Aztoramendua

Jon Ander Ubeda 2019ko urt. 11a, 10:00

Opor giroa gripea bezain kutsagarria da. Nahi gabe ere, lanerako gogoa apaldu egiten da. Ez dator gaizki, dena esatera, lasaitasun apur bat ia 24 orduz eta asteko 7 egunetan informatzeko bokazioa duenarentzat. Patsada giro hori behin baino gehiagotan hautsi da, ordea, Eguberriotan.


Abenduaren 25ean Urnietatik iritsi zen notizia. Etxeberri parkeko jaiotza txikitu zutela eta, hango gertaeren berri eman genuen. Abenduaren 26an Urnietara Magalekoen lekukotza jasotzera bertaratu ginen. Gizarte mailako krisi txikia eragin zuen arduragabe batzuen jokabide zatarrak. Ordu gutxira, herritar askok lezio ederra eman zuten: Ez dago Etxeberriko parkeko Eguberrietako jaiotza zapuztuko duen inor.

Egun horretan bertan Andoainen ika-mika sortu zen sare sozialetan, Zumea kaleko Olajaunako tabernariaren eta Andoaingo Udalaren artean. Laburbilduz, tabernariak bere eskubideak defendatu nahi zituen, eta Udalak bueltan betebeharrak badituela gogorarazten zion. Gutxiegi hitz egin zen, egun horietan, tabernaren asteburuko ordu txikietako jardueraren aurkako salaketarekin azkeneraino iristeko prest dauden 17 etxebizitzatako bizilagunez. Horien eskubidea besteena bezain zilegizkoa da.

Internet sareak tarteka eragiten duen aztoramendu horretan okerrena iristeko zegoen. Urtarrilaren 5ean ekaitza digitala Andoainen lehertu zen, neurri eta muga guztiak gaindituz. Ordu zailak Baltasar Errege Magoa, haren senide eta antolatzaileentzat. Krisia, neurri handi batean, Meltxorren eta Gasparren gutunarekin bideratu zen. Komunitateak hori behar zuen. Argitalpenak sortu zituen iruzkinen artean, krisiari amaiera eman zion gutuna bikain analizatu zuen Xabat izenekoak: "Horrela egiten dira gauzak. Herri heldu bat gara".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!