Urnietako merkataritzaz kontzientzia hartzeko egitasmoari saria

Aiurri 2019ko api. 11a, 14:03

Urnietako dendariek Egape ikastolako ikasle talde batek egindako lanari esker ona adierazi zioten, ostegun eguerdian Lekaion egin zuten ekitalditxoan. Ikasleek merkataritzaren inguruko mapa landu dute, herriko merkatarien beharraz ohartarazteko.

Tokian tokiko merkataritza, salbuespenak salbuespen, egoera zailean dago. Urnieta, esaterako, Donostialdeko hedadura handiko merkatalguneetatik distantzia gutxira dago. Azken hamarkadatan mugikortasuna ikaragarri erraztu da, eta horrek onurak eta galerak ekarri ditu. Betiko merkatari txikiarentzat, merkatalgune handiekin lehiatzea ia ezinezkoa da. Iraunbizitzea  herriko dendari askoren errealitate gordina da.

Urnietako dendariak, ikasturte honetan, ekimen polit baten lekuko izan dira. Egape ikastolako ikasle talde batek, herriko merkataritza sustatzeko ekimen praktikoa aurrera eraman baitu. Hasteko eta behin, Urnietako mapa tamaina handian marraztu zuten. Bertan herriko merkatalguneak ipini zituzten, bakoitzaren informazioa erantsiz.  Ekimena osatze aldera, Santo Tomas egunaren bueltan, herriko merkatariek emandako produktuekin saskiak prestatu eta zozketatu egin zituzten. Plantxa, urdaiazpikoa... saskietan primerako osagaiak aurki zitezkeen.

Egindakoa borobiltzeko, ekimen osoa bideo batean landu zuten.

Peio Urretabizkaiaren esker ona 

Muazpi harategiko dendariak poza eta eskertza adierazi zien, Lekaion egin zuten ekitaldian: 

"Zuek egindako lana bultzada izan da guretzat. Horrelako ekimenak behar beharrezkoak ditugu Urnietan. Eskertzekoa da zuen ahalegina".

Aiurriri zehaztapen gehiago eman zizkion harakinak: "Urnietako denda txikien egoera azaltzea eta kontzientzia sortzea, hori zen helburua. Nerabe diren aldetik horrelako ardura erakustea txalogarria da. Urnietako dendari txikiak, beste toki batzuetan bezala, arrisku egoeran daude. Errealitate horri erreparatu diote, eta guretzat garrantzia handikoa da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!