[Postontzia]

Larraulgo Udalaren eta guztion ondare diren herri-bideak errespetatu egin behar dira

Jose Migel Usandizaga Zeberio 2026ko otsailaren 10a

Larraulen, nire ustez, gertatzen ari den bidegabekeria bat azaldu nahi nuke, idatzi honen bitartez. Hain zuzen, orain bi urte, herriko nekazal eremu batean, herri-bide batean, ganadu esplotaziorako txabola jarri dute; bidean aldez alde jarrita dago, eta ez dago modurik hortik igarotzeko. Pentsatzekoa da Udalak baimena eman diola txabola horren jartzaileari.

Sarbide librekoa izan da betidanik bide hori; hori ziurta dezaket, inguru horretan jaiotakoa bainaiz, eta naturazale gisa, asko ibilia bainaiz paraje horretatik eta Larraulgo beste hainbat bidetatik.

Aspaldian, Murgilen barrena Hernio aldera joateko oinezko bidea izan zen hori. Egia da gaur egun, gizarte ohiturak (autoak, errepide asfaltatuak...) asko aldatu direla eta bide hori erabiltzeko ohitura galtzen joan dela asko. Baina legeak aldatzen ez diren bitartean, herri-bidea da eta errespetatu egin behar da guztion ondare hori.

Nik esan dezakedanaz aparte, Gipuzkoako Diputazioan egin ditudan kontsultek (Gipuzkoako lurralde antolaketako planoak biltzen dituen sailarekin eta basozainekin) ere horixe baieztatzen dute, bide publikoa dela, alegia.

Aldi berean, Larraulgo Udalera ere jo izan dut gai hori hartuta. Lau idatzi erregistratu ditut udaletxean eta bertan diren dokumentuak kontsultatzeko gogoa ere agertu izan diet. Baina penaz esan behar dut udal ordezkari politikoek ez dutela nahiko borondaterik erakutsi, gaia bideratzeko.

Gainera, joan den urteko urriko udalbatzarrean hitza hartu nuen gaia azaltzeko, baina orduan ere ez nuen errespetuzko jarrerarik ikusi. Hizketan ari nintzela, alkatea aulkitik altxa zen eta udalbatzatik aldegin zuen; euskaraz ari nintzelako izan zela bizkar-emate hori, esango nuke.

Gauzak horrela, ez nuke liskarrik sortu nahi, ez Udalarekin, ez herritarrekin eta ezta ere ganadu-txabola jarri duen baserritarrarekin. Baina kontua da Larraulgo herriaren eta herritarren ondarea izan dena betidanik, orain pribatizatu egin dutela. Eta hori ezin da ametitu, izan ere, Larraulgo paraje naturaletan oinez ibiltzeko dauzkagun bide libreetako bat galdu dugulako guztiok ere, eta legeak urratzea delako hori.

Irtenbide bat topatzerik badagoela gizalegez jokatuz gero, iruditzen zait. Herritar guztion balio handiko ondareak izan dira herri-bideak betidanik, gure arbasoengandik jaso ditugunak, eta, legez, tokian tokiko udalen eskumenekoak direnez, kasu honetan, Larraulgo Udalari dagokio konponbidea topatzea.

Azkenik, esan behar dut ez ditudala txabola hori identifikatuko luketen datu gehiago eman nahi izan idatzi honetan, nahita. Baina udaletxean badakite zein den, eta hara jo dezake edonork, gehiago jakin nahi izanez gero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!