"Hogeita seigarren aldiz jaitsiko da aurten Pello Joxepe"

Ainhoa Gil 2025ko uzt. 30a, 08:10

Koldo Jauregik sortu zuen jaien hasiera iragartzen duen Pello Joxepe.

Hainbat ekimenetan parte hartu izan du Koldo Jauregi larrauldarrak eta, gaur egun ere ez dago geldirik. Aurten ere berak jaitsiko du Pello Joxepe, Larraulgo jaiei hasiera emateko.

Pello Joxeperen jaitsierarekin hasiko dira festak Larraulen. Noiz sortu zen pertsonaia hori? 

Duela hogeita bost urte hasi ginen. Gasteizko Zeledon-en jaitsiera ikusita sortu zitzaidan ideia. Ordura arte, txupina botatakoan amaitzen zen hasierako ekitaldi hori eta, beste zerbait gehiatzea egokia izango zela bururatu zitzaidan, saltsa pixka bat sortzeko. Pello Joxepe bertakoa izanda, polita iruditu zitzaidan pertsonaia hori sortzea. Herritar batzuen artean osatu zuten panpina eta, hobekuntza batzuk egin ondoren, gaur egun erabiltzen dugun panpina finkatuta geratu zen. Geroztik, beste herri askotan hasi ziren gisa honetako pertsonaiak sortzen; sorgina, kukua...

Ekitaldia antolatzen jarraitzeko erreleborik ba al dago?

Aurtengoa nik egingo dut, baina gustatuko litzaidake ardura hori beste norbaitek hartzea. Gustora erakutsiko nioke zer eta nola egiten dudan eta zerbait aldatu nahi bada ere aurrera, noski. Erraz egiteko ekitaldia da, eta polita.

Jaien aurretik egiten dugu beharrezko montaia. Herri-langilea aritzen da horretan eta ni ere bertan izaten naiz, ahal dudan guztian laguntzeko prest. Kablea jartzen da kanpandorretik plazaraino eta hari lotuta jaisten da Pello Joxepe. 

San Esteban jaietako egitarauari begira jarrita. Zein ekitalditan ez duzu hutsik egingo?

Ez naiz oso festazalea, baina asko gozatzen dut San Esteban eguneko hamaiketakoan. Herritarrak elkartu eta kontu batzuk esanez gozatzeko momentua izaten da. Gainerantzean, Pello Joxeperen jaitsieran eta beste ekitaldiren batean edo bestean izango naiz, baina ez naiz bereziki parrandazalea. Beste zaletasun batzuk ditut eta haiei ematen diet denbora gehien. 

Kontaiguzu... zein ekimen duzu orain eskuartean?

Lurpeak garbi proiektuan ari naiz, buru-belarri. Leizezuloetara sartu, eta garbiketa lanak egiten ditugu. Nire kasara hasi nintzen, baina jende ezberdinarekin elkartu, eta taldetxoa osatzea lortu genuen. Bost kide gabiltza egun: espeleologoak eta jakinduria handia duen jendea, tartean. Sherpa deitzen didate niri taldean, kobazuloak bilatzen ibiltzen naizelako.  Ez dago pentsatu ere egiterik zenbat hondakin dagoen kobazuloetan. Ateratako zikin guztiak ikusgai jarri izan ditugu zenbait herritan eta grabaketak ere egiten ditugu; horiek ikusten dituen jendea harrituta geratzen da. Garrantzitsua da lan hori egitea eta jendeari erakustea. Kobazuloetatik pasatzen den ura edateko edo animaliei emateko erabiltzen dugu askotan, eta ez dugu pentsatu ere egiten hondakinen artean ibilitako ura dela. Zikinkeria handia dagoenean auzolanean ere egiten ditugu garbiketa lanak. Foru Aldundiak ere babesten du gure lana. Bestela ere, mendira joaten naizenean, bidean aurkitzen dudan zaborra biltzen joaten naiz. Ez da batere kostatzen.

Gainerantzean, nire zaletasunei eusten diet. Mendira joan, antzinako tresnekin azokara joan... Urte asko daramat antzinako tresnen inguruan. Gozatu egiten dut horrekin. Azken boladan, gainera, filma bat baino gehiagorako eskatu izan dizkidate tresna eta objetuak. Zein garaitako istorioa kontatu nahi duten azaltzen didate eta, nik objetuak prestatu egiten dizkiet. Aukeraketa egiten dute, eta filmarako eraman. Urtean bi edo hiru filmetarako objetuak prestatzen ditut azken urteotan. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 675 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!