean, feminismoak ataka berri baten aurrean jarri gaitu. Horretan ari gara eta gure ahulguneak azalerarazten ditugu; ereduak zalantzan jartzen ditugu, bai eta maskarak kendu ere. Gure gazteek eredu berriak behar dituztela iruditzen zaigu eta horixe da Erik eta Winekin zabaldu nahi dugun mezua”.  

2020ko martxoan estreinatu zuten Erik eta Win. Estreinua egin eta egun gutxira iritsi zen Covid19-aren pandemia eta etxealdi luzea. “Hilabete batzuk egin genituen geldirik. Nolanahi ere, ez gaude, inondik inora ere, kexatzeko moduan. Gure ikuskizuna txikia da, eserita ikusteko diseinatua. Etxealdia amaitu eta kultur ekintzak martxan jartzen hasi zirenean, gurea bezalako ikuskizunak eskatzen zituzten eragileek. Kulturarentzat oso garai zaila izaten ari den honetan, gureak bide polita egin du”, azaldu du Aitor Atxegak.

Azaroaren 26an, elizan

Larraulen egingo dute beren ikuskizuna,  hots, "Erik eta Win" obra jaio zen herri berean. “Musika estudio txiki bat dut egina garajean. Bertan egin ditugu ikuskizunaren gaineko bilerak, han egin ditugu entsegu gehienak eta baita beharrezko grabaketak ere”. Herrian bertan aritzeak poza ematen dio Aitorri: “Norberaren herritik deitu izana beti da berezia. Egindako lana kontuan hartzen dutela esan nahi du eta hori oso polita da. Eskerrak eman nahi ditut aukera hau eskaintzeagatik”. 

Ahoz ahokoaren bidez joan da zabaltzen "Erik eta Win". “Talde txikia gara eta gure artean egiten ditugu zabalkunde lanak ere. Dena den, gu denera iristen ez bagara ere, ahoz ahokoaren bidez joan da zabaltzen gure berri. Oso gustora gaude jaso dugun harrerarekin”. 

Bide luzea

Urte eta erdi baino gehiago igaro da “Erik eta Win” estreinatu zutenetik. “Ohiko egoeran, baliteke ikuskizunari amaiera emateko dataren bat finkatuta izatea. Pandemiak, ordea, etenaldia eragin zigun eta oraindik bide luzea ikusten diogu" mahaigaineratu du Atxegak. Bide horretan,  musikariak adierazi legez,  amaiera eman aurretik,  inguruko herrietan obra taularatzea da taldearen nahia. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!