Itzuliaren hirugarren etaparen kronika eta Iturriaren analisia

Andoni Urbistondo 2019ko api. 10a, 19:31

Schachmannek bigarren etapa irabazi eta Itzulia irabazteko hautagaitza aurkeztu du; Alaphilippe eta Kwiatkowski erori egin dira. Mikel Iturriak erorikoaren inguruko lekukotza zuzena eta bizia eskaini dio Aiurriri.

Itzuliak badu lehen izarra: Maximilian Schachmann. Bi etapa irabazi ditu dagoeneko Borako alemaniarrak, eta Estibalitz-en lortutako garaipenarekin Itzulia bera irabazteko ere hautagai bilakatu dela esan daiteke, gainsariei esker errenta politak lortzen ari baita. Gainera, Schachmann sasoi puntu onean da, mendate motzak ondo pasatzen ditu, eta maillot horia kendu nahi dionak beltz egin beharko du lana ostiral eta larunbateko etapetan.
 
Schachmannen garaipenak adina protagonismo izan zuen lasterketako bi oilarren erorketak. Helmugatik 6 kilometrora 15-20 lagun jausi ziren tropelaren aurrealdean, eta han ziren Julien Alaphilippe, Michal Kwiatkoski, David de la Cruz, Jonatahan Castroviejo, Geraint Thomas eta beste. Alaphilippe eta Kwiatkowski helmugara iritsi ziren, minutu asko galduta, baina ikusteko dago ze erabaki hartzen duten batak zein besteak. Ez alferrik, frantziarrak Ardenetako Klasikoak ditu denboraldiko mugarri, eta astebete eskas izanen luke atzo Zerio baino lehenxeago jasan zuen erorikoak eragindako kolpeak osatzeko.
 
Zortzi laguneko ihesaldia osatu zen etapako lehen zatian, eta han zen Gari Bravo lazkaoarra, bere mendiko maillota defendatzeko. Lortu zuen, eta bihar ere maillot gorriarekin abiatuko da. Bidea egiten utzi zien tropelak, helmugatik 6 kilometrora irentsi zituztelarik. Estibalizen gora Lutsenkorena izan zen lehen erasoa, Ulissik gainditu zuen, baina Schachmann suziri baten pare abiatu zen italiarraren atzetik, eta aise menderatu zuen helmugan. Liderrak 23 segundoko aldea ateratzen dizkie orain Ion Izagirre bigarren sailkatuari eta Patrik Conrad 3. sailkatuari. Daniel Felipe Martinez kolonbiarra da laugarren, 38 segundora, eta agian Schachmannek eta Ion Izagirrek Itzulia poltsikoratzeko bidean duten aurkari gaiztoena, azken bietapei begiratuta. Bihar 4. etapa korrituko da, Gasteiz eta Arrigorriaga artean (Bizkaia, 149,6 kilometro). Lauak dira lehen 50 kilometroak, baina Kantauri Isurialdean sartzearekin bat bihirritu egingo da bidea: Las Campas eta Garate, 3. mailako bi mendate igoko dituzte aurrena, eta lehen mailako Bikotz Gane, helmugatik 35 kilometrora. Bikotz Gane oso mendate tentea da. Helmugatik lau kilometrora Zaratamoko gaina pasako dute, eta horrek tropela erabat bakantzea espero da. Schachmann-ek gainsari gehiago lortzeko aukera izan dezake Arrigorriagan.
 
Mikel Iturriaren analisia
 
Txirrindularitzaren alde gogorrena gertutik ikusi ahal izan duzue gaur telebistaz, eroriko larria helmugatik gertu. Ni aurre-aurrean nindoan, tropeleko lehen hamarren artean Oscar Rodriguez taldekidea babesten eta aurrealdean eramaten, eta bat-batean halako eztanda bat entzun dugu. Horrelakoetan begiratu ere ez duzu egiten, ze begiratuz gero arriskua dago beldurra sartu eta balaztari eragiteko. Erorketen kontua eguneroko ogia da gure ogibidean. Sekulako abiaduran goaz, eta edozein despiste txiki garesti ordaintzen da. Eta babes gisa kaskoa baino ez daramagu, beste guztia biluzik. Goñi igotzen ari ginela, igotzen diot, Steve Cummings-i gurpila lehertu zaio. Ba errepide zulora joan da, erori, eta mina hartu eta gero lasterketa utzi du. Pentsa zein izan daitezkeen ondorioak gurpila 80 kilometro orduko abiaduran lehertzen bazaizu... Lasterketa barruan egon gabe ez zara konsziente ze arrisku dagoen, baina haundia da, oso handia. 
 
Etapa hasieran Gari Bravo eguneko ihesaldian sartzeko lana egin dugu, mendiko maillota mantendu zezan, eta hala izan da. Gero lasaixeago joan gara azken 20 kilometroak iritsi arte. Hor Sanz eta Rodriguez babestea zen gure lana. Barcelo erori egin da beste askorekin batera, 6 kilometrora, eta esku batean mina zeukala esan digu. Ikusiko dugu nola pasatzen duen gaua. Lastima da, oso sasoi puntu onean baitago. 
 
Itzuliari buruz, esango nuke Ion Izagirreri oso aldeko jarri zaiola Itzulia, hainbat faborito jokoz kanpo geratu baitira erorketaren ondorioz. Ez nintzateke sobera fidatuko Schachmannekin, oso indartsu baitago, baina azken bi egunetan Izagirre anaia gazteenak liderra atzean utz dezakeela esango nuke. Kontuz Bora taldearekin, halere, Konrad eta Buchmann ere aurrean baitaude, eta oso maila oneko aurkariak dira. Gure taldeari dagokionez, hiru etapa geratzen dira, eta estutu beharra daukagu, orain arteko lana hobetzeko. Garbi dago bihar, etzi eta larunbateko etapetan, ihesaldiak iristen badira txirrindulari oneko ihesaldiak izango direla, eta hor egoten saiatu behar dugu, bai edo bai.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!