"Halterofilia herri txikietara gerturatzea da helburua"

Leire Uranga 2026ko maiatzaren 9a

Jon Ander Iriarte, Danok Danena taldeko kidea, Larraulen. Aiurri

Larraulgo Kirol Astean, ostiralean halterofilia saioa eskainiko du gaztetxoentzat Danok Danena Halterofilia taldeak. Jon Ander iriarte taldekideak eman ditu azalpenak eta tartean, entrenatzeko espazio duin baten beharra ere aldarrikatu du

Larraulgo Kirol Astearen barruan halterofilia saioa eskainiko duzue. Zer prestatu duzue maiatzaren 8rako, eta zer aukera emango die saioak gaztetxoei?

Helburua da halterofilia bezalako kirol minoritario bat ezagutaraztea eta guk nola lan egiten dugun erakustea.

Pixkanaka aurrera goaz, eta azken urteetan crossfitak ere bultzada eman dio kirol honi. Halako ekimenek aukera ematen dute herri txikietara gerturatzeko; izan ere, kirol gehienak herri handiagoetan egoten dira, Tolosan edo Donostian, esaterako. Horregatik, garrantzitsua da halterofilia bezalako kirolak herri txikietara eramatea, umeek ere ikus dezaten zer aukera dauden.

Amasa-Villabonako Kirol Hamabostaldian ere parte hartu duzue. Zein da halako saio irekien helburua?

Ni ibiltzen naiz gehienbat eskoletan gazteak erakartzeko lanean. Halako asteek laguntzen digute gure eguneroko eremutik atera eta kalera irteten, umeek kirola probatzeko aukera izan dezaten, gu ezagutzeko, eta, aldi berean, gure harrobia handitzeko.

Nolako harrera izaten dute normalean halako saioek?

Harrera oso ona izaten dute saioek. Indarrezko kirola denez, gazte asko kuriositatez hurbiltzen dira, ahalik eta pisurik gehien altxatzeko gogoz. Baina gero konturatzen dira teknika dela gakoa: barra hutsarekin –umeen kasuan bost kilo ingurukoa– ere, mugimendua ondo egin ezean, zaila egiten zaie.

Askotan entzuten da “ze zaila den”, eta horrek erakusten du halterofilia ez dela indarraren kontua bakarrik; arintasuna eta trebetasuna ere ezinbestekoak dira.

Noiz eta nola sortu zen Danok Danena Halterofilia taldea?

1991n hasi genuen ibilbidea. Garai hartan, kluba sortu eta lizentziak egiteko bide bakarra herriko elkarte baten barruan txertatzea zen.

Zizurkilen martxan zegoen Danena kirol elkartea, eta haiekin harremanetan jarrita, ondo hartu zuten herrian beste kirol bat eskaintzeko proposamena, lehendik zeuden atletismoa, futbola eta txirrindularitzarekin batera.

Zein helburu nagusi ditu?

Inklusioa da taldearen oinarrietako bat: edonor da ongi etorria, bakoitzak bere mailan aritzeko aukera du.

Halterofiliarekiko zaletasuna sustatzea ere ardatz nagusietako bat da, ahal bada adin goiztiarretan hasita, eta bereziki lantzen dugu emakumeak kirol honetara erakartzea.

Era berean, kirolaren bitartez beste hainbat balio ere lantzen ditugu: ahalegina, diziplina, talde-lana, laguntasuna, hizkuntza, norberaren hobekuntza eta bizimodu osasuntsua.

Azkenik, herri mailatik abiatuta, probintzia, erkidego eta Espainiako txapelketetan ere parte hartzen dugu.

Zenbat kidek osatzen duzue gaur egun taldea?

Gaur egun, 33 pultsulari ari gara lehiatzen lizentziarekin: 22 gizonezko eta 11 emakumezko. Lehen lizentzia 13 urte betetzen diren urtean atera daiteke.

Horrez gain, badira adin txikiagoko gaztetxoak ere, teknika lantzen ari direnak, batzuk txikitatik hasita, eta zenbait kasutan Espainiako teknika txapelketan parte hartu dutenak.

Gainera, egitura zabalagoa dugu: 9 epaile, 5 entrenatzaile –horietako bat pultsularien prestaketa planifikazioaz arduratzen da –, eta behar denean laguntzen duten boluntarioak. Guztira, 60 lagunetik gorako komunitatea gara.

Azken urteetan zer ibilbide edo lorpen nabarmenduko zenituzke?

Espainiako liga nazionalean, gizonezkoen talde bat ohorezko mailan ari da, beste bat lehen mailan, eta emakumezkoena ere lehen mailan lehiatzen da.

Azken bi urteetan gaztetxoen etorrera handitu da, eta adin tarte horietako taldeak berreskuratu ditugu; maila horietan, Espainiako kluben arteko kopan parte hartu eta podiumera igotzea lortu dugu.

Banakako mailan ere badira emaitza aipagarriak: taldekide bat errendimendu altuko zentro batean ari da, eta gazteen artean beste bat azken bi urteetan 15 urtez azpiko Espainiako txapeldun izan da.

Zein da gaur egun taldeak duen erronka nagusia?

Etorkizunari begira, erronka nagusietako bat kirol hau egiteko espazio egokia eta duina lortzea da. Gaur egun, 22 haur ari dira Otaño eskolako instalazioetan entrenatzen.

Zein da gaur egun azpiegituren egoera?

Gaur egun egoera kaxkarrean gaude azpiegiturei dagokienez. Otaño eskolak leku txiki bat uzten digu, astean hiru egunez, eta materiala gordetzeko ere baldintzak oso txarrak dira.

Halterofiliako gune nagusia Villabonan dugu, baina han ere baldintzak oso mugatuak dira. Azken batean, ez daukagu kirol hau behar bezala lantzeko moduko espaziorik.

Zer behar duzue egoera honi buelta emateko?

Udalei eskaerak etengabe egiten ari gara lokal egoki baten bila, baina momentuz ez dugu behar dugun azpiegitura lortu. Arazoa areagotu egiten da, gainera, gazteak erakartzen ari garelako: eskoletan lana egiten dugu eta jendea animatzen da, baina gero ez daukagu tokirik denak hartzeko. Gaur egun 22 haur ditugu, eta zaila egiten zaigu taldea antolatzea.

Egoera are deigarriagoa da kontuan hartuta maila altuan lehiatzen ari garela: ohorezko mailan gaude, ligarik onenean, baina azpiegitura oso kaskarrekin. Hala ere, emaitza oso onak lortu ditugu, eta baditugu maila handiko kirolariak, baldintza zailetatik atera direnak. Horregatik guztiagatik, azpiegitura duin baten beharra are ageriagokoa da.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 692 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!