"Musika harmonikoa eta melodiotsua sortzea gustatzen zait"

Ainhoa Gil 2025ko mar. 23a, 07:00

Larraul eta Adunako ostatuetan eta Asteasuko Iturriondo tabernan eskura daiteke Martin Aginalderen piezekin osatutako diska. Aiurri

Hamasei urterekin hasi zen Martin Aginalde soinua jotzen ikasten. Eleuterio Tapiaren eskutik ikasi zituen lehen piezak, eta laster heldu zion berriak sortzeari. Azaroan kaleratu zuen diska berria

Larraulgo Elizalde baserrian jaio zen Martin Aginalde. Han ikasi zuen soinua jotzen, Eleuterio Tapiak erakutsita, eta bertan eman zituen lehen eskolak ere. Musika da bere pasioa eta, diska berria plazaratu zuen azaroan, 'Martin musikariekin, arima astintzen' izenburupean. 

Noiz hasi zinen soinua jotzen?

Hamasei urte nituela, aitak ekarri zidan lehen soinua, Eleuterio Tapiari erosita. 5000 pezeta ordaindu zuen lehen soinu hura. Eleuterio Tapia bera izan nuen irakasle. Solfeorik ez nuen ikasi, baina behatz azkarrak izan ditut beti, eta azkar ikasi nituen piezak. Bolada batean, Eleuterio bera joaten zen piezak ikastera, gero niri erakutsi ahal izateko. 

Pieza berriak entzun eta belarriz ateratzeko abilezia ere banuen, eta laster hasi nintzen horretan. Grabagailu txiki bat erosi nuen eta erromeriatara joaten nintzen, piezak ikasi ahal izateko grabaketak egitera. Ikasitako pieza horiei moldaketa txikiak egiten hasi nintzen geroago, nire gustura egokitzeko. 

Ama zenarengadik etorri zitzaidan musikarekiko sena. Aizarnakoa zen ama, Egañazpi baserrikoa. Hamabi senide ziren eta etxe hartan musika zegoen. Egañazpi panderojolea, esaterako, osaba nuen; harekin atera nuen lehen txapela.  

Euskal Herriko trikitixa txapelketan garaipena lortu zenuen beraz...

Bai, bi txapela eskuratu nituen. Lehen aldiz parte hartu nuenean, ez ninduen inork ezagutzen eta harrituta utzi nituen guztiak. Nik sortutako fandango batekin joan nintzen eta nahiko berritzailea izan zen. Bi txapela horiekin oso harro eta gustura nago. Hortik aurrera, ehunka plaza, ezkontza eta ospakizunetan jo nuen soinua.

Aurrerago, zenbait berrikuntza ere sartu nuen. Esaterako, soinu kaxa erosi nuen eta pieza ezberdinak jotzeko aukera eskaintzen zidan horrek. 

Azaroan kaleratu zenuen disko berria. Zer aurkituko dugu bertan?

Nik sortutako piezak dira guztiak, eta lagun ezberdinak izan ditut aldamenean. Jon Ansorena txistuarekin, Iker Telleria perkusioan, Gurutz Bikuña gitarra akustikoarekin, Joanes Ederra baxuan, eta Olaia Toralen ahotsa. 

Hamabi pieza batzen ditu diskoak, estilo ezberdinetakoak. Soinuaren presentzia nabarmena da guztietan; baita beste musika-tresna eta ahotsarena ere. Gustura geratu naiz emaitzarekin.

Zuk sortutako piezak bildu dituzu diskoan. Nolakoa izaten da zure sorkuntza prozesua?

Doinuak sortzen ditut lehendabizi. Musika harmonikoa sortzea gustatzen zait eta nahi dudan soinua lortzen dudanean, erraz ateratzen zaizkit piezak. Musikak berak erakusten dit nondik joan behar dudan. Nolanahi ere, ez da erraza soinu diatonikoarekin doinu harmonikoa lortzea. Izan ere, tekla bakarrak bi nota jotzen ditu; soinuaren  hauspoa irekitzean nota bat, ixtean beste bat. Ezaugarri hori dela eta, eten txikiak sortzen dira doinuan; zaila da jarraikortasuna ematea. Horixe izaten da nire obsesioa; soinuari jarraikortasuna ematea eta doinua melodiotsua eta harmonikoa izatea. Lortzen dudala esango nuke. Ez dut solfeo ikasketarik egin, baina harmonia horren beharra sentitzen dut. Belarrira ondo sartzen den musika lortu nahi izaten dut. Nahi dudan hotsa lortzen badut, sormenerako bidea irekitzen dit eta sortu egiten zait doinua; paradisua da hori niretzat. 

Musika sortutakoan, letrak egitea izaten da hurrengo pausua. Xabier Euzkitze laguna dut, eta hark sortu dizkit diska honetako letrarik gehienak. Nik gai ezberdinak proposatu nizkion, eta hark sortzen zituen letrak. Hurrengo diska prestatzen hasiak gara eta Euzkitzek berak idatziko ditu zenbait kantutako letrak, baina aldatu egingo dugu lanerako modua. Gai librean egingo ditu oraingoak, berak hala eskatuta. Bere sormenetik abiatuko da zuzenean, gai zehatzik proposatu gabe.  

Piezak sortuta, grabaketan murgiltzea egokitzen da. Zer moduz joan zen?

Nahiko prozesu azkarra izan zen grabaketa bera, bi edo hiru astetakoa. Ondoren, masterizazioa egin zioten teknikariek eta azalaren diseinua horretan aditu direnek. Ez nago lan hauetara ohituta, eta uste baino luzeago joan zen. Azkenik, azaroa inguruan lortu genuen diska eskuartean izatea. 1000 ale eskatu genituen, eta horietatik 700 salduta ditugu dagoeneko eta pozik gaude erantzunarekin. Ahoz ahokoaren bidez zabaldu da diskaren berri. Aduna eta Larraulgo ostatuetan salgai daude, eta baita Asteasuko Iturriondo tabernan ere. Elkar dendatan ere aurki daiteke diska. Urte asko daramat diskarik atera gabe eta eszenatokietan agertu gabe, baina jende askoren artean oso ezaguna da Martin soinujolea, eta harrera ona izan du diskak. 

Ez dugu diskaren aurkezpen ofizialik egin, ezta kontzerturik eskaini ere. Hamabi kantu ez dira nahikoak kontzertu bat osatzeko eta horregatik erabaki dut epe laburrean beste diskoa ateratzea. Bi diskoetako kantuekin ondo osatutako kontzertua eskaintzeko moduan izango gara eta orduan izango da egindakoa eszenatokietan erakusteko momentua. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 667 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!