"Euskal Ligan jokatuz, asko ikasten ari gara"

Amaia Semperena 2019ko mar. 23a, 12:00

Kadete mailako Urnieta KE taldearekin Euskadiko Liga jokatzen ari dira. Jauzia dago, handia, kirol mailan. Baina liga zail horretan ere garaipenaren zaporea dastatu dute.

Zer da zuentzat Euskadiko Ligan aritzea?

Amaia Millado: Lan asko egin dugu, prestaketa saio asko izan dira. Azken partidatan zaletuen laguntza oso handia izan da, gainera. 

Nagore Calvo: Euskadiko Liga hastearekin batera aurkarien mailak gora egin du eta hori asko antzematen da. Hala ere, espero genuena baino hobeto gabiltza; oso gustura gaude. Oso ondo pasatzen dugu, eta hori da garrantzitsuena.

Zuen helburuetako bat hauxe zen?

Xabier de la Mota: Bai, nesken helburua horixe zela esango nuke nik. Eta baita klubaren helburua ere. Iaz igoera lortzeko sailkapen faseraino iritsi ginen. Igoera ez genuen lortu, baina aurten posible izan da.

Nagore Calvo: Nik ez nuen horrelakorik espero. Aurten hasi naiz Urnieta KE taldean. Berria naizenez, ez nuen honaino iritsiko ginenik espero, eta oso gustura nago.

Amaia Millado: Hasieran partidak jokatu eta ondo pasatzera gentozen, baina helburua geroz eta gertuago ikusi dugunean indar gehiagorekin jokatu dugu. 

Igoera lortuta, zaletu gehiago gerturatzen al da zuen partidatara?

Haizea Olaria: Bai, zaletuen aldetik zortedunak gara. Herrikideak beti hurbiltzen dira, eta izugarri animatzen dute. 

Mutilen taldeekin alderatuz, jende gehiago ala gutxiago hurbiltzen da?

Xabier de la Mota: Aurten senior mailako nesken talderik gabe geratu gara eta ezin dugu alderatu. Adin txikietan ikuslego kopurua parekatuta dago. Gure kasuan, igoera lortzeko deialdi berezia egin genuen eta zaletuek ondo erantzun zuten.

Egia da senior mailako mutilen partidatara jende gehiago hurbiltzen dela, baina ez mutilak direlako, baizik eta senior mailan dagoen talde bakarra delako. 

Zuen arteko giroa nolakoa da?

Amaia Millado: Oso ondo moldatzen gara, partidatan elkar lagunduz eta animatuz aritzen gara. Egia esan, talde giro ona dago.

Entrenatzaileak ere lagunduko zuen igoeran, ezta?

Nagore Calvo: Noski! Irakasteko garaian, eta baita gauzak gaizki doazenean ere, animoak emateko hortxe izaten dugu.

Euskadiko Ligan zer nolako maila dago?

Haizea Olaria: Asko nabaritu dugu aldaketa. Lehen ere maila ona zegoen, baina lehia parekatua zen. Orain askoz ere gehiago kostatzen zaigu partida irabaztea, edota berdintzea. Ikasketa prozesuan gaude, partida hauetan asko ikasten ari garelako.

Xabier de la Mota: Euskadiko onenen aurka jokatzen ari garela konturatzea eta ezberdintasun handiegirik ez dagoela ikustea garrantzitsua da. Haizeak dioen moduan, asko kostatzen zaigu, baina hori normala da. Urnietako talde bat Euskadiko hiru onenen kontra jokatzen aritzea eta ia-ia garaipena lortzea mundiala da.

Nagore Calvo: Horrelako mailan zabiltzanean, motibazioa askoz handiagoa da. Nik askoz hobeto pasatzen dut. Askoz dibertigarriagoa da.

Garaipena zer den ere jakin badakizue...

Xabier de la Mota: Oraindik bigarren buelta osoa geratzen da eta ezusteko gehiago ematea espero dut. Gainera, asko ikasten ari direla konturatzen ari naiz. Espainiako Selekzioan edo Euskadiko Selekzioan aritzen diren jokalarien aurka jokatzeak hori dakar.

Amaia Millado: Ez genuen espero, baina Euskal Liga n lehen partida irabazi genuenean poza handia hartu genuen.

Lanaren fruituak.

Xabier de la Mota: Bai. Eta esan beharra daukat prestaketa saioetara denak etortzen direla. Hori ez da ohikoena. Talde honen indargunea horixe da, oso talde langilea dela. Eta bat eginda daudela. Adin honetan hori ez da normalena izaten. 

Ingurukoek zer esaten dizute?

Xabier de la Mota: Dohaiak badituzte, eta determinazio ikaragarria. Beste talde batzuei begiratuz gero, batzuk galtzen hasi orduko amore ematen dute. Baina talde honek ez du inoiz amore ematen, eta hori oso garrantzitsua da. Sailkapena lortu genuen partidan galtzen hasi ginen, baina gogor saiatu ziren. Eurengan sinetsi eta partida aurrera atera zuten. Adin horretan gaitasun hori izatea, oso talde gutxiren esku dago

Datorren denboraldiari begira, zer? 

Amaia Millado: Lortzen ditugun emaitzen araberakoa izango da, baina gure helburua ondo pasatzea eta gehiago ikastea da. Horrela arituz gero Euskal Ligan jarraitzea lortuko bagenu, pozgarria litzateke.

Zer esango zenioke elkarrizketa irakurtzen egon daitekeen neska gazteari? Eta zaletuei?

Nagore Calvo: Gure artean harreman oso ona dugula eta guztiak ere elkar laguntzeko prest izaten garela. 

Amaia Millado: Merezi duela esango nieke. Zerbait ezberdina da.

Xabier de la Mota: Urnietaren tamainako talde bat Bilbo, Eibar, Ermua eta hiri handietako taldeekin lehian aritzea oso polita dela iruditzen zait. Gutxitan gertatzen da, eta aurten urnietarrak hori bizitzen ari dira. Pozik egoteko modukoa da, eta kluba ere oso harro dago. Ez dakit zenbat denbora pasako den berriz ere UKEko talde bat honaino iristen ikusteko. Bien bitartean, disfrutatu beharra dago. 

Gainera, taldeko hamabi jokalarietatik lau Euskadiko selekzioarekin jokatzeko deitu dituzte. Taldeaz eta jokalariez zerbait esan nahi du horrek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!