Igoera fasea jokatzeko txartela eskuratu du Urnieta KE taldeak

Andoni Urbistondo 2019ko mar. 31a, 11:15

Bart Donibane taldeari 24-30 irabazi eta gero, eskubaloiko Gipuzkoako 1. Lurraldeko Txapelketa jokatzen ari den Urnietako lehen taldeak 2. Nazional mailan jokatzeko igoera fasean lehiatzeko txartela eskuratu du.

Azken aurreko jardunaldian lortu du sailkapena ziurtatzea, beraz, datorren asteburuan Urnietan bertan jokatuko den azken jardunaldia ospakizun modukoa izango da. Eta baita taldeari esker ona adierazteko unea ere. Partida horren ostean, apirilaren 20tik aurrera igoerako fasea iritsi da. Urnietan berriro ere une zirarragarriak biziko dituzte jokalariek eta zaletuek.

Nazional Mailako 2. kategorian lehiatzeko aukera

Urnietarrek 24-30 menderatu zuten Donibane Pasaian, eta garaipen horri esker sailkapeneko 3. postuan sendotu dira. Gipuzkoatik lau talde sailkatzen dira igoera fasera, eta Haritza Eibarrek galdu egin zuenez, urnietarrengandik hiru puntura da, jardunaldi bakarraren faltan. Gogoan izan behar da eskubaloian garaipenak 2 puntu ematen dituela, sailkapenean.

Urnietarrek Bergararen aurka jokatuko dute azken partida, igande eguerdian. Bergarak laugarren postua du jokoan, UKEk bigarrena, Legazpi puntu bakarrera baitu.

Igoerako ligaxkaren sistema

Ligaskako zozketa apirilaren 7tik 14ra egingo da, zozketa bidez. UKEren sailkapena liga amaieran bat edo bestea izan, horrek ez du eraginik izango. Apirilaren 20-21eko asteburuan hasiko da, eta ligaxkako garaileak zuzenean lortuko du 2. Nazional Mailan aritzeko txartela.

2. eta 5. sailkatuen artean halako Lauko Finala jokatuko da: 2.a 5.aren aurka, eta 3.a, 4.aren aurka. Lauko Final horretako garailea ere 2. Nazional Mailan ariko da 2019-2020 denboraldian.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!