Schachmann eta Iturria eguneko protagonistak

Andoni Urbistondo 2019ko api. 11a, 19:25

Schachmannek kolpea eman du mahai gainean, 3. etapa irabazita, eta faborito da Itzulia irabazteko. Mikel Iturria, aldiz eguneko protagonistatakoa izan da.

 

Max Schachmann itzulia irabazteko bere hautagaitza sendotzen ari da, etapaz etapa, zalantzak izan ditzaketenak uxatze aldera. Bora taldeko alemaniarrak 3. etapa garaipena lortu du Arrigorriagan, eta maillot horia sendotu. Gainsariak, eta ailegaera piko eta bihurrietan aurkariak baino gfehiago delako. Eguraldi gaiztoa, lagun, akaso. Liderrak 51 segundo kentzen dizkio orain bere taldekideari, Patrick Konrad-i, eta 52 Ion Izagirreri, itxuraz lanak eman diezaizkion aurkari bakarretakoa. Astanako ormaiztegiarrak, dena den, ia 20 segundo galdu zituen atzo, eta ez du ba, lan errazik izango, Schahmanni ia minutu bat lapurtzea azken bi etapetan.
 
Mikel Iturria urnietarra protagonista izan da, eguneko ihesaldian sartu baita. Oso garesti zegoen ihesaldia, tropela 30 kilometro ibili baita egurrean, zazpikote batek ihes egin duen arte. 3-4 minutuko errenta lortzeko ahalegin betean, tropelak alde handia jan die Bikotz-Gane lehen mailako mendatera bidean, eta aurreko zazpikotea ere hautsi egin da. Veronak eta De Marchik bakarrik iraun dute, baina Mitchelton-Scott taldearen erritmoak Zaratamoko gaina hasi aurretik tropelaren hatzaparretan erortzea eragin du.
 
Zaratamon Hamiltonek berotu die hauspoa oilarrei, eta Yates.ek eman segida. Sufritu egin du orduan liderrak britainiarraren erasoari eusteko, baina sufritzen jakin izan du. Beherakoan Podgacar gazteak eragin dizkio buruko minak, erabat irristakor zeuden bihurguneetan asko arriskatuz. Baina berriro maisuki jokatuz, etapa eta 19 segundoko errenta irabazi ditu.itzuliko bi etapa erabakigarrienen atarian. Biharkoak Arrigorriaga eta Arrateko Santutegia lotuko ditu, 149 kilometro eta muino eta mendatez jositako zerra itxurako ibilbidea. Hirugarren mailak hiru puntuagarri, lehen 80 kilometroetan: Morga, Natxitua, Bedarona eta Arribinieta. Broma gutxi, hortik aurrera, lehen mailako Izua igoko baitute ondoren, Mallabia gero (3. maila), eta Arrateko Santutegian helmuga, lehen mailako hori ere. Lasterketa hautsi nahi duenak badauka non. Eguraldia ere lagun izango dutela dirudi, egierditik aurrera eguzkiak giroa goxatuko duela baitirudi.
 
Mikel Iturria: Hau Euskal Herria da!
 
"Eta zer esango dizuet ba? Euria, hotza, errepide bustiak... Hau Euskal Herriko Itzulia da, hemen eguraldi euritsua da ohikoena, eta euria egiten duelako kejatzen hasi behar badugu, gaizki... Hasieratik hasi du euria, eta tarte txiki batzuetan atertu badu ere, egun guztia tximu-tximu eginda pasa dugu. Bizkaian sartu garenerako epelxeago egongo zen agian, baina Arabatik hoztuta etortzen zara, eta ezinezkoa da berotzea. Gainera, arroparekin akats txiki bat egin dudala uste dut. Euritik babesteko jantzi hobeagoren bat hartu izan banu hobe, ez nuelako espero hainbeste euri egitea, baina kale egin dut. Horrek baldintzatuta bete-betean aritzeko komeriaren bat edo beste eduki dut, baina kontent nago.
 
Ihesaldian sartu naizelako, eta hori ez delako erraza. Gaur, batez ere. Aurren-aurrena, hanka onak eduki behar dira, eta aurrera egin dezaketen saiakerak harrapatu. Gaur asko kostatu da, beste batzuetan lehenengoan egiten da. Tropeleko aurrealdean joan naiz beti, korte batean sartu naiz, gero tartetxo batean lasai, eta 30-40. kilometroan beste bi kortetan sartu naiz. Batean kale, eta hurrengoak aurrera egin du. Aurrera egiten duen ihesaldiko lehen ordu erdia infernu bat da, egurra eman eta eman aritu behar baituzu. Aintzat hartu talde askok ez dutela ordezkaririk sartzen ihesaldian, eta berau harrapatu nahi dutela nola edo hala. Halako batean 3 minutuko tartea utzi digute, eta ikusi da maila handiko ihesaldia zela: Monfort, Verona, De Marchi... Helmugara iristea oso zaila zen, eta mendiko puntu batzuk hartu ditut, behintzat, Gari Bravoren mendiko maillota babesteko. Bikotz Ganen harrapatu naute, eta dutxara sartu arte ez naiz berotu, ia 3 ordu geroago!
 
Bihar faboritoentzako etapa izango dela esango nuke. Asko dute jokoan, eta Izua eta Arrateko bigarren igoerak mina egingo dute. Larunbateko etapa egokiagoa izan daiteke ihesaldia helmugara iristeko, baina maila handiko ihesaldia izan beharko du. gaurkoa bezalakoa. Gu bietan saiatuko gara, ibilbidea beste inork baino hobeto ezagutzen dugu, eta bi egunetan orain arte baino eguzki gehixeago ikusten badugu, ba are eta hobeto".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!