Gaixotasun hemorragiko epizootikoak kaltetutako ustiakuntzak babesteko ekimena aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aiurri 2023ko abe. 30a, 08:33

Eider Mendoza diputatu nagusia eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua Larraulgo Larrola baserrira hurbildu ziren aurrekoan, gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) ustiakuntzan bertan izan duen eragina bertatik bertara ikusteko. Baserrian zain zituzten esne behien ustiategia kudeatzen duten Jon Tejeriak eta Eider Arozena.

Foru Aldundiak ohar bidez adierazi duenez 1,1 milioi euro bideratuko ditu Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) jotako Gipuzkoako abeltzaintza sektorerako aparteko laguntzetara: "Izan ere, nahiz eta deialdi honetan aurreikusitako hasierako zenbatekoa 400.000 eurokoa izan, jasotako eskaeren kopuruak nabarmen gainditu du zenbateko hori, eta, ondorioz, Diputatuen Kontseiluak 710.000 euroko gastu gehigarria onartu zuen joan den asteartean, hilak 19, egindako bileran".

Gaixotasun hemorragiko epizootikoa (GHE) gaixotasun biriko infekzioso ez-kutsakorra da, intsektuen ziztadaren bidez transmititzen dena (Culicoides spp.). Gaixotasuna ez da kutsakorra gizakientzat

Eider Mendoza diputatu nagusiak horrela argudiatu zuen erabakia: "Neurri honek aukera emango digu jaso ditugun eskaera guztiei erantzuteko, eta jarduera horretan aritzen diren pertsonekin dugun konpromisoa berresten du, gure ustez, jarduera hori funtsezkoa baita Gipuzkoaren orainaldirako eta etorkizunerako, bai eta gure ekonomia-, gizarte-, lurralde- eta ingurumen-orekarako ere".

Aparteko laguntza deialdiak bi konpentsazio lerro ditu: bata, animalien heriotzarengatik konpentsatzeko, eta bestea, behin gaixotasuna gaindituta, haien ekoizpen eta/edo ugalketa egoeran izandako ondorioengatik konpentsatzeko. Diputatuen Kontseiluak joan den urriaren 24an onetsi zituen laguntzak, eta azaroaren 27an amaitu zen eskaerak aurkezteko epea. Lurralde Oreka Berdeko departamentua laguntzak banatzeko izapideak egiten ari da gaur egun, urtea amaitu baino lehen ordaintzeko asmoz. 

Aldundiak, ohar bidez adierazitakoaren arabera, "deialdia abian jarri aurretik, erabaki zuen animaliei gaixotasunari aurre egiteko aplikatzen zaien larrialdiko tratamenduaren % 100 ordaintzea". Irailaren 5ean detektatu zen lehen aldiz birusa Gipuzkoako behietan, eta gaixotasuna azkar hedatu zen lurralde osora. Gipuzkoan 900 ustiategi baino gehiago izan dira kaltetuak, estimazioen arabera. Azken asteetan ia ez da kasurik erregistratu eta ez da heriotzarik izan.

.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!