Hasi dute Larraulen Gau Beltzaren ospakizuna

Aiurri 2025ko urr. 31a, 17:32

Aurten ere antolatu dute Gau Beltza Larraulen; Guraso Elkartea, Gure Plaza txo!, Herri Eskola eta Udalaren eskutik.

Eskolatik mozorrotuta eta margotuta atera dira haurrak, eta elkartera abiatu dira txokolatada bero eta goxoa dastatzera.

18:00etan, herriko kaleetan zehar egingo dute Gau Beltzeko ibilbidea, eta egunari amaiera emateko, plazan “beldurrak sutara” botako dituzte.

"Urriaren 31ean, Larraulen, Euskal kulturan Gau Beltza edo Arimen Gaua bezala ezagutzen den eguna antolatu dugu. Jatorrian, egun hau, udaren amaiera ospatzeko jai egun bat zen, hala nola, urtaro ilunenean sartu baino lehen, festa egiten zuten aitzina gure arbasoek.

Honez gain, gaur egun Arimen Gaua, hildako ahaideak (senide eta lagunak) omendu eta gogoratzeko eguna bihurtu da, eta mundu osoan ospatzen da modu ezberdinetan. Euskal Herrian, gure aiton-amonek ortutik kalabazak hartu, hustu eta aurpegi forma eman eta bide bazterretan edo etxe ataritan jartzen zituzten auzokideak izutzeko. Gainera, etxeko trapu zaharrekin mozorrotu eta goxoki eske ibiltzen ziren etxez-etxe, kantuan, arima galduak balira bezala.

Modu honetan, hasieran aipatu moduan, Larraulen beste urte batez ohitura hau berreskuratu dugu. Horretarako, etxeko trapu-zahar eta ilunak atera, mozorrotu eta antolatu dugun egitarauan parte hartzera animatzen zaituztegu, udaren amaiera denok batera ospa dezagun!”

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!