Mikroipuin lehiaketako sari-banaketa, otsailaren 23an

Aiurri 2024ko ots. 13a, 12:37
2020ko Mikroipuin lehiaketako sari-banaketa ekitaldia.

2019an abiarazi zuten Larraulgo Mikroipuin lehiaketa. Dagoeneko, beraz, bosgarren ediziora iritsi da. Aurtengoa ere abian da eta otsailaren 23an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Larraulgo liburutegian

Ipuin laburra eta ilustrazioa; bi elementu horiekin osatutako lanak aurkezten dituzte lehiaketara. Larrauldarrei zuzenduta dago deialdia eta adinen araberako lau maila ezberdinetan antolatu izan dute orain arte; 2014-2015 urteetan jaiotakoak, 2011-2015 urteetan jaiotakoak, 2009-2020ekoak, eta 2006-2008 urtean jaiotako gazteak. 

Aurtengo edizioak berrikuntza nagusi bat izango du, izan ere, 2005etik atzera jaiotako herritar guztiei eman baitzaie parte hartzeko aukera. 200 hitz baino gutxiagoko testua eta ilustrazioa aurkeztu behar izan dute azken hauek. 

Epaimahai herrikoia

Sariketako epaimahaia hiru herritar anonimoz osatuta dago eta arlo ezberdinak izango dituzte kontutan lanik onenak zeintzuk diren erabakitzeko garaian: batetik hizkuntzaren erabilera aberatsa, bestetik narrazioaren egitura egokia edota ilustrazioaren eta testuaren bateratze maila, besteak beste. Urtarrilaren 19an amaitu zen mikroipuinak aurkezteko epea eta, epaimahaikideak euren lanean ari dira dagoeneko. 

Larrauldarrak protagonista

Esan bezala, larrauldarrei zuzendutako deialdia da honakoa. Hamabost parte-hartzaile inguru izaten ditu urtero, baina aurten deialdia zabalagoa denez, parte-hartzaile kopurua ere handitu daiteke. Sorkuntza lanean hasita, egile bakoitzak bi lan aurkez ditzake gehienez eta, idazlanarekin batera, testuari lotutako ilustrazioa ere aurkeztu behar da. Sorkuntza literarioari, sorkuntza plastikoa gehitzen zaio beraz, Larraulgo lehiaketan.  

Aurtengo gaia: koloreak

Ibilbide polita egiten ari da Larraulgo Mikroipuin lehiaketa. Dagoeneko bosgarren ediziora iritsi da eta bere tokia hartu du Larraulgo idazle gazteen agendan. Aldaketa txiki batzuk ere izan dira urte hauetan. Esaterako, lehen edizioan gai librean aritu ziren idazle gazteak. Ondorengo urteetan, ordea, antolakuntzatik proposatutako gai jakin baten inguruko testuak sortu behar izan dituzte parte-hartzaileek. 2020an xomorroen inguruan aritu ziren, 2021eko edizioan aldaketa klimatikoaren inguruan, 2022an beldurra izan zuten gai nagusi eta aurtengoan, koloreak gaitzat hartuta idatzi dute sortzaileek.

Sariketa, otsailaren 23an

Ipuin idatziarekin batera ilustrazio bat ere aurkeztu behar denez, sari ezberdinak banatzen dituzte. Batetik, kategoria bakoitzeko lehen eta bigarren sariak banatzen dituzte eta horrez gain, ilustraziorik onenaren saria ere ematen da. Opari txekea eta diploma etxeratuko dituzte maila bakoitzeko lehen eta bigarren saridunek, sari bera eskuratuko du kategoria bakoitzean ilustrazio bereziena aurkezten dutenek ere. 

Aurtengo sari-banaketa ekitaldia otsailaren 23an, egingo da, ostiralarekin, Larraulgo Udal liburutegian. Arratsaldeko 18:00etan ekingo diote saioari eta, aurreko edizioetan bezala, aurtengoa ere berezia izango da. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari usurbildarra izango da saioaren gidari nagusi. Giroa berotzen joateko, ipuina kontatuko du Agirresarobek eta ondoren, berea izango da sariak banatzearen ardura ere. 

Ahozkotasuna

Ekitaldia amaituta, heldu, gazte zein haurrek ahozkotasuna lantzeko ipuin-tailer baten parte hartu ahal izango dute. Ixabel Agirresarobek berak gidatuko du saioa. Familia giroan tarte ederra igarotzeko aukera izango dute gerturatzen direnek eta ostiral arratsaldea borobiltzeko, txokolotada eskainiko zaie parte-hartzaileei nahiz ekitaldira gerturatzen diren guztiei. 

 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 642 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!