Eskola txikia izanagatik, bihotz handikoa da Larraulgo Herri Eskola. Bada, bertako sei ikaslek proiektuaren iraganaz, orainaz zein etorkizunaz hausnartzeko dokumentala ondu dute: Amel Alcalde, Jakes Aramburu, Elene Azkue, Nahia Barandiaran, Oinatz Mujika eta Mael Sanchez. Beren jakin-minetik osatu dute ikus-entzunezkoa, eskola-komunitatearen kide diren edo izan diren ikasleei, irakasleei zein gurasoei galdetuta, baita udal ordezkariei ere. Guztientzat eskuragarri ipini dute, orain, "Eskola txiki, bihotz handi" dokumentala, larrauldarrek zein inguruko herrietako bizilagunek goza dezaten.
Noren eskutik iritsi zitzaizuen dokumentala egiteko proposamena?
Irakasleek proposatu ziguten proiektua egitea, Gabonetako emanaldirako. Aurreko urteetan, beste mota bateko ikuskizunak egon izan dira: kontzertuak, antzerkiak... Oraingoan, dokumentala. Horrelako zerbaitetan parte hartzen dugun lehen aldia da. Egia da bideo txikiak egin izan ditugula, baina orain egin duguna bezalakorik ez.
Zenbat denbora hartu du dokumentala egiteko prozesuak, hasieratik bukaerara?
Guztira, hiru hilabete izan dira, gutxi gorabehera, eta eskola orduetan egin dugu. Hasieran, gidoia pentsatu genuen, eta dena prestatu, nori galdetu, zer galdetu... Hiru multzotan banatu genituen galderak: iragana, orainaldia eta etorkizuna. Gero, deiak egin genituen, elkarrizketak grabatzeko. Eskola zaharrekoak, gurasoak, ikasle ohiak, irakasleak... Jende askorekin bildu gara!
Irakaspenik atera al duzue dokumentala grabatu bitartean?
Eskola zaharrari buruz gehiago dakigu orain, informazio gutxi zegoen eta. Bideo-muntaketak egiten ere ikasi dugu.
Interesa duenak non ikus dezake “Eskola txiki, bihotz handi” ikus-entzunezkoa?
Eskolako web orrialdean eta Aiurrin dago aukera ikusteko.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 664 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.