Agintaldiaren balorazioa, alkatearen eskutik

Jon Ander Ubeda 2019ko mai. 6a, 18:33

Alkatetzan egin ditu bi agintaldi oso, eta hirugarrenari ekiteko prest dago. Hauteskunde Orokorren eta Udal hauteskundeen artean Aiurri astekariari elkarrizketa eskaini dio. 

Espainiako Kongresurako eta Senaturako Hauteskunde Orokorrak pasa berri dira. Zein da estatu mailan eta udalerrian egiten duzun balorazioa?

Zorionez, arriskutik kanpo geratu gara eskuin aldeko hiru alderdien aliantza hori ezerezean geratu delako. Euskadirentzat hain kaltegarri izan zitezkeen neurriak, beraz, ezingo dituzte aurrera eraman. PSOEk akordioetara iristeko beharra dauka orain, eta Euskal Herriko ordezkaritza dugun alderdiok Euskadiko Agenda negoziatzeko aukera izango dugula uste dut.

Udalerrian parte hartze handia izan zen, %75aren bueltan. Ordezkatzen dudan alderdiari dagokionez, hauek ez dira historikoki gure hauteskundeak izan eta hala ere igandean irabazi egin genuen. Eskerrak eman nahi dizkiet gugan konfiantza ipini zutenei.

Zure azken egunak dira, agintaldi honetan. Alkate eta akategaia izango zara, nola bizitzen da egoera hori?

Gaizki, egia esan. Alkategai modura denbora gehiago izan nahiko nuke, datozen hurrengo lau urteetarako erronkak hobeto prestatu ahal izateko. Baina alkate naiz eta agintaldia ez da oraindik amaitu. Ekimen asko abian ditugu, eta horiek ere ondo itxi behar ditugu. Denbora kudeatzeko arazoekin nabil.

Nola nahiko zenuke urnietarrek zu gogoratzea? 

Konpromisoarekin. Herriareriko eta herritarrekiko konpromisoarekin. Udalari lasaitasun giroa eman nahi izan diogu, herriaren alde eginez eta krispazioa ahaztuz. Erdigunean herritarrak ipinita, herritarrentzat onena lortzeko lanean ari gara.

Hartu emanetarako erraztasuna izatea herri bateko alkate izateko gakoa al da?

Ona da, baina batzuetan txarra izaten da. Mugarik ipintzen ez denean, zailtasunak sortzen dira. 24 orduz alkate zara eta norberak ez baditu mugak jartzen, heritarrari uneoro zuregana gerturatzeko aukera zabaltzen diozu. Niretzat aukera bat izan da, horrela bizi izan dut. 

Zortzi urteak jarraian baloratzeko gai zara? Ala agintaldiz agintaldi oroitzea nahiago duzu? 

Bi agintaldi ezberdin izan dira. Bigarrenean emaitza hobeak lortu genituen, eta gehiengo osoa izan arren, lehen agintaldian bezala lan egiten ahalegindu gara. Bakarrik erabakitzeko aukera izanda ere, gainerako alderdiei eskua luzatu diegu. Nik uste jokabide horretan jarraipena egon dela.

Alkate izateak zeharkalteak sortzen ditu, familian akaso. Ana Carrere Andoaingo alkateak dio desgastea handia dela. Zein da zure iritzia? Zer diozu zuk?

Gauza askori uko egiten zaio. Alaben garapenaren lekuko izateari, adibidez. Bat egiten dut Ana Carreren adierazpenarekin. Ilea beltz samarra daukat baina barnetik 'kana' dexente izango ditut, eta pentsatzen dut Carrereri ere berdin gertatu zaiola.

Maribel Vaquero alboan eduki gabe, babes handia eta ezagutza maila handiko kidea galduko duzu. Faltan botako duzu?

24 urte egingo ditu Udalean eta faltan botako dugu. Kasu nabarmenena berea da, Udal kudeaketaren ezagutza handia duelako. Halaber, aukera berria zabalduko zaigu guri. Senatuan lortuko duen ordezkaritzarekin harreman zuzena izango du estatu mailako administrazioarekin. Solaskide zuzen bat irabaziko dugu. 

Miren Martiarena gizarte zerbitzuetan, Maripi Sarasola hezkuntzan eta euskaran, Koldo Aramendi, Manuel Mayoz..., bakoitzak bere esparruan egin duen lana ez dut ahaztu nahi.

Udal kiroldegi berria izan da agintaldiko egitasmo handiena?

Agintaldi hasieran etorkizuneko Urnieta garatzen hasteko aukera eman genien herritarrei. Udal gerakinetik lau milioi euro zeuden eta Udal kiroldegia eta Etenetako igogailua martxan jartzea erabaki genuen. Egitasmoak aurrera eramango ditugu eta gastua orotara 8-9 milioi eurokoa izango da. Etenetako igogailua martxan izango da aurten, eta agintaldia amaitzerako kiroldegiko lanen esleipenari bidea eman nahi diogu, udan eraikitze lanei hasiera emateko.

Kiroldegiari dagokionez, hainbatek igerileku estalia eskatu dute. Andoainen, aldiz, igerileku estalia dago, eta batzuk irekia eskatzen ari dira.

Errazena litzateke zerbitzu guztiak eskaintzen dituen kiroldegia egingo dugula esatea, baina koherentziaz jokatu behar dugu. Ez da inbertsioa bakarrik, kontutan hartu behar diren gerora sortzen diren kostuak. Beterri-Buruntzan kirol eskaintza osagarria dago, eta inguruko herrietara joateko aukera badago. 

Fase honetan igerileku estalia ez da aurreikusten. Aurrera begira aukerak hor daude, espazio berriak sortuko baitira. Urnietako populazioa igotzea lortzen baldin bada, kiroldegia erabiltzeko bazkidetza gehiago lortzen bada, aurreikusi daiteke. Gaurko egunez igerileku estali batek sortuko lituzkeen gastuak kubritzeko–pertsonal gastuak, energia,...– beste zenbait zerbitzu emateari utzi beharko genioke. Zeintzu? Hori oso zaila da erabakitzen. Kirol erabiltzaile gehien dituzten jarduerak kontutan hartu ditugu, lehen fase honetan.

Ur edangarriaren zerbitzua Añarbek bereganatuko du. Zu zeu erabaki horren oso aldeko agertu zara.

Herrigunearen eta industriguneen %90a dagoeneko Añarbek bideratutako ura kontsumitzen ari da. Landagunean gure ur propioa erabiltzen aritu gara. Agintaldi honetan Ur Konfederazioak landaguneko ur biltegi baten lizentzia aldatu digu, erabilgarri izan daitekeen ur erabilera nabarmen murriztuz. Ikusita eskualdeko beste herri batetan euren ur biltegi batetik herriaren heren batean kalte arinak izan zirela, herritarrak babestea lehenetsi dugu. Indarrean dugun hitzarmenarekin urnietarren %99ari Añarbeko ura iritsiko zaio. 

Hondakinen harira, kosta da baina badirudi Urnietan emaitza onak lortzen ari zaretela.

Apustu handia egin zen bere garaian, eta herritarrei motibazioa eta inplikazioa eskatu zaie. Edukiontzi itxiak ipini ditugu organikoa eta errefusa bereizteko. Organikoa egunero zabaldu daiteke, eta errefusa astean bitan. Egon badago sistema honekin ados ez dagoen jendea, eta hondakinak gaizki bereizten ari dena. Baina bilketa selektiboaren portzentaia %71 inguruan dago. Lauzpabost urte atzera %35ekoa zen. Garapen ona izaten ari gara. 

Aurrerantzean portzentaia hori handitzea kosta egingo da. Espero dezagun orain ditugun erresistentzia horiek gainditzea eta piskanaka portzentaia handitzea. 

Landagunean apustua egin dugu, txipa duen edukiontziak ipiniz. Edukiontzi marroiak ipini nahi ditugu, eta mankomunitateko lehen herria izango gara. Landagunean bizi diren guztiak ez dira baserritarrak, eta horiei ere edukiontziak gertu jarri behar zaizkie.

Eskualde mailako erronka handiena garapen agentzia da.

Bai, eta uste dut Urnieta, Usurbil eta Astigarraga eskualdeko herri txikienentzat abantaila izango dela. Onura ekarriko digu agentzia sortzeak. Eta ez bakarrik enpleguan eta garapen ekonomikoan. Gizarte Zerbitzuetan ibilbide bat hasi dugu, eta agentziaren bitartez jarraipena emango zaio. Kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko ezinbestekoa da garapen agentzia sortzea.

Urnietako jaietan edo gizarte bizitzan, une honetan, eragileen falta nabaritzen da. Zein izan daiteke arrazoia, zure ustean?

Nekealdi bat izan daiteke. Eragile lanetan gehiago balira, hobe. Susmoa dago eragile lan ezberdinetan batetik bestera antzeko jendea dabilela, eta horrelakoetan nekea gailendu daiteke. Herritar askok jai egiteko gogoa dauka, baina antolaketa lanetarako jendea bilatzen arazo gehiago dago. Hausnarketa sakona egin beharko da. Nola lagundu edo nola erraztu aztertu beharko da, herri dinamika eta herri nortasuna  sustatzen jarraitzeko.

Aurkari politikoen inguruan zer esango zenuke? PSE-EE urrun samar dagoela dirudi, EH Bilduren jarrera eraikitzailea nabarmendu izan duzue...

Urnietako udaletxearen kasua horixe da. Gehiengoa izan arren gainerako alderdiekin akordioetara iristen saiatu gara, babes handiagoa izatea komenigarria izaten delako.

EH Biduren jokabidea eraikitzailea izan da, eta eurekin askotan akordioetara iritsi gara. PSE-EErekin gehiago kosta izan zaigu. 

Gure aldetik jokabide berdinarekin jarraitu nahi dugu, eta gainerako alderdiek jarrera hori ere izatea espero dugu.

Asier Nieblaren gertaera izan da akaso agintaldi honetan kudeatzea egokitu zaizun egoerarik zailenetakoa?

Bai. Donostian berriki beste gazte baten heriotza izan da, eta Donostiako alkateak gertaera Urnietako gaztearen kasuarekin parekatu zuen. Justifikaezinak diren gertaerak dira. 

Emozionalki, Asier Nieblaren kasua kudeatzea  gogorra izan zen. Familia bat kaltetua izan da, eta ez da kasua itxi. Epaiketa hasi gabe dago eta prozedura konplexua izaten ari da.

Zer da amaitu gabe geratu zaizuna?

Gauza asko, eta seguru nago lau urte barru ere gauza asko egiteke izango direla. Ona da hori, mugimendua eta bizitza dagoen seinale da. DBHko zentroaren apustua aipatuko nuke. Jaurlaritzak urratsak eman ditu, inbertsio mapatan sartu duelako. Babiloniko eremua lortzean, Udalak plan partziala garatuko du eta Jaurlaritza aurrera egitek prest dago. Prozedura gauzatzen ari da. 

Bestalde, hirigintza alorra garatzear dago. 30 etxebizitza egin dira. Babilonikoa eta Ermotegikoa, ordea, Jaurlaritzaren Ingurugiro sailaren txostena jasotzeko zain daude. Hori lortuta, hirigintza alorreko bi egitasmo horiek abiaraziko dira. Agintaldi amaieran ez bada, agintaldiaren hasieran bi egitasmoak mahai gainean izango ditugu. Herrian bizi nahi duten urnietar guztiei bertan bizitzen jarraitzeko aukera eskaini behar diegu. 

Eta bada zerbait beste modu batera egingo zenukeena?

Hainbat egitasmo errazago eta azkarrago egiteko aukera izatea eskertuko nuke. Administrazioaren sarea oso konplexua da, eta askotan erraza dirudiena luzatu egiten da. Egitasmo asko nahi baino gehiago luzatzen ari dira. 

Herritarrei gauzak errazten gabiltzan bezala, administrazioan lan egiten dugunoi ere erraztasun berdinak izatea gustatuko litzaiguke. Hobetzeko esparru handi bat dago hor.

Alderdikide batzuk hizpide izan dituzu elkarrizketan. Badoazen aurkari politikoei buruz zein hitz eskainiko zenizkioke?

Kargu guztiei, baita aurkeztuko diren guztiei ere, errespetu handia zor zaie. Gaur egun pausoa ematea konplexua baita. Doazenen artean, batez ere, Mikel Izagirreri eskerrak eman nahi dizkiot lau urte hauetan izan duen jarrera eraikitzaileagatik. Animoak eman nahi dizkiot. Beste erronka batzuk ditu orain. Bizi ditzala, eta indartsu bizi ditzala erronka berri horiek. Itziar Artolari agintaldia gogorra egin zaio, baina indartsua da eta erronka politak ditu aurretik. Zorterik onena opa diot. Eurekin izan dugun harremana eskertu nahi diet.

Ivan Haro alderdi sozialistako ordezkaria ez da berriro aurkeztuko. Diferentziak izan ditugu, baina elkarri errespetua erakutsiz jokatu dugu beti. Hari ere nire esker ona adierazi nahi diot.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!