Pantailen eta sareen erabileraz hitzaldia, Larraulen

Irune Alfonso 2022ko aza. 21a, 07:13
Rakel Gamito asteazkenean izango da Larraulen.

EHUko irakasle eta ikertzaileak hitzaldia eskainiko du azaroaren 23an, Larraulgo Kultur Astearen baitan

"Internet pantailak, bideojokoak sare sozialak... onurak eta gatazkak. Nola kudeatu" izenburupean, hitzaldi interesgarria antolatu dute Larraulen. Rakel Gamito EHUko irakaslea eta gaian aditua da, eta hark gurasoentzat garrantzia handiko aholkuak eskainiko ditu. 

Heziketa garrantzitsua baita, pantailen eta internet garaian. Haurrei dagokionez, adibide argigarri bat jarri ohi du Gamitok, bere adierazpenetan: "Txiki-txikitatik zenbat aldiz azaltzen diegu umeei nola gurutzatu behar den errepidea? Hasiera, gainera, gurekin batera egiten dute, eskutik. Ostean, eskua eman gabe, baina gure ondoan. Urteak pasa ahala, bakarrik gurutzatzen uzten zaie, baina beti kontuz ibiltzeko gogoratu ostean. Hori guztia erabat araututa dagoen errepide bat gurutzatzen ikasteko egiten badugu, zergatik ez mugikor bat erabiltzen ikasteko?".

Lastoa eta garia bereiztea erraza ez bada ere, internet bi aurpegiko txanpona da: "Internet mundu osora irekita dagoen leiho bat da, ezagutzaz eta aukerez beteta. Konektibitateak garapen pertsonalerako aukera ugari eskaini dizkigu: harreman berriak eraiki, esploratzea, adieraztea, nortasunaren zenbait alderdi garatzea, taldean aritzeko gaitasunak eskuratzea, besteen onarpena jaso, emozioak kudeatzen ikasi… Baina, horretarako, arriskuak ezagutu behar dira, erabilera arduratsuaren prebentzio jarraibideak barneratuta izan behar dira eta gaitasun eta jarrera kritikoa ezinbestekoa da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!