Julien Alaphilippek pronostikoak bete ditu, Gorraizen nagusituta

Andoni Urbistondo 2019ko api. 9a, 19:22

 Julien Alaphilippe, Milano-San Remo irabazi zuen Deceunink taldeko frantziarra nagusitu da Gorraitzeko ailegaera bihurrian, pronostiko guztiak beteta. 

Azken 700 metroak gorantz ziren, %5 inguru, eta frantziarrak ezin hobe neurtu ditu bere indarrak, eta ondoan zituen aurkari gaizto guztienak, helmugatik 150 metrora kolpe bortitza jo eta bakar-bakarrik helmugaratzeko. Bjorg Lambrecht helmugaratu da bigarren, eta Michal Kwiatkowski, etapa irabazteko beste faboritoa, hirugarren. Schachmann seigarren sartu da helmugan, baina tarteko helmugatan lau segundo lortuta, lidergoan mantentzen da sendo.
 
Lurbideek eta euriak markatutako etapa izan da. Espero bezala, lau ziklistek osatutako ihesaldia sortu da etapako lehen zatian. Bertan izan dira Murias-eko Gari Bravo, Cofidiseko Atapuma, Trek-ko Julien Bernard eta Caja Rural-eko Julen Amezketa nafarra. 3 minutuko zuloa ireki dute, baina tropelak helmugatik 50 kilometrora harrapatu ditu. Lurbideak hasita, Astana taldea tropel nagusia txikitzen saiatu da, baina ez du lortu, eta etsi duenean, erritmoa lasaitu egin da. Adam Yates izan da kaltetuenetakoa, gurpil zulatu baten erruz 1.12ra iritsi baita helmugara.
 
Bihar 3. etapa korrituko da, Sarrigurenen hasi, Nafarroan, eta Estibalitz-en bukatu, Araban. 190 kilometro pasa, eta Goñi eta Opakua mendateak bidean, helmugatik urrun. Azken kilometroa maldan gora da, gaurkoaren itxura berekoa.
 
MIKEL ITURRIAREN ANALISIA
 
Zorte txarra, edo ona
Oso gutxitan pasa zaidana pasa zait gaurko etapan. Manillarra edo heldulekua hautsi zait, eta hortxe bukatu da nire etapa, Iruñetik pasa garen lehen aldian, helmugarako kilometro asko falta zirela. Halako batean bihurgune bat eman dut, eta heldulekuarekin eskuan geratu naiz ia-ia. Normalean bestelako matxura mekanikoak izaten ditugu, baina manillarra askatzea  ez zitzaidan inoiz pasa. Zorte txarra izan dut, baina pentsatzen jarrita, ona ere bai, ze pentsatuko duzuen bezala, manillarra hautsi eta eroriko bat izateko arriskua oso handia da. Beno, ba ni garaiz jabetu naiz eta bizikletaz aldatu ahal izan dut, muturrekoren bat hartu aurretik.
 
Bestelakoan taldearentzat nahiko egun txarra izan dela esan genezake. Niregatik hasita. Sentsazio onekin nengoen, baina ezin izan naiz bete-betean aritu, arazo mekaniko horregatik. Taldea ere hainbestean ibili da. Enrique Sanz ezin izan da aurrean sartu, eta Oscar Rodriguezek ere komeriak izan ditu oilarren taldetxoan mantentzeko. Gari Bravo ihesaldian sartu da, behintzat, eta mendiko maillota ere jantzi du. Zeozer lortu dugu, behintzat. Eta lortzeko itxaropenari eusten diogu, taldea ondo dagoela uste baitut.
 
Gaur Astana lasterketa lehertzen saiatu da, baina ikusi dute ez dutela lortu, eta horrek zer pentsatua emango die, hurrengo etapetan nola jokatu erabakitzeko. Bihar eta etziko etapetan ihesaldiak bidea egin dezakeela uste dut, sailkapen nagusian alde handiak egin direlako, eta gure taldeko lehentasuna hori da, ihesaldian sartu, bai edo bai, eta garaipena bilatu. Eta ihesaldian ordezkaritzarik lortzen ez badugu, lana egin ihesaldian kideren bat sartu arte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!