Kultura-zalea da Lúbia Bustamante larrauldarra eta, kultur adierazpide gisa ulertzen ditu herriko jai eta ospakizunak ere. Duela urtebete ingurutik bizi da Larraulen, baina bere bikotekidea bertan bizi zen lehendik ere, eta ezagunak zaizkio bertako jaiak eta ekitaldiak. San Juan bezperako ospakizunak igarota, San Esteban jaiez gozatzeko gogoa agertu du.
Jatorriz brasildarra zara, noiz iritsi zinen Larraulera?
Urtebete inguru da bertan bizitzen jarri nintzela, baina lehendik ere banuen harremana Larraulekin. Bartzelonan bizi izan naiz hamabost urtez, nire bikotekidea berriz Larraulen, eta sarri etortzen nintzen bisitan. Azken bost edo sei urtetan festetan etortzen saiatu naiz.
Hiri handietan bizi izan naiz orain arte eta Larraulera etortzea aldaketa handia izan da, baina aurrez ere ezagutzen nuenez, xamurra izan da aldaketa. Hiri handietan guztia eskura duzu, kultur eskaintza ikaragarria da..., baina hemen komunitatea sendoagoa da, harremanak estuagoak, eta beste modu batera bizitzeko aukera ere eskaintzen du Larraulek: naturarekiko lotura zuzena izan dezakezu hemen, esaterako. Hirietan, kontsumoarekin lotuta dago ia aisialdi guztia. Hemen ez da horrela eta ikaragarri gustatzen zait oinetako erosoak jantzi eta mendira ateratzea.
Bi urtez behin joaten naiz Brasilera. Otsailean izan nintzen azken aldiz eta oso polita izan zen, nahiz eta itzulera gogorra egiten den. Ama ere etorri izan da bisitan Larraulera.
Euskara ikasten ari zarela esan duzu. Kontaiguzu...
Bai, euskaltegira joaten naiz astean zortzi orduz. Zaila da, baina oso pozik nago hilabeteotan egindako aurrerapenarekin. Pixka bat ulertzen hasi naiz, esaldi motzak esan ditzaket; nire burua aurkeztu, erosketak egiten ari naizenean galderak egin... Euskaraz ari den talde batean sartzean, niregatik hizkuntza aldaketarik ez egitea da nire helburua. Errespetuzkoa iruditzen zait hori. Filologa naiz, eta niretzat oso garrantzitsua da hizkuntzak babestea, jendeak bere hizkuntzan aritzeko aukera izan dezala bermatzea. Pozik nago euskara ikasteko prozesu horretan murgildu naizelako. Hizkuntza gehiago ere ikasi ditut, eta badakit oraindik bide luzea dudala euskara ikasteko, baina ilusio handiz ari naiz.
Mundu berri batean murgildu naizela sentitzen dut. Aurrez ia ezagutzen ez nuen kultura bat ezagutzeko bidea eman dit, lurraldearekin bat egiteko aukera. Hizkuntza gutxituen alde egiteak jendea banatzen duela dioen diskurtsoa zabaltzen ari den honetan, nik argi dut kontrakoa dela.
Herriko jaiak kultur adierazpen gisa ulertzen dituzu...
Gaur egun master bat ikasten ari naiz Erdi Aroko Kulturetan eta folkloreari eta mitologiari buruz ikertzen ari naiz. Gure arbasoen historia eta garai eta lurralde ezberdinetako dinamika sozialak ulertzea interesatzen zait, batez ere haien adierazpen kulturalen bidez. Uste dut herri-kulturak, herrien "historia ofiziala" ulertzeko eta kontatzeko orduan, tradizionalki izan duena baino leku garrantzitsuagoa izan beharko lukeela. Azken finean, jaiak, erritualak, sinesmenak eta tradizioak ez dira soilik jai-adierazpenak: lurraldearekin lotzen gaituen eta komunitateak denboran zehar elkarrekin nola erlazionatu diren ulertzen laguntzen digun oroimen kolektiboaren forma ere badira.
Gainera, jaiek funtzio sozial oso garrantzitsua betetzen dutela uste dut. Komunitateak indartsuagoak dira pertsonek elkar ezagutzen dutenean eta elkarrengan konfiantza dutenean. Loturak daudenean, errazagoa da elkarri laguntzea, lankidetzan aritzea eta zailtasunei kolektiboki aurre egitea. Alde horretatik, jaiek, garena ospatzeaz gain, urte osoan zehar herriaren bizitzari eusten dion giza-sarea indartzen dute.
Azkenean, lotura bat sentitzen dugun hura zaintzeko joera dugu. Zerbait guztiz arrotza zaigunean, zaila egiten zaigu haren defentsan edo kontserbazioan inplikatzea. Pertsonekin eta lurraldearekin antzeko zerbait gertatzen da: zenbat eta gehiago ezagutu eta zenbat eta gehiago partekatu, orduan eta errazagoa da etxe bateko kide garela sentitzea, eta bertan bizi direnak nahiz tokia bera zaintzea merezi duela sentitzea.
Larraulgo festak ezagutzen dituzu. Zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia?
Orokorrean, osoki gustatzen zaizkit festak. Zerbait nabarmentzekotan, kultur-adierazpideak azpimarratuko nituzke: dantza-emanaldiak, bertso saioa... Bertsoak ulertzea oso zaila egiten zait, noski, baina beti izaten dut larrauldarren bat aldamenean, azalpenak eman eta itzulpenak egiteko prest. Brasilen ere badago bat-bateko sorkuntza kantatua eta asko gozatzen dut; lurraldearekin eta nire jatorriarekin lotzen nau. Bestalde, jaietako barrikotea ere asko gustatzen zait, herritarrekin egoteko eta elkar gehiago ezagutzeko. Herri txikia da Larraul, eta jaietako aurrekontu txikia du, baina gauza politak egin daitezke.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.