Zer da 'Zazpi belar ukendua' eta zertarako erabiltzen da?
Pili Otaegi: Zazpi belar ukenduaren errezeta ez da itxia; norberak aukeratzen dituen zazpi belarrekin egin daiteke. Bakoitzak bere inguruan dauzkanak edota fede eta konfidantza handiena dien belarrak aukera ditzake. Aukeratzen dituen belar horien arabera aldatuko dira ukenduaren propietateak.
Larraulgo ikastaroan erabiliko ditugun belarren aukeraketa hauxe egin dut nik: plantilla, berbena, pasmo-belarra, bostorria, zaingorria, milorria eta intsusaren bigarren azala.
Propietateen artean honakoak azpimarratuko nituzke: azalaren erreduretarako, almorrana edo odoluzkietarako, infektatutako zauriak garbitzeko eta zikatrizatzeko, ubelduak daudenerako, odol jarioak ixteko...
San Juan egunarekin lotutako ukendua da zazpi belarrekin egiten dena. Nondik dator lotura hori?
San Juan egunaren inguruko egun horietan landareak euren gorenean egoten dira, orduantxe izaten dituzte indarrean euren propietate guztiak. Argi ordu asko izaten da eta hortik datorkie landareei indar hori guztia. Horixe da San Juan egunarekin lotzeko arrazoia. Nolanahi ere, Garbiñe Larreak dioen bezala, ezin diogu beti San Juan ukendua deitu zazpi belar ukenduari. Larreak dio San Juan egunean bertan egiten den ukenduari soilik esan diezaiokegula San Juan ukendua eta bezperan edo inguruko beste egunen batean egiten denari ezin zaiola izen hori eman; horri, zazpi belar ukendua deitu beharko genioke.
Zazpi belar ukendua egiteko tailerra eskaini berri duzu Larraulen. Mendi itzulitxoa egingo duzue lehendabizi belarrak biltzeko, eta ukendua egin zenuten ondoren. Kontaiguzu...
Aurrez esan bezala, ukendu hau egiteko erabiltzen diren belarren zerrenda aldatu egiten da egiten duenaren arabera, eta zonaldearen arabera. Etxe inguruan ditugun belarrak erabili ohi ditugu. Naturak gure ondoan ematen dizkigunez guk gehien behar ditugunak, horiekin egitea da egokiena. Larraulen, herrigunearen inguruan dauden belarrak erabiliko ditugu.
Ukendua egiteko erabiliko ditugun belarrak aldatu egin daitezke eta baita belar kopurua ere. Nik ezagutzen ditut 'sanjuanera' izeneko ukendua 31 belar ezberdin erabiliz egiten dutenak ere. Beraz, aldaera asko izan ditzakela esan dezakegu. Norberaren esku dago; ohituren arabera eta tokiaren arabera.
Noiz hasi zinen sendabelarren munduan murgiltzen?
Heldua nintzela hasi nintzen. Ume garaitan berbena belarrarekin izan nuen harreman pixka bat eta plantilla belarra ere etxe inguruan bazegoela sumatzen nuen, baina hogeita hamar urte inguru nituenean hasi zitzaidan interesa pizten. Ukenduak egiten hasteko gogoa sortu zitzaidan. Goierriko amona batek ikastera joateko aukera eman zigun, baina nik ezin izan nuen. Nolanahi ere, emakume haren errezeta nire eskuetara iritsi zen eta errezeta hura jarraituta, nire kasara hasi nintzen, autodidakta moduan. Zazpi belarren ukendua zen egindako lehendabizikoa. Iodo belarra ere sartzen genion orduko hari eta, urtetan aritu nintzen ukendu hura egiten.
Gerora, ukendu ezberdinak egiten hasi nintzen. Denetarako balio zuten ukenduetatik, ukendu zehatzagoetarako jauzia egin nuen. Berbenarena, pasmo belarrarena, intsusarena... pixkanaka-pixkanaka, mundu horretan sakontzen eta ikasten joan nintzen.
Aipatu nahi nuke ez naizela naturista, eta ez dudala barruko erabileran formaziorik. Kanpoko erabilerarako egiten ditut ukenduak.
Norekin trebatu zara sendabelarren eta ukenduen mundu horretan?
Era autodidaktan hasi ondoren, formazioa jasotzeko beharra sentitu nuen. Lehendabiziko tailerra Gabriel Vazquez Molinarekin egin nuen. Zeanurira joan nintzen, haren bizilekura. Gaiaren inguruko liburuak argitaratuak zituen eta aberatsa izan zen lehen ikastaro hura. Hortik aurrera, beste zenbait tailer jaso dut; sendabelarrak, kosmetika... Sekula ez da nahikoa, eta urteak pasa ditut gehiago jakin nahiaren sentsazio horrekin. Jakinduria osoa neureganatu nahi nuen. Orain, ordea, beste ikuspuntu batetik begiratzen diot gaiari. Landareen alderdi energetikoari begiratzen diot gehiago.
Izaki bizidunak dira landareak eta energia dute; alderdi horri begira ari naiz gehiago. Mundu horretan sartzen ari naiz eta deskubrimentu handia izaten ari da niretzat. Oso mundu aberatsa da. Izan ere, liburuetan azaltzen dena ez da nahikoa. Horrekin ez dut esan nahi nik dena dakidanik, ezta gutxiagorik ere. Landare guztiak ezberdinak direnez, eta pertsonak ere berdinak ez garenez, ezin dugu erabili formula matematikorik. Sendabelarrek ez dute lantzen zaintza fisikoa bakarrik, alderdi emozionala eta energetikoa ere kontuan hartu behar da. Ikuspegi horrekin ari naiz orain, lehen pausoak ematen.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 695 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.