"Festa ederra izaten da Doinuak bidean emanaldia"

Ainhoa Gil 2026ko maiatzaren 26a

Irune irakaslea, Oinatz eta Nahia ikasleekin, Urmaeleko belazean.

Maiatzaren 28an eskainiko dute, Larraulgo eskolako kideek 'Doinuak bidean' ekitaldia. Dagoeneko hirugarren ediziora iritsi da haur eta gaztetxoek eskaintzen duten musika emanaldia. Irune Etxabe, Oinatz Mujika eta Nahia Barandiaran Larraulgo eskolako kideak dira eta haiek eman dute ekimenaren berri

Nola sortu zen Doinuak bidean ekimena?

Irune Etxabe: Duela bi ikasturte Xabier Zeberio musikari tolosarra etorri zen eskolara. Tresna ezberdinak ekarri zituen eta saiotxoa eskaini zigun. Ikasleei parte hartzeko aukera eman zien, eta oso giro goxoa sortu zen. Saio hura amaituta, eskolako haurrek musika tailerrean euren proiektuak lantzen jarraitu zuten. Pieza ezberdinak zerabilzkiten eskuartean, eta zerbait egin genezakeela pentsatu genuen.  Emanaldia antolatzeko laguntza behar genuen, eta Xabier Zeberiorengana jo genuen berriz ere, laguntza eske. Iñar Sastre eta Xabier bera etorri ziren lehen edizio hartan. Hortik aurrera, urtero egin izan dugu eta beti eskaini digute euren laguntza. 

Nola ematen diozue forma emanaldiari?

Oinatz Mujika: Eskolan musika tailerra daukagu eta, zabalik dagoen guztietan joan gaitezke bertara. Bakoitzak gure proiektua izaten dugu. Ikasturtean zehar lantzen ditugun kantuekin osatzen dugu ikasturte amaierako emanaldia. 

I.E.: Taldeka edo bakarka egiten dituzte proiektuak. Eurek antolatzen dituzte taldeak eta proiektu bakoitzean roll ezberdina izaten du ikasle bakoitzak: abestu, pianoa jo, biolina jo, gitarra...

Zein proiektu duzue eskuartean?

Nahia Barandiaran: Niri gehien gustatzen zaidana gitarra jotzea da, baina beste tresna batzuk ere hartzen ditut. Eskolaz kanpo gitarra jotzen dut eta eskolan ikasi ditut biolina eta pianoa. Emanaldiaren aurretik urduritasuna sentitzen dut normalean, baina jotzen hasi orduko, gozatu egiten dut.

O.M.: Nik eskolaz kanpo ez dut musika tresnarik jotzen. Larraulgo eskolan ikasi dut pianoa, biolina eta perkusioa jotzen. Doinuak bidean emanaldian hiru horiekin arituko naiz. Emanaldia herrian bertan izateak lasaitasuna ematen dit niri. Herritarrak, lagunak, etxekoak..., etortzen dira, eta lasai aritzen naiz.

I.E.: Ikasturte osoan zehar landutako kantu horiekin osatu dugu errepertorioa. Aurten, 16 kantu izango dira guztira eta ordubete inguruko emanaldia izango da. Festa handia izaten da; emanaldia amaitutakoan jan-edanak eskaintzen ditu Guraso elkarteak eta oso giro polita sortzen da. Euskal kantak eskaintzen ditugu eta eskolan sortutako kanturen bat ere izango da tartean, Nahiak egina. Musikako tailerrean landu ahal izateko baldintzatakoa da eskola guztiak entzuteko eta gozatzeko moduko kantuak izatea. Modu horretan, errepertorio polita osatu dugu.

Nahia, zuk sortutako kantua ere eskainiko duzue. Nolakoa izan da sortze prozesua?

N.B.: Olerkia sortzen joan nintzen lehendabizi. Ondoren musika lantzen hasi nintzen; akordeak sartu eta doinua sortu. 

Eskola osoak hartuko al du parte emanaldian?

I.E.: Bai, bi urtetik hamabi urterako ikasleak ditugu, eta guztiek hartuko dute parte. Zaharrenak arduratzen dira alderdi melodikoaz. Txikiak ahotsa eta perkusioarekin aritzen dira gehienbat. Ez da derrigorrezkoa eszenatokira ateratzea, baina guztiek nahi izaten dute. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 693 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!