"Larraul eta bertakoen bizitasuna agertzea eskatu zidaten"

Xabier Lasa 2024ko urt. 13a, 08:57
Unai Sorarrain bideogilea, ikus-entzunezkoa Herri Eskolaren jaiaren baitan estreinatu eta gero, abenduaren 22an.

"Naturaz gozatu, naturan biziz" leloa izanik, Larraulgo herriaren eta herritarren izaera hitzez eta irudiz agertzen duen ikus-entzunezkoa egin du Unai Sorarrainek. Herri Eskolaren jaian egin zuten aurkezpena, abenduaren 22an.

Larraulgo Udalak, Herri Eskolarekin, Herri Ostatuarekin, Guraso Elkartearekin eta Nomad Studioarekin elkarlanean egindako ikus-entzunezkoa da; hiru minutuko iraupena du, eta zabalduta dago youtuben, jada. Bideogintzaren ofizia ondo ikasita daukan Unai Sorarrain alkizarra da egilea, eta berak eman dizkigu ikus-entzunezkoaren gaineko azalpenak. 

Zer transmititu nahi du ikus-entzunezkoak?

Larraulgo herriaren eta bertako herritarren bizitasuna eta nortasuna internetez zabal zedin bideo muntai bat egiteko eskatu zidaten, hots, hainbat balio (bizibideak, natura, herri eskola, museo etnografikoa, era guztietako baliabideak..) laburbilduko lituzkeen ekoizpen bat, eta ideia nagusi horri heltzen saiatu naiz. 

Esango nuke Larraulen “marketina egiteko ekoizpen edo erakusleiho duina eta eraginkorra izan daitekeela, are gehiago teknologia berriekin kontsumo azkarrera ohitu garen garai hauetarako. Alde horretatik, asmatu dudan ala ez, ikusleek, eta batik bat larrauldarrek esan beharko dute, ea bertan islatuta sentitzen duten euren burua! Herri Eskolak abenduaren 22an egin zuen jaian estreinatu zen, harrera polita egin zioten ikusleek, eta pozik nago. 

Aldameneko herrikoa zara, alkizarra. Zerk harritu zaitu Larraul herritik eta herritarretik, ezagutzen ez zenuena?

Larraulgo herriaren eta herritarren bizimoduan sakontzea egokitu zait, eta benetan adierazi behar dut harridura eragin didala. Zenbateko bizitasuna daukan herriak, nahiz 260 biztanle besterik ez eduki! Natura eta tradiziora itsatsita bizi den herria da, baina era berean, balore modernoak bere ederki asko egin dituen herri bat da. Herri Eskolako irakasleek eta ikasleek guraso eta herritarrentzat egin zuten antzerki ikusgarria, irudimentsua eta graziaz beterikoa izan daiteke bizitasun horren isla aproposa. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 640 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!