Gure Plaza Txo!, Larraulgo gazteen topaleku

Ainhoa Gil 2024ko ots. 19a, 08:32
Alaitz Iturzaeta ari da Larraulgo nerabeen dinamizatzaile lanetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiako Gazteria Sailak eta bederatzi udalerri txikik abiarazitako proiektua da 'Gure Plaza Txo!'. Gazte eta nerabeen aisialdia osatzea eta haien parte-hartzea sustatzea ditu helburu nagusitzat

Gaztematika sarean sartuta dauden bederatzi udalerri txikik parte hartzen dute 'Gure Plaza Txo!' ekimenean. Aiztondo bailaran, Larraul herriak eman zuen ekimean aritzeko pausoa, eta bertako gazteek hainbat ekimen antolatu dute dagoeneko. 

Abian da ekimena. Alaitz Iturzaeta da Larraulgo gazteen dinamizatzailea, eta herria hobeto ezagutzea izan zen bere lehen egitekoa. "Herriko baliabideak eta dinamikak aztertu ondoren, gazteak ezagutzea izan zen hurrengo pausoa. Deialdia zabaldu genuen eta, bilerak antolatu genituen, bai gazteek ekimenaren berri emateko, baita gurasoak jakinaren gainean jartzeko ere. Hortik aurrera, martxan jarri ginen eta gustura ari gara", azaldu du.

Hitzorduak, plazan

Gure Plaza Txo-k ez du elkargune jakin bat. Plazan elkartu ohi dira euren bileratxoak egin eta antolaketa lanak egiteko. "Ekitaldiren bat egin ahal izateko azpiegituraren baten beharra badugu, udalari eskaera luzatzen diogu. Fronteniseko txapelketa egiteko, altxorraren bila, poltsen tailerra... udalak dituen azpiegiturak uzten dizkigu. Pizza tailerra egiteko herriko elkarteari ere luzatu izan diogu eskaera. Nerabeek aurrez pentsatu behar izaten dute zer behar duten nahi duten hori garatu ahal izateko, eta eskaerak idaztea ere euren ardura da". Beharraren araberako maiztasunez elkartzen dira: "Ekitaldi batzuek antolaketa handiagoa eskatzen dute eta maizago elkartzen gara, astean behin normalean. Beste bolada batzuetan bi astez behin elkartzearekin nahikoa izaten dugu. Nerabeek ekintza asko izaten dituzte bestela ere, eta haien arabera ibiltzen gara. Whatsapp taldea dugu sortua eta han adosten ditugu hitzorduak". 

Herriko eragileekin koordinatzea, komunitatean parte hartzea, kultur agendan esku-hartzea... dituzte aurtengo helburu nagusi. "Horrez gain, ekimenean dabiltzan bederatzi herrien arteko futbol partidak antolatu ditugu. Ez da irabazlerik izango. Elkar-ezagutzeko eta harreman berriak egiteko aitzakia izango da futbola. Arrakasta polita izan du ekimenak gazteen artean", azpimarratu du Alaitzek. 

Udako oporretan, Eguberrietan, Aste Santuan... eskaintza berezia izaten dute. "Egunpasak egiten ditugu, herritik kanpora... Scape roomera, paint ball-era, igerilekura, mendi ibilaldia egitera... gauza ezberdinak egiten ditugu".

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 642 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!