Arangoitira irteera antolatu du Zanpatuz mendi elkarteak

Jon Ander Ubeda 2019ko martxoaren 24a

Datorren apirilaren 6an 15 kilometro inguruko mendi zeharkaldia egingo dute. Izena emateko epea zabalik.

Irunberriko kanpina, Arangoitiko gailurra (1351m) eta Leireko Monasterioa zeharkatuko dituzte ibilbidean zehar: "Nafarroako Ipar-ekialdeko Zarikieta mendilerroa zeharkatuko da. Igoera erosoa da, pixka bat ibiltzen den edonork egiteko modukoa. Arangoitiko gailurrak, Zaraitzu arana iparraldera, eta Esako urtegia hegoaldera ikusteko aukera paregabea eskaintzen du".

Izen-ematea zabalik

Apirilaren 2a baino lehen eman behar da izena Ikasmin Akademian eta Kantoi tabernan. Izena emateko une berean egin behar da ordainketa. Bazkideek 5 euro, eta bazkide ez direnek 10 euro. 

Joan etorria autobusez egingo dute, datorren apirilaren 6an. Mendizaleak Matxo tabernaren paretik irtengo dira, goizeko 07:30ean hasita. Mendi irteera egin eta gero, itzulera arratsaldeko 18:00ak aldera izango dela aurreikusi dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!