Halaxe da, bai. Aurten hasi naiz Urnietan eta, egia esan, oso gustura nago. Korrikako ardura hartu dut, bestalde.
Zer moduzko ikasle taldea duzu?
Oso ona, ikasturtea oso ondo doa. Urnietara bizitzera etorritakoak dira guztiak, eta euren artean elkartasun handia sortu da. Oso talde polita sortu da, eta ikasketa prozesuan oso erritmo onean doaz.
Hori zuretzat bereziki motibagarria izango da, ezta?
Bai, oso pozik nago. Erosoen sentitzen naizen ikasle taldea dela esan diezazuket. Horrexegatik, oso gustura hurbiltzen naiz Urnietako AEK euskaltegira.
Zuri eskolak ematea motibagarria zaizun bezalaxe, ikasleei Korrikan parte hartzeak antzeko motibazioa piztuko al die?
Korrika zer den azaltzen ahalegindu gara. Parte hartu nahi dutela antzematen dut, eta hori ere pozgarria da.
San Juan plazan kultur ekitaldia antolatu duzue, musika eta dantza saioekin.
Egape dantza taldekoek aurreko edizioan dantzaren inguruko koreografia ikusgarria egin zuten, eta aurten ere antzekoa egitea eskatu diegu.
Zure kasuan, lana biderkatu egingo al zaizu egun hauetan?
Apirilaren 12tik 13rako gauean pasako da Urnietan barrena, Andoaingo norabidean. Goizaldeko ordu txikietan igaroko denez, ostiral goizean Korrika Txikia antolatuko dugu. Herriko ikastetxeetako ikasleek parte hartu ahal izango dute Korrika Txikian. Arratsaldean kantu kalejira egingo dugu, eta gauean herri afaria. Goizalderarako, Korrika Urnietara iristen denerako, prest izango gara.
Ardura, erantzukizuna..., zer da zure baitan egun hauetan nagusitzen ari dena?
Zerorrek aipatutakoaz gain, ilusio handia. Oso polita izango da eta sentimendu hori besteen gainetik dago.
Jasotzen ari al zarete urnietarren babesa?
Bai, Urnietako erakunde eta elkarte ezberdinek bat egin izan dute Korrikarekin. Aurtengo edizioa ez da ezberdina izango, eta datozen egunetan euskaltzale askoren babesa jasoko dugu.