Badator Larraulgo Kultur Astea, azaroaren 17tik 23ra

Leire Uranga 2025eko azaroaren 12a

Mirari Errondosoro, Larraulgo liburutegian.

Azaroaren 17tik 23ra ospatuko da aurtengo Larraulgo Kultur Astea. Asmoa da festetatik harago ere kulturari lekua ematea eta herrian horretarako aukera gehiago eskaintzea. Mirari Errondosoro, kultur teknikariak eman ditu azalpenak

Zenbat urte daramatza ekimenak martxan?

Badirudi 30 bat urte daramatzala martxan ekimenak. Nik ez dakit zehazki noiz eta nola sortu zen, urte eta erdi besterik ez daramat-eta hemen. Talo eta gaztaina jatea izaten da antolatzen diren ekintzetako bat, eta gaztainak erretzen dituenari galdetuta, esan zidan berak 30 urte inguru daramatzala lan horretan.

Nork antolatzen du astea eta nola koordinatzen zarete?

Udaletxetik egiten da nagusiki antolakuntza. Hala ere, deialdia egiten da herritarren proposamenak jasotzeko. Horiekin eta daukagun aurrekontuarekin, ekimena aurrera eramaten saiatzen gara.

Gustatuko litzaidake herritarren parte-hartzea handiagoa izatea eta beraien proposamen gehiago jasotzea. Urtean zehar ere iristen dira ideia solte batzuk, baina aldakorra izaten da: batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago.

Zein jarduera izaten da arrakastatsuena?

Talo eta gaztaina jatea, dudarik gabe. Iaz izugarrizko arrakasta izan zuen, eta badakit jendeari “Kultur Astea” esaten zaionean berehala lotzen duela talo eta gaztaina jatearekin.

Koldo Jauregi arduratzen da gaztainak erretzeaz. Taloak egiteko deialdia irekitzen da, eta taldetxo bat arduratzen da horretaz. Lehen emakume talde batek egiten zuen lan hori, baina urteen poderioz batzuk utzi egin dute, eta orain beste batzuk sartzen ari dira. Deialdia egiten dut urtero, ea nor animatzen den, baina, badaude urtez urte errepikatzen dutenak.

Zein dira antolaketan aurkitzen dituzuen erronka nagusiak?

Erronka nagusiak izaten dira, oro har, parte-hartzea sustatzea, herritarren proposamenak jasotzea eta antolakuntzarako laguntza nahikoa izatea.

Nolako erantzuna jasotzen duzue herritarren eta ingurukoen aldetik?

Orokorrean, erantzun ona jasotzen dugu; denen gustua egitea ezinezkoa bada ere, balorazioa positiboa izaten da. Muga nagusietako bat, ordea, daukagun aurrekontua da.

Etorkizunari begira, zer nahiko zenukete hurrengo edizioetarako?

Antolakuntza aldetik, gustatuko litzaidake herritarren proposamen gehiago jasotzea; azkenean, Kultur Astea guztiontzat egiten da, eta ideiak partekatzeak izugarri aberastu dezake egitaraua.

Nolakoa da gazteen parte-hartzea?

Aurten eta iaz, egia esan, Gure Plaza Txo! taldeko Alaitz Iturzaeta sekulako lana egiten ari da herriko gazteekin, eta nerabeen aldetik jasotzen ari garen erantzuna benetan izugarria da. Iaz, adibidez, Kultur Astean parte hartu zuten pintxo-lehiaketa antolatuz, eta aurten, joan den urtean berreskuratutako artisauen azokan izango dira.

Handia izaten da beraien ekarpena, ez Kultur Astean bakarrik, baita herriko beste ekintza askotan ere; festetan, Gau Beltzean… beti ageri dira modu batean edo bestean. Parte hartzeaz gain, ekintza zehatz batzuen antolakuntzaz ere arduratzen dira.

Amaitzeko, zerbait gehitu nahiko zenuke?

Bai, animatu nahiko nuke jendea parte hartzera, bai ekintzetan eta baita antolakuntzan ere. Lan handia egiten da eta baliabideak jartzen dira; horregatik, beharrezkoa da jendeak erantzun ona ematea eta aktiboki parte hartzea.

Bilerak egiten direnean, komeni da jendea gerturatzea eta iritzia ematea. Ez luke soilik udaletik abiatutako ekimena izan behar; herri txikia izanik, zortea dugu denon artean adostu eta denon gustukoa izango den zerbait egiteko.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet proposamenak egin, antolakuntzan lagundu eta parte hartzen duten guztiei; beraiek gabe ez litzateke-eta posible izango.

Egitaraua

Azaroak 8, larunbata

Irteera bodegara.

Azaroak 17,  astelehena

17:00 Ipuin kontaketa. Liburu baby kluba. Liburutegia.

Azaroak 18, asteartea

17:30 Hitzaldia: “Dolua eta galera”.  Yaiza Ruiz eta Ainara Urdanpilleta. Eskolan.

Azaroak 21, ostirala

19:00 Hitzaldia:  “Leizeta lehengoratzeko garbiketa lanak”. Lurpea Garbi  elkarteak.

Azaroak 22, larunbata

10:00 Mendi irteera: Kobazuloa.

14:00 Kantu bazkaria.

17:30 Tailerra: Gabonei begira. Olivia Sanchez “Arteka”.

Azaroak 23, igandea

11:00-14:30 Azoka.

16.30 Magia ikuskizuna “Izeba Felisaren irratia”. Eneko Gutierrez.

18:00 Talo eta gaztain jatea.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 680 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!