Azalduko al diguzu nor zaren?
Barne-diseinatzaile ikasketak egin nituen. Ikasketak amaitu ostean arlo horretan jardun nintzen lanean eta egin ditudan azken ikasketak, kultur-kudeaketari dagozkionak dira. Artisaua ere banaiz eta ikastaro desberdinak egin izan ditut. Kultur arloan interes handia daukat eta herri txiki batean lan egiteak aukera ematen du askotariko gaiak jorratzeko. Larraulgo kultur teknikari izateak nire interes eta ikasketekin lotura duenez, bertan ekin diot lanari.
Ilusioz hasi al duzu bide berria?
Egia esan, bai. Herria dinamizatzen ahalegindu nahi dut. Herri txikietan belaunaldi arteko lotura gertuago ematen dela ikusten dut. Larraulen, oraindik, etxe askotan aiton-amonak, gurasoak eta bilobak bizi dira elkarrekin eta hori asko interesatzen zait. Eskolan ere adin desberdinetakoak ikasgela berean daude, eta hor beste dinamika batzuk ematen dira.
Zeintzuk dira zehazki zure funtzioak?
Liburuzaina naiz eta horrez gain berdintasun gaiak, euskara eta kirola arloak ere jorratzen ditut. Denetik egiten dut. Azken finean, Udaleko komunikazioa ere nire gain dago... eskuko telefonoa etengabe joka aritzen da.
Aurki Sanestebanak ospatuko dira herrian.
Urtean zehar bilerak egiten aritu dira eta egitaraua bideratuta zuten ni lanean hasi nintzenerako. Ekintza batzuk jada loturik zeuden baina beste batzuk ixteaz arduratu naiz. Herritar talde bat aritzen da guztia antolatzen eta haiekin batera eta Arrate Iturberen laguntzarekin aritu naiz.
Berrikuntzarik ba al dago?
Gazte kanpaldia egingo da berriro, baina aurtengo proposamena gazteen eskutik dator. Izan ere, kanpaldia herritarrei irekiko zaie. Nerabeek antolatzen dute eta gainerako herrikideei zabalduko zaie kanpaldian afaldu eta bertan lo egiteko aukera. Afaria norberak eraman beharko du. Ondoren, bingo musikatua eta mahai-jolasak egiteko asmoa dute. Oraindik ez dago erabat lotua baina hori izango litzateke proposamena. Azken urteetan frontoian egin dute lo, aurten belazean lo egiteko eskaera egin dute.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 653 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.