Ikaskoli Zuberoako ikastolen aldeko saskiak banatzen dituzue Tolosaldeko eskualdean. Zein da Zuberoako ikastola hauen gaur egungo egoera?
Hegoaldeko derrigorrezko bigarren hezkuntza, DBH esaten zaiona, han Lizeoa da eta euskaraz egiteko leku bakarra Sohüta herrian da. Behe Nafarroan, Larzabalen dago aukera.
Zuberoan hiru ikastola daude eta hiru hauetan lehen hezkuntza bakarrik egin dezakezu, LH osoa.
Dirudienez, geroz eta jende gehiago apuntatzen da euskaraz ikastera baina laguntzak urritzen ari zaizkie. Zuberoako egoera hurrengoa da: hezkuntza arloan apustu didaktikoa estimatua da, onartua da, baina zailtasun handiak daude. Finantziazioan, ez dute laguntzarik jasotzen ikasleria handitzen doan heinean. Orduan, behar ekonomikoak handitzen doaz. Paradoxikoa da; geroz eta guraso gehiagok eraman haurrak euskaraz heztera, geroz eta laguntza handiagoa behar dute.
Ikastolek hein batean, euskararen transmisioa bermatzen dute. Zuberoako etxeetan transmisio falta al dago?
Bai, han utzikeria egon da. Beraientzat oraindik frantsesa da gauzarik garrantzitsuena. Zerbitzu publiko bat jasotzera joaten direnean euskarak ez du hemen adina leku. Kontzientziari erreparatuta; azkeneko bozkak oso eskuinekoak atera zirela kontuan hartu beharra dago.
Euskararen transmisioa folklorearekin lotu dute asko, horregatik etxeetan asko galdu da. Hemen gazte-txokoak, gaztelekuak, bertso eskolak..., dauden bezala, han ez dago horrelakorik eta transmisio naturala galdu egin da. Indar handiarekin mantendu dira maskaradak, pastoralak eta herriko dantza eta antzerki taldeak, baina ez dira lotzen euskararekin. Hemen, gauza asko lotzen ditugu euskararekin. baina han ez, han beraien transmisioa kulturala izan da eta hizkuntza ez hainbeste, euskara bigarren lekuan geratzen da.
Saskiekin lortutako dirua euskara hauspotzeko helburuarekin erabiliko dute. Ba al dakizu egitasmo zehatzik abiaraziko ote duten?
Diru horrekin ordaintzen dira ikastolen gastuak. Administraziotik iristen ez den hori guztia jartzen da, gurasoek esfortzu gutxiago egin dezaten. Saskiekin ateratzen den diruak erabilera asko izan ditzake: ikastolak pintatzeko, irakasleak ordaintzeko edo garbitzaileak ordaintzeko...
Lehen hezkuntza den bitartean, diruz hortxe-hortxe ibiltzen dira, baina Lizeora iristen diren garaian asko murrizten da diru kopurua.
Iaz 2.200 saski saldu ziren orokorrean. 2003tik lortutako kopururik handiena da.
Hala da. Guk Tolosaldean banatzen dugu eta aurten iaz baino gehiago saldu dugu. Zuberoan antolatzeko gaitasun justua dute, mantsoago ibiltzen dira eta ez daukate saiatzeko kemena ere. Garai berean, gainera, Errigorako saskiak saltzen dira hegoaldean eta horrek ere eragiten du. Zuberoan 13.000 biztanle dira, 3 ikastola daude eta ez dira gai gehiago egiteko; dutenarekin konformatzen dira. Hala ere, aipatzekoa da, urtero pixka bat gehiago saltzea lortzen dutela. Onarpena eta errekonozimendua dago saski hauen atzean, guk adibidez, gure erosle guztiei mezua idazten diegu saldutako saskien emaitzak bidaliz. Oso gardena eta garbia da. Hemendik mezua zabaldu nahiko nuke, zure herrian saskiak banatzen hasi nahiez gero, edo saskia erosi nahiez gero idatzi: atxega@buhameak.eus-era.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 661 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.