Ezusteko handi samarrarekin abiatu da Euskal Herriko Itzulia Zumarragako erlojupekoan, garailea kiniela gehienetatik kanpo baitzegoen etapa hasi aurretik. Maximilian Schachmannek, Bora-Hansgrohe taldeko alemaniarra izan da azkarrena 11 kilometroko erlojupekoan, 17.10ko denborarekin. Daniel Felipe Martinez kolonbiarra izan da bigarren, 9 segundora (Education First), eta Michal Kwiatkowski poloniarra hirugarrena, 10 segundora (SKY). Erlojupekoak espero baino tarte txikiagoak utzi ditu lasterketako oilarren artean, Alaphilippe garailearengandik 12 segundora iritsi baita, Adam Yates 16ra, Konrad 19ra eta Ion Izagirre lehen euskalduna, 22ra.
Eguraldiak nabarmen baldintzatu duen erlojupekoa izan da, 3rak baino lehen abiatu diren txirrindulari ia denek euritan egin baitute erlojupekoa. Eitzagan eta Antiguan behera bihurgune arriskutsuak daude, eta horiek busti-busti zeudela, asko zuhurtzia handiarekin pasa dira bertatik. Schachmann abiatu denerako lehortzen ari zen errepidea, baina bere denbora ikaragarria izan da, eta oilar gehienak zoru lehorragoarekin bere atzetik atera badira ere, ezin izan dure alemaniarraren kronoa hobetu.
Bihar Itzuliko bigarren etapa jokatuko da, Zumarraga eta Gorraitz artekoa, 149.5 kilometrokoa. Hasiera apropos-aproposa da ihesaldi bat sortzeko, Atagoiti, Olaberria eta Lizarrusti igoko baititu tropelak. Sakana zeharkatu ostean, Iruña iparrean barrena ibiliko dira ziklistak, Gorraitz eta Badostain aldean. Etapako pizgarri, sterrato edo lurbideak. Sei pasako dituzte denera, ia 5 kilometro, eta tartean porlanezko beste hainbat zati estu. Helmugan gainsariak banatuko direnez, Deceunink eta Sky Alaphilippe eta Kwiatkowskirentzat etapa bilatzen saiatuko direla pentsa daiteke.
MIKEL ITURRIAREN ANALISIA
Egun luzea izan da, baina gustura nago
Erlojupekoak egun diferenteak izaten dira. Egun guztia 15-20 minutuko lanaren baitan antolatu eta prestatzen duzu, eta dinamika asko aldatzen da etapa klasiko batekin alderatuz gero. Gainera nahiko urduri sentitu naiz goizetik: etxeko lasterketa korritzen dudan lehen aldia da, 'kabra' erlojupekoko bizikletarekin egin behar genuen lehen zatia, eta gero bizikleta aldatu. Euria, etxekoak errepide bazterrean animatzen, ez duzu akats tontorik egin nahi... Probari dagokionez, Ezkioko biribilguneraino nahiko baldar ibili naizela esango nuke, eta gero, maldan gora hobeto. Denborari erreparatu gabe, nahiko sentsazio onekin bukatu dut.
8.30etarako gosaltzen geunden, oso goiz. Ondoren ordubete inguru ibili gara erlojuopekoko bizikletarekin, ohitzeko, eta eguerdi partean, halako hamaiketako-bazkaria egin dugu. Eta hortik aurrera, bakoitza bere munduan barneratzen da, irteera ordua iristen den arte. Batzuk musika entzuten dute, beste batzuk ez... Nik ez dut musikarik entzuten. Nire munduan sartzen naiz, konzentrazioa lortzen saiatu, eta ordua gerturatzen denean, prestatu eta martxa.
Biharko eguna oso ezberdina izango da. Goizean prestatuko dugu eguneroko taktika, baina Gorraitzko helmuga ondo ezagutzen duten taldekideak ditugu, eta Enrique Sanzekin lan ona egin dezakegula uste dut. Agian ihesaldia bilatzeko aginduko didate, lasterketa bukaeran taldekideak babesteko. Ikusiko dugu bihar. Tentsio handia egongo da, gainsariekin gaur aurrean egon direnak sailkapen nagusian aurrera egiten saiatuko baitira. Hurrengo hiru etapetan mugitzeko askatasun handiagoa egon liteke, ostiral eta larunbatean talde onenek kontrol zorrotzagoa jarriko dutelako, batez ere Astanak, hiru ziklista dituelako onenen artean. Eguraldia ere gertutik zaindu beharko dugu, trumoia eman baitute, eta horrek, gaur bezala, erabat baldintza dezake etaparen bilakaera. Horrek eta azken orduko zulaketa edo matxura mekanikoak saihestea eskatuko nuke, ahal banu. Ea zorte apur hori badaukagun!
Garailearen inguruan, uste dut Schachmanni lidergoa kentzeko lana beltz egin beharko dutela beste taldeek. Ziklista indartsua da, mendate motzetan ondo moldatzen dena, eta Kataluniako Voltan oso sasoi puntu onean dagoela erakutsi du. Talde indartsuarekin etorri dira, gainera, Itzulira, eta erne alemaniarrarekin.