Ur edangarriaren sarea kudeatuko du Añarbek

Jon Ander Ubeda 2019ko api. 4a, 12:53

Ergoien industriguneko saneamendu lanak amaitzen direnean, Urnietako Udalak Añarbeko Urak Mankomunitatearen esku utziko du Urnietako ur azpiegitura sarearen kudeaketa osoa. Iragarpena, iaz sinatutako lankidetza hitzarmenaren jarraipena da.

Erredakzioa URNIETA

Orain arte Añarberen ardurapean zeuden Armunttoko eta Oiamarreko ur edangarriaren biltegiak. Aurrerantzean, Goiburu eta Goikoetxe azpiegituren ardura ere mankomunitateari esleituko zaio. Urnietako Udalak berriki aditzera eman duen albistea 2018ko martxoan du sorburua. Orduko hartan lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi erakundeek, hots, Mankomunitateak eta Udalak. Orduko hartan albiste nagusia Lekun errekara doazen ur zikinen berbideratzea izan zen. Obra zaila eta kostu handikoa zen, milioi bat eurokoa. Mankomunitateak obra osoaren %83a bere gain hartu zuen. Iazko agerraldi hartan obraren xehetasunak eskaini zituzten: “Ergoien industriguneko ur zikinak Lekun errekara doaz, eta helburua ur zikin horiek Donostiako Loiolan dagoen araztegira bideratzea da. Egitasmo hori potolo samarra da, Ergoien industrigunetik Erratzu aldera igaro behar baitira ur zikinak, eta tartean errepidea dago. Hori dela eta, lan horien kostua handi samarra izango da”. Mikel Pagola alkateak poza eta eskertza adierazi zituen agerraldi hartan: “Ergoienen aspaldikoa zen arazoari irtenbidea emango zaiolako. Obra konplexua da, obra zaila, Iparlaten dugun lotunearekin bat egin behar delako". 

Azpiegiturak berritzeko ardura hartzean gain, aurrerantzean Añarbeko Urak Mankomunitateak bere gain hartuko du ur zerbitzuaren kudeaketa osoa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!