“Helburua igoera lortzea da; ligaxka irabazita bada, hobe”

Andoni Urbistondo 2019ko api. 30a, 12:27

Maiatzaren 1ean hasiko da ligatxoa; Bergara, Legazpi, Munttarpe, Escolapios eta Askartza izango ditu aurkari UKEk. Garailea 2. Nazional Mailara igoko da. John Sanchez UKEeko eskubaloi jokalari eta kapitainari elkarrizketa:

Indarberritzen ari da John Sanchez Jonky, Urnietako Kirol Elkarteko eskubaloi senior taldeko erdikoa eta kapitaina (23 urte). Oporretan dago, baina Pedagogia Egokitzapen Ikastaroa on-line (CAP) egiten ari da. Konfiantza badu, igoera zuzena lortu nahi dutela dio. Ligako lehen erdian jokalari berriak akoplatzeko izan zituzten zailtasunak atzean utzita. Egutegiarekin kontent dago, “Legazpiren kantxa saihestu eta fasea etxean bukatuko dugulako”.

Zenbat urte, dagoeneko UKE eskubaloian?

Ez dakit, eskola kiroletik. Hamabost bat bai. Urte asko.

Bigarren igoera fasea lortuta, zer moduz dago taldea?

Nire ustez orain ondo. Kosta egin zitzaigun denboraldi hasieran, jokalari berri asko etorri zirelako, eta azkenean, pieza berriak enkajatzea, akoplatzea ez delako erraza. Baina hilabeteen joan etorrian lortu dugu, eta orain ondo gaudela uste dut. Pieza berriekin ohitzea ez da erraza. Ni erdikoa naiz, eta Karra-rekin ederki moldatzen naiz –Egoitz Karrazedo, taldeko beste kapitaina–, badakit keinu bakoitzarekin zer esan nahi duen. Unai Lejardirekin, adibidez, kostatu egin zait. Mutilak sekulako kalitatea dauka, baina kimika egokia lortu arte denbora behar da, eta orain lortu dugula esango nuke. Alor fisikoari lehentasuna eman genion denboraldiko lehen hilabeteetan, jokalari berri asko genituelako, agian, eta alor taktikoari garrantzi gehixeago eman behar genion. Orain taldea ondo ikusten dut, konfiantzarekin. Joseba Errazkin ere osatu da, eta oso pieza garrantzitsua da guretzat, mutiko bat bada ere.

Denboraldi hasiera ere berezia izan zen, bi talde egin behar izan baitzenituzten jende asko zinetelako.

Berezia ez dakit, naturaltasunez bizi izan genuen egoera. Talde bat Gipuzkoako Lehen Mailan lehiatuko zen, eta bestea Bigarren Mailan. Bereizketa ez zen traumatikoa izan, eta entrenatzaileak bere eskema zeukan, behar jakin batzuekin, eta kito, berak erabaki zuen ze jokalari nahi zituen Lehen Mailako taldean. Pertsonalki une gogorrak izan ziren niretzat. Bixen (Gorka Vicente), Erlaitz, Xabat… Bigarren Mailako taldean ari dira, eta ni beraiekin aritu izan naiz bizitza guztian… Edo Josu Irigoien atezaina bera, oso giro ona sortzen baitu. Klubaren lehentasunak finkatu ziren, eta Bigarren Mailakoak Lehen Mailara igotzea zuten helburu, eta Lehen Mailakook 2. Nazional Mailara.

Denboraldia irregular samarra izan da…

Hasieran dena ondo joango zela pentsatzen genuen. Kimikarik gabe ari ginen, baina irabazten. Baina Bidasoarekin galdu genuen, atsedenean 6 gol aurretik izanda, eta porrot horiek mina egiten dute. Pasa zaigu bizpahiru partidetan: mantsoago jokatzen hasi, minutuak aurrera egiteko, eta galdu.  

Gazte askoko taldea duzue, baina eskarmentu handiko jokalariak dituena ere bai.

Blokea oso gaztea da. Usurbilen Nazional Lehen Mailan aritutakoak dira gazte asko, baina gaztetasunaren eskarmentu falta hori urteekin irabazten da, jokalari onak izanda ere. Bloke berri bat egitea beti da zaila, partidak erabakitzen direnean halako urduritasuna sumatzen da. Orain bi urte jokatu genuen igoera fasearen aurreko partida orekatuak irabazi egiten genituen, bazegoen hor kimika berezi bat. Denboraldi honetan falta zaigu segurtasun hori. 

Eta nabarituko al da, segurtasun falta hori, igoera fasean?

Ez dakit, ze guk, normalean, neurri onena sailkapeneko goialdean dauden taldeen aurka eman izan dugu. Akatsak gu baino okerrago zeuden taldeen aurka izan ditugu, eta dagoeneko, ez dugu horien aurka jokatuko. Onenen aurka beste jarrera bat erakutsi dugu, hasi eta bukatu arte egurrean, eta horrek konfiantza ematen dit.

Zozketarekin gustura zaude, ezta?

Bai, Legazpiren aurka etxean jokatzen dugulako, eta han ez jokatzea gauza ona da. Ikaragarria da hango giroa, nola babesten duten taldea, eta han irabaztea oso zaila da edozein talderentzat. Legazpiren aurka etxean jokatzea gauza ona da. Gipuzkoako taldeen aurkako emaitzak errepasatuz gero, emaitzak nahiko onak dira. Mun-ttarperen aurka biak galdu ditugu, baina gol bat eta hiru goleko aldearekin. Bergararen kontra han galdu, egun txarra izan genuelako, eta etxean berdindu, baina sailkatuta geundenean, eta Legazpiren aurka, etxekoa irabazi, eta Legazpikoa berdindu. Bizkaiko taldeen inguruan ez daukagu erreferentzia handirik. Etxean Legazpi eta Leioako Askartza ditugu. Legazpiri 10 goleko errentarekin irabazi genion, ikusiko dugu Askartzaren aurka. Gustuko dut, era berean, ligatxoko lehen hiru partidak gipuzkoarren aurka izatea. Alegia, ezagutzen ditugun taldeak. Lehen bi partidak irabaztea funtsezkoa da. Bergaran lehenengoa, maiatzaren 1ean, eta Legazpiren aurka, maiatzaren 4an Urnietako kiroldegian. 

Eta bizkaitarrekin zer egin behar duzue?

Ba Legazpi, Bergara edo Lezon jokatuko dituzten partidak ikusten saiatu, halako scouting edo azterketa bat egiteko.

Ligatxoko garailea zuzenean igotzen da, baina sei taldetatik bakarra geratzen da aukerarik gabe. Beste lauak halako Lauko Finala jokatuko duzue. Horrek lasaitasuna ematen al du?

Beno, nik igoera zuzena lortu nahi dut, eta hala ez bada, bigarren postua eskuratu, bigarren geratzen denak derrigor Lauko Final edo kanporaketa horiek antolatu behar dituelako, ekaineko lehen asteburuan.

Zein da UKE-ren erronka?

Ligatxoa irabaztea. Azken asteetan izan ditugun solasaldietan-eta garaipen gosearekin ikusten dut taldea, eta taldeko jokalari beteranoenek ere hori diote.

Zenbat garaipen behar dira ligatxoa irabazteko?

Lau garaipenekin nahikoa izan liteke. Bostetik lau, parekotasun handia egongo delako. 

Bostetik lau. Ez al da asko?

Baliteke… Baino lau lortzen dituenak igoera lortuko du.

Nolakoa izan da zure denboraldia?

Beno, entrenatzailearen jarraipena izan naiz kantxan. Erasoan bakarrik jokatu dut, defentsan aulkian egon naizelako ia beti. Horrek erasoan freskoago egotea eragin du. Bere alde txarra ere badu, defentsan jokatzen ez baduzu tentsioa galtzeko arriskua dagoelako. Karra-rekin egiten dut aldaketa, eta ondo moldatzen gara. 

Zer suposatzen du zuretzat igoerak?

Dena! UKEk ez du inoiz halakorik lortu, eta kristorena litzateke. Ez dut eskubaloia utziko, igoera hori lortu arte. Eta aurten daukagun talde puskarekin aukera hori ez gauzatzea akats handia litzateke.

Eta zer suposatuko luke 6.500 biztanleko herri batentzat Eskubaloiko 2. Nazional Mailan eskubaloi talde bat izatea?

Lorpen handia. Gero, agian, kristoren muturrekoa hartzen duzu, eta berriro maila galdu, oso talde onak daudelako 2. Nazional Mailan, baina bi urte atzera, igoera fasean ikusi genuena errepikatzea nahi nuke. Alegia, kiroldegia beteta ikustea, inoiz eskubaloia ikustera joan ez den urnietarra harmailetan ikustea, taldea animatzen. Askotan Zarautz edo Legazpira joaten zara, eta inbidia sanoa sentitu, han herria nola inplikatzen den eskubaloi taldearekin, harmailak lepo beteta, zure koadrila guztia han animatzen… Oilo ipurdia jartzen zaizu!

Zerbait badabil herrian…

Hala entzun dut, bai. Inoiz ez zait ahaztuko, orain bi urte, Ordiziaren aurkako partida. Galdu egin genuen, baina partida bukaeran bi taldeak hurbildu ginen harmailetara txoko batean zeuden dozenaka gazte haiengana, euren laguntza eskertzera, eta benetan, ikaragarria izan zen. Partida betean tentsio ikaragarriarekin zaude, baina animoak entzuten dituzu, eta sekulako indarra ematen dizute. Nik gutxitan gozatu izan dut orduan bezala. Horrelakoak bizitzeko aukera hutsa izatea ikaragarria da.  

Oso jokalari ona zara, eta Urnietatik mugitzeko aukeraren bat izan duzu, mailaz igotzeko, baina ez zara mugitu. Zergatik?

Beno, aukera aukera... Probatu, agian. Jokatu, ez dakit. Urnietakoa naiz, nire koadrilako lagunak ditut alboan lan saioetan, eta non hobe, etxean baino? Nire herriko taldearekin jokatu nahi dut 2. Nazional Mailan.

Ligaxka maiatzean

• V.1 Bergara-UKE 

• V.4 Urnieta-Legazpi

• V.11 Munttaper-Urnieta

• V.18 Escolapios Bilbo-Urnieta

• V.25 Urnieta-Askartza 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!