Sormenaren morrontzan kateatuta bizi den artista

Andoni Urbistondo 2019ko mar. 22a, 12:00

Familia enpresa bateko langile, 25 urtez, eta horietatik gerente azken hamar urteetan, enpresak irauteko xahutu duen sormena erantzukizunik ez duten beste sormenetan murgilduz bilatu du patxada Jon Jauregi urnietarrak. Kirola, musika, pintura…

Plazera da ideiak garbi izan, eta horiek azaltzeko zailtasun gutxi duen herritarrak elkarrizketatzea. Jon Jauregik badu, gainera, beste herrikide askorekin alderatuta, ezberdin egiten duen zerbait (42 urte). Ez hainbeste enpresa bateko gerentea delako, baina bai hamarkada oso bat musika talde bateko gitarra-jole izan eta Espainian barrena rock&roll-aren sekretuak ezagutu zituelako. Edota pinturari esker espero ez zuen arrakasta lortzen ari delako. Azken urteetan pinturan bilatu baitu buruko atsedena, pintura nekea sortzen ez dion sormena eta askatasuna baita berarentzat.

Anitz eta Euriren aita da Jon, eta familia-enpresa bateko gerentea da. Kamioien balazten osagaiak ekoizten dituen Ferjau enpresa. “Istorio polita du enpresak. Aitona zenak, Donostiako alde zaharrean, sagardotegia jarri zuen, baina gerra zibilean komeriak izan zituzten, eta halako batean tornu bat jarri zuten sotoan. Ondoren, egun dagoen enpresa etorri zen. Aurrena Andoainen, eta gero Ergobin. Gazte-gaztetatik hasi nintzen aitaren enpresan lanean, biltegiko langile soil aurrena, gerente orain, lanpostu guztietatik pasa eta gero”. Informatika ikasten hasi zen, “beti ere enpresari begira, baina urtebete iraun nuen unibertsitatean. Arte Ederrak ikasteko asmoa nuen, baina gurasoei ez zitzaien ondoegi iruditu nire asmo hura… enpresan baliagarria izan zitekeen ikasketaren bat egitea nahi zuten".

Azken hamar urteetan enpresako ardura bizkar gain hartu du, eta horrek, “halako antsietatea eragin dit. Ardura handia da, beti adi egon beharra erabaki zuzenak hartzeko”. Egun dozena erdi langile ditu enpresak, baina gehiago ere izan dituzte. “Hornitzaileak, bezeroak, langileak, administrazioa… gerentzia batek adar asko ditu, eta denak ondo egin behar dituzu, enpresa bideragarria izan dadin. Oreka behar da, pieza guztiak ondo uztartzea elkarrekin, eta ni berez perfekzionista naizenez, ba egunerokoa oso nekeza egiten da”. Urte batzuk atzera pieza guztiak enpresan bertan ekoizten zituzten. Egun atzerrian ekoizten da gehiena, “hemen baino merkeagoa delako. Gurean ekoiztea ez da errentagarria, eta komertzializaziora dedikatzen gara gehienbat orain. Mentalki atsedenik hartzen uzten ez dizun zeregina da. Inoiz ez da bukatzen, beti duzu buruhausteren bat, eta horrek jan egiten zaitu. Batez ere krisi garai gogorretan. Itxieraren mamua ere nahiko gertu eduki izan dugu, baina pasa da. Etorriko da beste krisialdiren bat, hori ziur, baina azkenekoa pasa genuen, eta gaitzerdi”.

Gestio ardura batzuk partekatzen hasi da orain gutxi, baina bere lan eredua garbi du: “Gerente batek ezin du arazo txikiengatik etengabe borrokan aritu langileekin, saiatu behar du bakoitzari bere lana garatzeko baliabideak ematen sistemak bere kabuz funtziona dezan, gerentea uneoro gainean egon gabe”. Gerente eta arduradun guztiek "Jaten dituzte marroiak. Halakorik egiten ez duen nagusirik ez dut ezagutzen. Gerentea pieza guztiak enkajatzen saiatu behar da, dena koordinatzen, arazo txikiak saihestuz eta distantzia bilatuz, begirada ahal den garbien mantenduz. Ni prozesu eta sistemak sortu zalea naiz, sistema horrek bere kabuz aurrera egin dezan. Baina arazoak ez dira desagertzen… Hornitzaile bat desagertu egin daiteke, bezero garrantzitsuren bat galdu dezakezu, langileren batek kale egin diezazuke...”.

Gerentziak eragindako nekea betikotu egin daitekeela dio, zintzo: “ez duzu atsedenik hartzen, eta bizitza kalitatea txartu egiten da. Baina esan bezala, konpromisoak, gauzak ondo egin nahi izanak albo kalte hauek ditu. Nire kasuan, eta edonoren kasuan”. Ihesbideren bat bilatu zuen arte. Pintura. “Orain dela sei bat urte izango zen. Ez naiz geldirik geratzen den horietakoa, aktibitatea behar dut, eta arteak ematen dit. Enpresan zerbait gaizki egiten baduzu, erantzukizuna onartu behar duzu. Artean ez, artean zerbait gaizki egiten baduzu, ba hor geratzen da. Sormena oso garrantzitsua da bi alorretan, baina artean sormena askoz ere askeagoa da. Eta askatasun hori oso lagungarria izan zait laneko ardurak perspektiban jartzeko, neurrian baloratzeko”.

Pinturan murgilduta dagoenean bere sistemak, lan egiteko modu propioak sortzen ditu, eta horiek eraginkorrak direla ikusten badu, “lanean ere aplikatzen saiatzen naiz. Arazoei buelta ematen lagundu dit pinturak. Egoerei buelta ematen ikasi dut. Arazo baten aurrean, honi buelta emateak soluzioa ikusten lagun zaitzake. Pinturan sistema hori erabili izan ez banu, agian ez nintzateke jabetuko lanean ere metodologia hori erabil nezakeenik. Koadro abstraktu bat oreka bat bilatzeko ariketa sakon bat da, azkenean. Jende askok galdetzen dit: ‘Zer da koadro hori, Jon’. 'Nire oreka', erantzuten diet”.

Gitarra-jolea Materia taldean

Pintura baino lehenago, ordea, beste ihesbide batzuk etorri ziren: “Lehena kirola izan zen: judoa, pilota, txirrindularitza… Gipuzkoako Txapeldun ere izan nintzen judoan. Gero, jabetu nintzen genetikoki nire gorputzak ez zuela askorako ematen, baina oso lehiakorra nintzen”. Orduan musikara egin zuen jauzia. “Ez nintzen oso dohatsua, baina hamarkada oso bateko bidea egin genuen Materia taldearekin. Gitarra jotzen nuen, eta gauza on batzuk egin genituen, ez uste: Villa de Bilbao lehiaketan Euskal Herriko talde onenaren saria irabazi genuen, Munichen Olinpiar estadioan jo, Hamlet taldearen hasierako kantari Espainian barrena egin zuten kontzertu sorta batean, lau disko 

kaleratu, horietako bat Oihuka argitaletxearekin…”.

Musikan profesioa barrutik nolakoa zen ezagutu zuten, “nahiz eta ez ginen profesionalak izatera iritsi. Trikimailu asko, faltsukeria ugari… gehiegi gauza onerako”. Musikak betirako gaitza ere utzi dio, tinnitus izenekoa. “Halako burrunba bat da, buru barruan dagoena, betirako, garuneko gaitza delako. Kontrolatzen ikasten ez baduzu, nekagarria oso. Antsietate handia sor dezake”. Orduan, baina, alaba zaharrena jaio zen, “eta alaba eta musika bateragarriak ez direnez, musika albo batera utzi eta pinturan murgildu nintzen”. Ez pentsa, dena den, musika erabat utzi duenik, orain tronpeta ikasten ari baita herriko musika eskolan.

Pintura azken sei urteetan

Ondo gogoan du, halako batean, alabarentzat margo batzuk iritsi zirela etxera, “klera edo klariona antzeko batzuk, pastel pintura deitzen zaiona”. Pintura mota horretan ez da pintzela erabiltzen, pintura jartzen da azal batean, eta gero eskuekin zabaldu. “Orduz geroztik nire lehentasunak familia (Anitzek 10 urte ditu, eta Eurik 8), enpresa eta pintura bilakatu dira”. Ez du bere burua artistatzat hartzen, sortzailetzat baizik. Sortzea baita bere erronka. “Diziplina jakin batean nekatzen naizenean beste zerbait bilatzen dut sortzeko”. 

Jauregik bere metodoa Sorkuntza Darwinista gisa definitzen du. Zer ote da hori? Honatx azalpena: “Inguruan daukatenari begiratu, eta pentsatu gabe margotzen saiatzea. Ez da zer margotu, baizik eta zergatik margotu. Intuizioz jardutea, zer margotzen dudan gehiegi pentsatu gabe. Lengoaia aurre definituak ahal den gutxien erabiliz, sortzea. Ahalik eta interferentzia gutxienarekin barnean dagoena atera. Materializatu. Sentsazio primarioenak gorpuztu, gauzatu. Formak, koloreak… Oreka bat bilatzea koadroan. Batzuetan dena lotuta ikusten dut, eta ‘ze ondo’, pentsatu niretzat. Besteetan, aldiz, ‘a ze desastrea’. Baina politena zera da, desastre bat izanda ere, ez dela ezer gertatzen. Metodo honetan garrantzitsuena beldurrari bizkarra ematea da”. Erretratuetan egoera ezberdina omen da. “Zuhurrago jokatu behar dut. Gertatzen da norbaiten erretratua egin eta bezeroak esatea, ‘hau edo beste ez dut atsegin’. Erantzukizuna hor dago beti”. Astebete, hamar egun inguru pasatzen du erretratu bakoitza egiten.

Emazteak sarri lasaitzeko esaten omen dio, bere hiperaktibitatea zaintzeko. “Baina 42 urterekin ez da erraza. Gainera, alaba txikiena ere mugitua dator, eta hori gertutik zaindu beharreko kontua da, agian nire aktibitaterako joera obsesibo hori ispilu bat delako berarentzat, eta komeni ez…”. Bere burua sortzen ikusten du urte batzuk barru. Han edo hemen, baina sortzen.

Joko arauekin oso kritiko

Sare sozialetan oso aktiboa da, baina kalean apenas. Urnieta lokartuta ikusten du, “eta ni neu ere bai”. Urte batzuk atzera halako loraldi soziala egon zela uste du, “baina orain berriro atzeraka goaz. Erabaki politikoek zerikusi handia dutela uste dut. Belaunaldi berrien ustezko ekimen urriaz asko hitz egiten da, baina iruditzen zait ez dutela gustuko gizarteak eskaintzen diena. Arau batzuk jarri dizkiegu, mugi ezin ditzaketen arauak, eta badakite arau horiekin zer irabaztekorik ez dutela. Baztertuta sentitzen dira. Zertarako jokatu futbol partida bat, baloia besteek jarri eta golak besteek bakarrik sartu baditzakete? Eta besteak 6 badira, eta beraiek 4. Gazteak zer egiten du egoera horren aurrean? Ba, paso egin gehienetan”.

Aspaldi utzi zion politikan parte hartzeari, “herriak ez duelako parte hartzen herriari benetan eragiten dioten erabakietan. Politikaren gaur egungo arauak ez ditut ontzat ematen, oso partzialak eta interesatuak dira, eta paso egiten dut. Alderdi politikoak enpresak dira eta horrela jokatzen dute. Politika egiten da agian, baina egokiak ez diren esparruetan, ez herrian eta herriarentzat. Eta ez dut partida desorekatu hori jokatu nahi. Egungo gazteek ere antzera pentsatzen dutela uste dut, eta beste jokoren bat asmatzeko jardunean ari direla sinetsi nahiko nuke. Teknologia ere sartu da, eta hor ari dira, borrokan. Dagoena irauli nahi dute, beste espazio berri batzuk eraiki asmoz”. Gazteen artean pasotismoa dagoela diotenekin ez dago ados. “Zer pasa da, bat-batean belaunaldi oso bat edo bi tontotu egin al dira gauetik goizera, ala? Ez ba. Ulertu egin behar zaie, baina inori inporta ez zaigunez, ba haiek berera, eta gu gurera. Isolatu egin dira, baina horren zergatia aztertu beharko genuke, kritikatzera mugatu baino”.

Politika minuskuletan egiten da, Jauregiren ustez, “eta ez maiuskuletan. Urnietan badaude sozialki jaiki eta gauza potenteak egiteko arrazoiak, baino jai dago. Mikro indibidualismoaren onuretan erori gara denok, eta kito. Denok ditugu oinetako berriak, jatetxean afaltzen dugu, parranda lasai egin… Gazte izan ginen gehienok proiektu bat gauzatu ahal izan dugu, baina zer egingo du bizitza proiekturik garatu ezin duen gazteak? Sekulako ikasketak egin eta 25-30 urtera arte 1.000 euro baino gutxiagoko jornala jasotzen duten sistema batean? Hori da konpondu beharreko arazoa. Etorkizunik ez baitauka egungo gazteak. Bi alaba ditut, eta kontsumo sistema honek asko arduratzen nau”. Esana geratu da!

Bere artelanak banaiz.com gunean

Arrakastadun sortzailea da Jon. Koadro asko margotu ditu jada. “Enkarguz, gehienak. Baina tira, ez naiz profesionala, ezta gutxiago ere. Agian epe ertainean izan ninteke, baina oraindik ez naiz”. Begirada urrunago jarrita, nahiko luke Ferjau-ko gerentzia lanak pixka bat partekatu eta pinturari denbora gehiago eskaini, “baina batek daki. "Ezkontzatako erretratuak eskatzen dizkiote, mota askotako oparitarako, urte mugetarako, “hilda dagoen jendearena ere, eta lan hori ez da batere erraza, ze bezeroak oroitzapen gisa gorde nahi du, eta erantzukizuna handia da halakoetan”.

Sare sozialen bitartez lortu du arrakasta gehien, eta web gunea ere badauka, ikusi nahi duenarentzat: www.banaiz.com “Nire lanak jartzen hasi nintzen, eta eskaerak biderkatu egin dira”. Enkarguz lan egiteak kontradikziorik sortu ote dio? Alegia, sosen truke estilo jakin bateko erretratuak margotu beharra? “Beno, pintura eta materialak ez dira merkeak, lehengaia ordaindu egin behar da. Musikari jardunean geundela, gure gustuko zereginean ari ginen, baina poltsikotik diru dezente jartzen. Pinturan ari naizenetik, garbi dut pinturako dirua pinturatik etorriko dela. Alegia, ez dut nire beste laneko sosik jarriko, pinturan aritzeko. Ona baldin banaiz, lortuko dut aurrera egitea, eta bestela ez. Era naturalean egin nahi dut bide hau. Eta hortxe nago, ahalegin betean”.

Arteak ireki ekimena hilaren 23an

‘Arteak Ireki’ ekimena Urnietaraino iritsi da: Euskal Autonomi Erkidegoan tabernetan urte osoan gehienez hamabi kultur ekitaldi egiteko araua erabakitzekotan zirela, neurri horren kontra protesta egiteko bilkura ugari egin dira Gipuzkoan eta Euskadin. Urnietan ere musikari batzuk kezkatuta agertu dira indarrean jarri nahi zuten araudi berriarekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!