2023an sortu zen Lurpea Garbi elkartea, baina aurrez ere lanean arituak ziren inguruko hainbat koba eta leizetako garbiketa lanak egiten. Kobak ikusi, egoera aztertu, eta garbiketak egiten dituzte. Larraulgo leizezulo batean pasa dituzte azken asteak. Elkarteko kiden den Uxoa Lasa espeleologoak azaldu duenez, "Larraulgo kobazuloa berezia da, erabat bertikala delako eta horrek lanak beste era batera bideratzea eskatu du. Beharrezkoa zen profesionalak aritzea. Gu ere, bertan izan gara lanek iraun duten bitartean eta horrez gain, bitartekari lanak ere egin ditugu. Bertikalan enpresako kideak aritu dira lanak egiten. Aseguru bereziak behar dira horrelakoetan, eta hori ere bideratzen aritu gara. Gainerantzean, Larraulgo Udalaren eta Foru Aldundiaren arteko paper kontuetan ere lagundu dugu. Ez dago enpresarik horretan aritzen denik". Larraulgo esperientziak protokoloak finkatzeko balioko du, "hurrengo garbiketatara aplikatu ahal izateko".
Elkartearen egitekoak
Lurpea Garbiko kideak euren kabuz hasi ziren lanean duela zenbait urte mendian eta kobetan aurkitzen zituzten zabortegiak garbituz. Laster sumatu zuten elkartea sortzeko beharra. Inma Mugertza hidrogeologian doktorea, Eneko Agirre biologoa, Angel Navas espeleologoa, Koldo Jauregi mugetan aditu larrauldarra eta Uxue Lasa espeleologoa dira elkarteko kide. "Gure lanaren zati handi bat bilaketa izaten da; mendira joan eta txoko ezberdinetan barrena ibiltzea, leizezuloak bilatuz. Kobazulo horietara sartzen gara, bertan egon daitezkeen hondakinen estimazioa egiteko". Herriz herri ere ibiltzen dira hitzaldiak ematen. "Modu horretan, egoera azaltzeaz gain, herritarren ahotik jasotzen dugu informazio asko. Eskoletara ere joaten gara, kobazuloetan hondakinak egoteak duen eraginaren inguruko azalpenak ematera. Ondare arkeologikoa izaten dute askok, ondare naturala noski, eta, kobazulo askotatik ura pasatzen da. Hondakinak badaude, ura kutsatu egiten da. Pilak, bateriak, hildako animalien arrastoak..., denetarik aurkitzen dugu kobazuloetan eta hortik pasatzen den ura kutsatuta geratzen da".
Ardurak
Ez da erraza izan zikinduta dauden kobazuloen garbiketa noren ardura den zehaztea. "Normalean, lur barruak ez du jaberik, beraz, ez zegoen oso garbi norena zen garbitzeko ardura. Azkenean, Foru Aldundiak erabaki du udalei dagokiela lan horiek egitea. Aldundiak dirulaguntzak jartzen ditu. Izan ere, udal txikientzat ez da erraza horrelako gastuei aurre egin ahal izatea".
Hainbat kobazulo hondakinez beteta daude eta egoera horren aurrean, Uxuek ez du errudunik markatu nahi: "Larraulgo leizezuloaz ari garenean, adibidez, bertan agertu den hondakin gehiena zaharra da. Garai batean, herri txiki askotan ez zen hondakin bilketa zerbitzurik egoten eta herritar bakoitzak ahal zuen moduan aurkitzen zion irtenbidea arazo horri". Guztira 80 zaku hondakin atera dituzte Larraulgo kobazulotik, 8000 kg. inguru. "Kopuru ikaragarria da, eta ez da ohikoa hainbeste kilo topatzea. Egitura oso bertikala du leizeak eta, menditxoa osatuta zeuden hondakinak".
Gizartearen aldaketen islada
Zaborrik zaharrenak txatarra, botilak eta hildako animaliak izaten dira, berrienak berriz plastikoak, pilak, bateriak, antibiotikoak... "Gure gizartearen eboluzioa ikusten da zabor motak aztertuta. Zalantzarik gabe, gaur egungo hondakinek antzinakoek baina askoz ere gehiago kutsatzen dute. Pila bakar batek, esaterako, 9000 litro ur kutsa ditzake". Larraulen azaldu direnak, hondakin zaharrak izan dira gehienbat: "Hondakinak hemen botatzen zituztenek ez zekiten ze kalte egiten ari ziren. Etorkizunera begira, garrantzitsua izango da landa eremuko biztanleen beharrak entzun eta erantzuna ematea, berriz ere horrelakorik gertatu ez dadin".
Gerrako aztarnak
Bestelako aurkikuntza sonatu bat ere egin zuten Larraulen. "Herrian aipatzen zuten hemen bazegoela gerra garaiko obus bat. Gerrako lubakiak kobazulotik gertu daude eta herritarren artean zabaldua zegoen lehergailua leizezulora bota zutenaren ustea. Hondakin asko zituen gainean, eta ez zen segituan azaldu", azaldu du Koldo Jauregik. Agertu zenean Ertzainei deitu eta, zulotik atera ondoren, leherrarazi egin zuten. "Goiz hartan bertan lehertu zuten, kobazulotik gertu. Lanean ari ginen guztiok urrutiratu egin ginen eta Ertzainek atera zuten obusa zulotik. Belazean jarri, eta lehertu egin zuten. Bi aldiz egin behar izan zuten gainera, lehendabizikoan ez zelako erabat lehertu", azaldu dute.
Kokaleku berrien bila
Kobazuloetan, mendietan, erreketan... dauden zaborren inguruko berri emateko deia zabaldu dute taldekideek: "Guztion ardura da egoera honi irtenbidea ematea. Norbaitek hondakin isurketa bat ikusten badu, gurekin harremanetan jartzea eskertuko dugu. Guk bakarrik ezin ditugu txoko guztiak miatu. Mendizaleak, baserritarrak, espeleologoak, basozainak... guztien artean errazagoa da hondakinak dauden guneak aurkitzea. Hainbat puntu biltzen dituen katalogoa egina dugu, baina ziur beste puntu asko falta zaigula".
Hezkuntzaren beharra
Hezkuntzaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute Lurpea Garbiko kideek: "Ingurumenaren inguruko kontzientzia garatzen joateko, ezinbestekoa da gaztetxoak hezitzea. "Botatzen ditugun hondakin horiek guztiongan du eragina. Kareharrizko kobazuloetan eragin hori are handiagoa da. Ura ia zuzenean pasatzen da bertatik, filtratu gabe eta iturburuetara joaten da". Txikitik egitearen aldeko aldarria egin dute. Izan ere, "klima larrialdiaz ari garenean, badirudi ezin dugula gauza handirik egin. Kobazuloak garbitu, hondakinekin jarrera arduratsua izan... gauza txikiak dira, baina bere eragina dute".
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 679 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.