Schachmann kendu, Buchmann jarri, Bora da Itzuliko errege

Andoni Urbistondo 2019ko api. 12a, 20:19

ora Hansgrohe taldeak dauka Itzuliko aginte makila. Schachmannekin lor zezakeela uste zen, baina Emmanuel Buchmann taldekideak hartu dio txanda. Alemaniarrak sekulako erakustaldia eman du Arrateko ailegaeran, eta hankaz gora jarri itzulia. 

Borak maisuki kudeatu du etapa, eta Top 10ean hiru txirrindulari dauzkala baliatu du Astana eta beste taldeak zigortzeko. 
 
Lekeitio eta Ondarru artean hasi da taldea hausten, Deceuninc-eko kideek jarritako erritmoaren ondorioz. Kalbarion gora Enric Mas-ek jo du erasoa, eta horrek oilarren tropela 20-25 unitatetan utzi du. Tropelaren hiru laurden, beraz, atzean geratu dira, helmugarako 60 kilometro falta zirela. Luis Leon Sanchez mugitu da ondoren, eta Patrick Konrad Borakoa berarekin. Bora eta Astanaren arteko jokoa, etengabe. Ion Izagirre Izuako gainetik gertu mugitu da, Sanchezekin bat egin eta bidea egiten saiatzeko, baina ez du lortu, eta Markinan, oharkabean, Sanchez, Sergio Luis Henao eta Buchmann-ek ihes egin dute. Sanchez geratu egin da, Buchmanni mesede ez egiteko, baina Astanak lo hartu du 10 kilometroan, eta alemaniarrak ia bi minutuko zuloa irekin du, indartsu, etapa garaipena eta lidergoa ziurtatzeko.
 
Arraten, Fulgsang, Ion Izagirre, Adam Yates eta Mikel Landa mugitu dira, baina loria aurrean zegoen. Buchmannek, porru eginda joanda ere, 50 segundo bakarrik galdu ditu azken igoeran. Liderrak 54 segundo kentzen dizkio orain Ion Izagirreri, eta 1.04 liderra zenari, Schachmann-i. Ikuskizun Ornaiztegikoa eta bere taldea biharkoan egoera hori iraultzeko gai izango ote diren, baina nahiko zaila dirudi. Ibilbideak ematen du borrokarako aukera, Eibarren hasi eta buka, 118 kilometro, eta sei mendate bidean. Hirugarren mailako hiru, lehen mailako 2, Azurki eta Karakate hormak, eta Asentzio, helmugatik 15 kilometrora. 
 
 
Mikel Iturriaren eguneko analisia:
 
A ze etapa... GP motorren proba bat izan dela dirudi!!! Sekulako abiaduran egin dugu etapa guztia, arnasa hartzeko aukerarik gabe apenas. Eta halere gustura ibili naiz, ondo sentitu naizelako, eta nire mugen barruan txukun aritu naizelako. Arrigorriagako etapa eztarriko min pixka batekin bukatu nuen, euriaren erruz, eta nahiko gau txarra pasa dut, baina esan bezala, gero errepidean, gustura. Zikliston gauzak, egun guztia egur batean, baina gozatzen. Etxean gaude, gure afizioaren aurrean, eta hori kristoren sentsazioa da.
 
Ikusi da oso maila handia dagoela itzulian. Etapako lehen mendatean jende asko geratu da atzean, eta Kalbario pasata, 20-25 lagun baino ez ziren geratzen. Niretzat ezinezkoa, une hauetan. Ze erritmoan ibili garen uler dezazuen, bi adibide on. Geraint Thomas-ek bota dit, Elgoibarrera bidean "what a fucking stage", uste dut ez duela itzulpenik behar. Aintzat hartu Thomas Tourra irabazitakoa dela, eta dozenaka lasterketa korrituko zituela, ba gaur hori esan badu, kontuak atera. World Tour-ean bi urte daramatzan talde bateko ziklista batek ere, gaurkoa epe horretan orain arte korritu duen etaparik azkarrena izan dela esan dit.
 
Behin atzean geratuta lasaiago zoaz, hurrengo egunean pentsatzen, eta egia esan Arraten gora ondo sentitu naiz. Bihar berriro saiatuko naiz, saiatuko da taldea ihesaldiren bat bilatzen. Ezin jakin bidea egingo duen edo ez, aldez aurretik egiten den prebisio oro zakarrontzira botatzen baita behin lasterketa hasita. Intentzioa agintzen dut, ez gehiago. Eta gaur ez dut ezer esango aurrean ibili diren oilarrei buruz. Ez ditut ikusi ere egin
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!