Komunikabideen begiradapean dabil azken denboraldian, 16 gol sartu eta Iberdrola Ligako goleatzaile nagusietakoa delako. Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketa jokatzeko zerrendan egin daitekeelako. Edota bizitza erdi egin duen klubak, Realak, maiatzaren 11n Granadan Kopako finala jokatuko duelako. Zuri-urdinen historia laburreko lorpen handiena, ezbairik gabe. Prentsan eta sare sozialetan gauza itsusiak irakurri behar izan ditu, egia ez diren kontuak, baina lasai dago: “kontzientzia lasai daukat, eta hala den bitartean, arazorik ez”, dio tinko.
Zer moduz zaude fisikoki?
Ondo. Frustrazio apur bat sentitu dut azken asteetan, ezin izan baitut Espainiako Selekzioarekin Brasil eta Ingalaterraren aurkako lagunartekoetan parte hartu, baina tira, Espainiako Ligan ere atsedena izan dugu, eta lehiaketa falta ondo osatzeko baliatu dut. Gihar lesio arin bat izan da, haustura txiki bat, ezer seriorik ez. Prest egongo naiz Kopako finalerako.
Ez duzu lesio askorik izan.
Ez, eta eskerrak, paziente txarra bainaiz, medikuei lata ematen lehenbailehen osatzeko… Ez dut batere gustuko harmailetan egotea. Asko sufritzen dut, oso lehiakorra naizelako. Gogo faltarik banuen, irabazi dut, atseden behartu tarte horrekin.
Lesioek beti dute zergatiren bat.
Bai, asko gustatzen zait jakitea non lesionatu naizen, zergatik gertatzen diren. Horregatik ikasten ari naiz medikuntza, eta lesionatzen naizenean beti eskatzen diet medikuei ekografia, lesioaren eboluzioa eta beste. Lagungarria gertatuko zait etorkizunean.
Medikuntza aipatu duzula, zer moduz ikasketak? Lasaiago ari zara orain.
Urte zaila izaten ari da. Kontzentrazio asko egiten ari naiz selekzioarekin, 10-15 egunekoak, eta klaseetara joateko zeregina zaildu zait. Esfortzu handia eskatzen zaigu unibertsitatean, gero eta ahalegin handiagoa, eta nire bidea aukeratu dut. Ez dut presarik ikasketak bukatzeko, nire martxan ari naiz, gaiak ahal dudan moduan gainditzen, baino orain beste lehentasun batzuk ditut.
Eliteko kirolaria zara, eta hala direnei unibertsitatean erraztasunak ematen dizkiete, ikasketak bukatu ahal izateko. Zurekin antzera gertatzen da?
Beno, ez irakasle denekin. Batzuek ulertzen dute, besteek ez hainbeste, egoera berria delako beraientzat. Medikuntzan ez da ohikoa eliteko kirolariak egotea, irakasletzan edo Kirol Zientziatan bezala. Badaukagu tutore berezi bat, datekin eta laguntzen gaituena, baina borrokatu egin behar dugu.
Ikasketetan apur bat lasaitu zara, beraz, azken bi urteetan.
Bai. Hirugarren mailan nago, eta bost dira. Futbolaz disfrutatu nahi izan dut beti. Azken bi urteetan futbolak eta nire jardunak hazkuntza handia izan dute, eta horri eutsi behar zaio. Goi mailan lehiatzeak exigentzia handia eskatzen du, baina aldi berean gozatu egiten dut. Ikasketak alboratu gabe, lasaixeago arituko naiz, lehentasuna futbolari emateko.
Zerk aldarazi du zure pertzepzio hori? Bi urte atzera ez zenuen hala pentsatzen.
Bi urte atzera eskatzen zitzaigun konpromisoa ezberdina zen. Fisikoki lan gehiago dugu orain, teknikoki klubak gehiago eskatzen du, gero selekzioa dago… Egunerokoa nekagarria izaten da sarri, eta atsedena behar dugu. Neke horri egunero Bilborainoko joan-etorria gehitzen badiozu, atera kontuak. Gorputzak, buruak zer behar duen sumatzen duzu, eta norberarentzat onak edo egokiak diren erabakiak hartu, beharren arabera.
Izan ere, denbora dezente daramazu dagoeneko olatuaren aparrean.
Urte garrantzitsua izaten ari da. Munduko Txapelketako deialdian sartu nahi nuke, Realean egin dudan lan onaren ondorioz lortutako saria litzatekeelako. Behe Mailatan ere urteak egin nituen, baina orain ezberdina da. Espainiako onenekin zaude, munduko txapelketa onenean, eta asko gozatzen ari naiz. Denboraldi ona izan da, eta ondo bukatzea espero dut.
Espainiako futbol selekzioa erakusleiho ezin hobea da.
Zalantzarik ez. Jokalari on asko ateratzen ari dira, bai selekzioan, eta baita beheko mailatan ere. Horrek esan nahi du Ligako taldeetan egiten ari diren lana ona dela. Onenekin lehiatzeko koskatxo bat igotzea falta zaigu, eta Munduko Txapelketa hori lortzeko aukera bikaina da.
Presio berezia sentitzen duzu Espainiako selekzioko deialdietan ohikoa bilakatu zarelako, Realean lortzen ari zaren zenbakiak ikusgarriak direlako?
Lasai nago. Realean edo selekzioan ezberdina da. Realean askoz handiagoa da, baina Espainiako selekzioan beste kide askok ni baino arreta handiagoa pizten dute, eta niri horrek lasaitasuna ematen dit. Iritsi berria naiz, jokalari multzoa kalitate handikoa da, eta ni ikasteko nago, eskatzen didaten zereginean laguntzen saiatzeko. Realean onartua dut erantzukizun askoz handiagoa daukadala, Espainiako selekzioan askoz apalagoa. Han ikusi, entzun eta isilik egoten saiatzen naiz. Iritsi berriak ikasteko gaude. Oso lehiakorra naiz, eta beti nahi dut zelaian egon, golak sartu, baina Realean eta selekzioan nire zeregina erabat ezberdinak dira.
Zergatik etorri da orain deialdi guztietan sartzeko sari hori?
Aspalditik ezagutzen nau Jorge Vilda hautatzaileak. Jarraikortasun bat eman dit azken hilabeteetan, eta agian lehenago ez zuen horretarako aterik ikusten. Heldutasunarekin zerikusia daukala esango nuke, eta baita ezaugarri jakin batzuk dituzten jokalariak bilatzen ari delako. Jokalari teknikoak, baina era berean erasoan azkarrak direnak, eta nik ezaugarri horiek ditut, Athleticeko Lucia Garciak, edo Atletico Madrileko Andrea Falconek bezalaxe.
Munduko Txapelketako deialdian sartzeko itxaropenik bai?
Jakina. Orain arteko deialdi guztietan sartu naiz, lesionatua egon ez naizenean, eta horrek konfiantza ematen dit. Kopako finalean lan ona egin behar
dut.
Munduko Txapelketan aritzen bazara, Nahikari Garcia bat egongo da, txapelketa horren aurrekoa, eta beste bat, txapelketa ostekoa. Horrek arduratzen zaitu?
Ez. Munduko txapelketa ez da iritsi oraindik, ez dakit han egongo naizen, eta ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi. Gozatu egin nahi dut.
Sei urte dagoeneko Realean. Iritsi zineneko Reala, eta egungoa, erabat ezberdina da, eta zure parte hartzea bilakaera horretan funtsezkoa izan da.
Beno, ez dakit nik epaitu behar dudan funtsezkoa izan naizen edo ez… Egia da iritsi nintzenean taldea ez zegoela ondo, jaitsiera postuetan zegoela, eta gero bilakaera handia izan da. Urte txarrak pasa ditugu, eta sei urte geroago 4. eta 5. postua lortzeko borrokan murgilduta gaude, Kopako final batean. Hobekuntza horretako parte sentitzen naiz, asko ikasi dut Realean, eta horrek indarra ematen dit. Reala nire etxea da, eta aho zabalik uzten zaitu Zubietara gero eta jende gehiago hurbiltzen dela ikusteak.
Lasai ibiltzen zara kalean, oraindik, edo dagoeneko izarra zara jendartearentzat?
Beno, gauza kuriosoa gertatzen zait Urnietan edo Andoainen. Kaletik noa eta ume pila bat hurbiltzen zaizkit, argazkiak eta sinadurak eskatzera eta beste, eta harritu egiten naiz, ze txikitatik ezagutzen ditut gehienak. Niretzat ez da zama bat, gozatu egiten dut, taldea jendearengandik gero eta hurbilago baldin badago, hobea delako.
Zure jardun onak prentsaren interes gune bilakatu izana ere eragin du, eta ez onerako, kasu batzuetan. Nola daramazu zurrumurru iturri izatea, egiak, edo egia osoak
ez diren gauzak irakurri behar izatea?
Ikasten ari naiz, pixkanaka, horretan ere. Hasieran nire jardun edo esanek ez zuten orain duten oihartzunik, baina orain bai. Albiste asko atera dira, baina horrekin bizitzen ikasi behar duzu derrigor. Gezurrak esaten dira, edo egia osoak ez, eta sufritzen dugu, baina ez da nik edo jokalariok kontrolatu ditzakegun kontuak, eta alde horretatik, kontzientzia lasai daukat. Nire ingurukoek badakite nolakoa naizen, nolakoa den nire bizitza, zer pentsatzen dudan, eta horrek lasaitasuna ematen dit.
Bihar zortzi, Kopako finala. Atarikoan, erronka zail-zaila dirudi Atletico Madril menderatzea.
Zein final izaten da erraza? Granadakoa ez da izango, noski, baina edozer gauza gerta daiteke. Euren aurka ez dugu ongi jokatu Ligan, eta ondo ezagutzen dugu elkar, baina dena da posible. Gure lehen aldia da, eta ondo prestatuko dugu, ziur, baina horrek ez du txapela ziurtatzen. Finalak jokatzen dituztenek irabazten dituzte. Jokatzen ez dituztenek ez.
Batek daki noiz etor litekeen beste final bat, 25.000 lagun elkartu ziren Anoetan… Perspektiba galtzen ari gara emakumezkoen futbolarekin?
Horregatik baloratu behar da egindakoa. Ez da bide erraza izan. Finalerako txartela lortu genuen egunean esan nien taldekideei, momentuaz gozatu behar genuela, historia egin genuela, lehenak izan ginela Realean, igual beste bat ez genuelako ezagutuko: finala, Anoetako harmailak beteta… Disfrutatzeko esan nien. Anoetako betekada ona izan zen, baina nahi duguna da Zubieta astebururo beteta egotea, horrek esango digu emakumezkoen futbolaren hazkuntza zenbateraino den sendoa edo ez.
Zu zeu oso ondo moldatzen zara partida garrantzitsuetan. Esan nahi da, baduzula dohain bereziren bat, aurkariak urduritzeko.
Lehiakorra naiz oso. Ez da sobera pentsatu behar aurkaria zein den, edo final bat den edo ez. Futbol partida bat da, ez besterik. Dagoeneko nahiko final jokatu ditut, ez ditut irabazi, baina talde gaztea gara, eta Atletico Madrilek eskarmentu handiagoa dauka.
Ondoren etorriko da askok jakin nahi duten/dugun galderaren erantzuna, Nahikari, zure etorkizunaren ingurukoa.
Etorriko da, noski. Finalaren ondoren argituko da.