Larraulgo plaza txiki geratu zen atzo arratsaldean. Eñaut Urkaregi Sanz txirrindulari gaztea omendu zuten bertaratu zirenek. Bertan ziren herritarrak, txirrindularitza munduko ordezkariak, udaleko kideak, gaztearen etxeko eta lagunak...
Xabier Usabiagak gidatu zuen ekitaldia eta hainbat une hunkigarri utzi zituen.
18 urte ditu Eñaut Urkaregik eta Apeldoornen (Herbehereak) lehiatu berri diren Munduko Pistako Junior Txapelketan madison probako txapeldun eta bakarkako jazarpen probako azpi-txapeldun izan da. Estatuko bi marka hautsi ditu gainera txirrindulari gazteak; taldekako jazarpenean eta bakarkako jazarpenean.
Etorkizun oparoa du gazteak txirrindularitzan. Datorren denboraldian Lidl Trek taldearekin arituko da.
Eskualdeko beste txirrindulari gazte bat ere omendu zuten atzo. Izan ere, Munduko Pista Junior Txapelketan Izaro Etxarri Aranburu adunarra ere aritu da, madisonean bosgarren postua lortuta. Adunarra ere gogoan izan zuten atzoko ekitaldian.