"Oso nekatuta baina pozik nago"

Andoni Urbistondo 2019ko api. 13a, 21:24

"Bukatu da Itzulia. Kontent nago. Oso nekatuta baina kontentu. Etxean korritzea beti da gozamena. Ikusi da taldea ze mailatan dagoen, eta World Tour mailan ze nibela dagoen. Azkenean urtean bitan aritzen gara haien aurka eta diferentzia agerikoa da".

Mikel Iturriaren analisia, itzuli amaitu berritan
Azken etapan ni baino 20-25 txirrindulari hobe egon dira. Hortxe dago nire muga. Talde horretan egon naiz egurra hasi den arte, Azurki mendatera arte. Lasturren barrena egin ditudan bost kilometroetan nire kirol ibilbide guziko watio kopuru handiena eman dut. Pentsa! Eta ez zen aldapa ikaragarririk. Ibilbide gorabeheratsua, baina abiadura ikaragarrian. Azurkin egurra hasi da eta bakoitzak gure tokia bilatu dugu.
 
Ion Izagirrek irabazi du Itzulia. Berri ona. Itzulia irabazi zuen azken gipuzkoarraren izenarekin gogoratzen al zarete? Ni ez. Bihar Udaberriko Sari Nagusia, eta gero Alpeetako Tourra. Hau ez da geratzen. Hurrena arte!".

 

Ion Izagirrek garaipen handia lortu du 
Etapa ikaragarria ikusi da Itzuliko azkena. Erotzeko moduko abiadura itogarrian, egurrari egur, erasoari eraso, eta txirrindulariak indar gramo bakar bat bera gordetzeko asmorik ez. Buchmannek atzo eman zuen erakustaldiarekin etsi antzean zen Astana, baina Bora taldeari hordagoa bota, eta merezita irabazi egin du. Arriskuak saria baitakar. Astana Kalbarion gora hasi da lasterkerta berotzen, Lutsenkorekin. Azurkiko lehen maldatan Jakob Fulgsang-ek jo du erasoa, eta minutu erdi geroago Ion Izagirre atera da bere atzetik. Buchmann sufritzen hasi da, bakarrik geratu, eta amore eman behar izan du, Astanako bikoari UAEko Martin eta Podgacar, eta Adam Yates elkartu zaizkionean.
 
Boskoteak bidea egin du, Buchmann kiderik gabe geratu delako, bakar-bakarrik. Azkarate gainean 11 segundora ere izan du boskotea, baina Elgoibarrera iritsita, taldekideen zain geratu beste erremediorik ez zaio geratu, eta tarte horretan aurreko boskoteak ia bi minutuko zuloa ireki du. Horrela egon dira, borrokan, baina Itzulia aurrean zegoenaren sentsazioarekin. Asentzion gora etapa irabazteko borroka hasi da. Dan Martinek jo du aurrena.Kale. Eibarko kaleetan, Adam Yates-ek jo du, eta balekoa izan da, segundo gutxi batzukin garaile helmugaratu baita Eibarko Toribio Etxebarria kalean.
 
16 urte dira euskaldun batek Itzulia irabazten ez zuela. Iban Mayo igorreztarra izan zen azkena, eta Izagirre anaietan gazteenari negar malkoak isuri zaizkio, Gorka anaia helmugartu denean, edo podium-era igo denean. Martin eta Fulgsang izan ditu ondoan podiumean. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!