"Kolekzio etnografiko aberatsa du museoak eta pieza gehienak herritarrek utzitakoak dira"

Aiurri 2025ko mai. 27a, 07:17

Erakundeetako ordezkariak, herrikideekin batera, Museo Etnografiko berrituaren aurkezpen-ekitaldian. aiurri

Garai bateko bizimoduaren ondarea biltzen da Larraulgo museo etnografikoan eta, egun, Larraulek bisitariei eskaintzen dien gune ezagunena da. Berriki, eraberritze lanak amaitu dituzte. Aurkezpen-ekitaldia egin zuten aurreko astean

Herri ekimena funtsezkoa izan da museoaren garapenean. Ondarea jaso, zaindu eta erakusteko lan eskerga horri aitortza zuzena egin zioten aurkezpen-ekitaldian. "Larraulgo Ekomuseoak ondare baliotsua du, baserriaren inguruko kolekzio etnografiko aberats bat izateaz gain, pieza gehienak herritarrek utzitakoak dira. Larrauldarrek sortua eta larrauldarrekin berritua, txikia izanagatik ez garrantzi gutxikoa, bihotza eta arimaduna, herritik sortua eta mundura irekia".  Eraberritze-lanetan hainbat erakundek parte hartu du. Maite Arana Larraulgo alkatea, Andu Martinez de Rituerto Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria, Koldo Jauregi Ekomuseoaren sustatzailea, Jackes Agirrezabal Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako Sailburuordea... ordezkaritza zabala elkartu zen  hedabideen aurrean egindako agerraldian. 

Sarbide telematikoa

Teknologia berriei esker, webgunetik sarrera erosi eta modu autonomoan bisitatu ahal izango da aurrerantzean. Webguneak, esan bezala, sarrera erosteko aukera ematen du eta erreserba egun eta orduarekin batera, kode bat helaraziko dio bisitariari, museoko atean bertan sartu eta irekiko duena. Hori da eraberritze lanen atal aipagarriena. Baina ez da bakarra. Segurtasuna bermatzeko sistema ezarri da, argiztapena berritu dute eta informazio panelak ere berritu egin dituzte. Tolosaldeako Garapen Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu dute egitasmoan, eta finantziazioa Next Generation funtsetatik irisi da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!