"Berriro aurkeztuko naiz hauteskundeetara"

Irune Alfonso 2023ko mar. 27a, 09:13

Lau urteren ostean, berriro ere bere burua aurkeztuko du Maria Teresa Arana Larraulgo alkateak. Erronka handiak ditu aurretik eta herritarren konfiantza izan nahi du. 

Nolakoa da Larraul bezalako herri txiki bateko alkate izatea?

Oso esperientzia berezia da, udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak dira, baina Larraul bezalako herri batean hurbiltasun hori are handiagoa da. Bizilagunekiko harremana oso modu naturalean sortzen da. Edozein udaletako ohiko komunikabideez gain (bandoak, etab.), guk edozein unetan tratu zuzena izaten dugu, nire telefonoa eskura izaten dute eta badakite. Bestalde, herri txiki eta landatar baten eguneroko kudeaketa eta hiri-ingurunea oso desberdinak dira, beharrak desberdinak dira. Hala, legegintzaldi honetan, ahalegin berezia egin dut Larraulen bizitzeak landa-ingurunearen abantailak izan ditzan, kultura-ondarea, natura-ondarea eta abar zaindu ditzan eta edozein udalerri handiagoren mailan zerbitzuak izan ditzan, gure aukeren barruan.

Egindako lanen artean, zer da bereziki pozten zaituena?

Gauza asko izan dira atseginak, baina bada zer nabarmendua: batetik, Larraul KM0 energia kontsumituz energia-trantsizioan parte hartzeko aukera eman digun herritarren energia-komunitatearen sorrera. Ondorioz, bertako kide den familia bakoitzaren fakturetan aurrezpen oso garrantzitsuak lortu dira. Bestetik, larrauldarren ametsa egi bihurtu eta eskola independentea edukitzea. Horrela, etorkizunaren aldeko eta Larraulen berezko izaerari eusteko apustu garbia egin dugu. Ildo beretik, haur-eskola berriro irekitzea lortu izana ere pozgarria da. 

Hori guztiaz gain, herrian egin diren hainbat hobekuntza ere aipatuko nituzke: pilotalekuaren alboa eta komunak egokitu eta ixtea. Honela, pilotalekua erabiltzeko baldintza hobeak lortu ditugu, baita eguraldi txarrarekin ere.  Beharrezkoa zen baserrien seinaleztapena, segurtasun handiagoa lortzeko haur-parkearen lurzorua aldatzea, eskolaren atzealdea erabilera publikorako egokitzea, eta beste hainbat aldaketa txiki (arrapala plazan jartzea, argiztapena, sastrakak kentzea). Ekintza horietako asko bizilagunen ekarpenetatik sortu dira.

Udalean lanean jarraitzeko asmorik bai?

Bai, berriro aurkeztuko naiz hauteskundeetara eta larrauldarren konfiantza izan nahiko nuke. Hurrengo legegintzaldia zirraragarria izan daiteke, Larraulek erronka garrantzitsuak ditu, datozen urteak markatuko dituztenak, eta ohorea litzateke haiek bideratzea. Plan orokorrak oso zaindua eta orekatua izan behar du, Larraulek hazi egin behar du,  gazteak bertan gera daitezen, beren bizi-proiektua garatzen. Gazteentzako guneak sortu behar dira eta Larraulek bere landa-izaerari eutsi behar dio bere ingurunea zainduz. Erronka interesgarri asko daude burutzeko.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!