Iraganeko lanbideak ardatz hartuta, Ibarran sortutako Alurr dantza taldeak ikuskizuna eskainiko du. Abuztuaren 3an izango da, eta hauxe da konpainiaren aurkezpen-txartela: "Urteetan hainbat eta hainbat ofizio tradizional izan ditugu euskaldunok. Itsasoari lotuta, arrantzaleen mundutik, nekazal giroko herrietara, oraindik bizirik dirauten ofizioak batzuk, dagoeneko galdu ditugunak, beste batzuk. Arrantzale, batelari, jostun, nekazari, abeltzain, arotz, forjari… norbera bere ofizioan, norbera bere lanabesa eskuan hartuta. Hauek guztiak gogorarazi eta erakutsi nahi ditu Alurr dantza taldeak, ikuskizun berrian. Emanaldiak joan den mendeko giroan oinarritutako eszena desberdinak aurkeztuko dizkigu. Lanbide eta tresnak oinarri hartuta". Haatik konpainian dantzari aritzen den Nagora Zabalaren zuzendaritzapean sortu zen Laia ikuskizuna. Aiert Beobide eta Iñaki Agirre dantzariek koreografian lagundu diote. Alurr dantza taldeak jantziei garrantzia handia ematen die eta zeregin horretan Elixabete Nogellas eta Ramon Garciaren laguntza izan dute.
Alurr dantza taldeak iturri zaharretik ur berria edaten du: "Oinarri tradizional batetik abiaturik, nortasun berritzaile bat lortu dugu. Dantza tradizional, klasiko eta garaikideak elkartu eta alderdi hauek gure musika, erritmo eta jantzietara eramaten ditugu. Antzeztokiko estetika ere mailarik altuenean zaintzen saiatzen gara". Pello Joxepe Larraulgo plazara jaitsi eta berehala hasiko da dantza ikuskizuna. Abuztuaren 3an izango da.