"Gizatasunik ez duen espezie bereko gizakiak gara"

"Gizatasunik  ez duen  espezie bereko gizakiak gara"

Nekane Orkaizagirre urnietarrak Greziako Samos uhartean hiru aste egin zituen otsailean, errefuxiatuei laguntza ematen. Errefuxiatuak merkantzia huts gisa erabiltzen direla salatu du.

Bi hilabete luze daramatza dagoeneko etxean, baina ahazten zaila den zerbait ikusi eta ahaztu ezin duenaren aurpegia dauka Nekane Orkaizagirrek (27 urte, Urnieta). Bidaiatzeko zaletasunak Atenasera eta Samos uhartera eraman zuen otsailean, Greziara, errefuxiatuei laguntza eman asmoz. Lagundu du, eta bueltan da, berriro itzuliko dela konbentzituta. Gure gizarte aurreratuetan txorakeriaz arduratzen garela dio, zer jan edo zer jantzi ez duten milaka lagunen egoera penagarria oharkabean utziz.

Nekanek beti izan du garbi errefuxiatuen arazoa lehen pertsonan bizitzeko gogoa zeukala, “eta neguan laguntza gehiago behar dutenez, eta nik ahal nuenez, bertara joatea erabaki nuen”. Halako batean katilu solidario bat erosi zuen, harremanetan jarri elkarte batekin, “eta han lanean ari diren elkarte ezberdinen informazioa eman zidaten. Nire kabuz ikertzen hasi nintzen, eta halaxe topatu nuen Refugee4refugees erakundea, Gasteizko lagun batzuen bitartez”. Siriako errefuxiatu batek sortutako elkartea da, eta horrek erakarri zuen Nekane. Errefuxiatuek lagundu eta parte hartzen duten erakundea da, nahiz eta koordinazioa errefuxiatuak ez direnak egin. Elkarte horrek Samos uhartean laguntza eskatzen zuten, eta Nekanek dioenez, “hango berri gutxi dago. Lesbos esaten baduzu, jende gehienak entzun duen izena da, errefuxiatu gune ezagunena baita, baina Samos-en eta beste tokietan ere badaude, antzeko beharrekin”.

Nekanek Atenasen egin zuen lehen geltokia. Bertan eraikin okupatu batean egon zen, City Plaza izenekoa. “Grezian, krisi ekonomikoa piztu zenean, hainbat negoziok hondoa jo zuten, eta Atenasko hainbat ezkerreko mugimenduk hotel bat zenna okupatu zuten, errefuxiatuei laguntza eta bizitza duin bat emateko asmoz. Hotel horretan 500 bat errefuxiatu bizi direla esango nuke. Boluntario gisa joaten zara, zertan laguntzeko prest zauden jakinarazi, eta beharrak asetzen dira: sukaldeko lanak, garbiketa lanak…”. Astebete egon zen bertan, hainbat zereginetan. Ingelesez, noski, hainbestean. “Esperientzia oso ona izan zen. Errefuxiatuak ezagutu nituen, eta haien hizkuntzako oinarrizko hitz batzuk ikasten saiatu sirieraz edo farsi-eraz” (Persiako hizkuntza).

Astebete inguru egin zuen City Plaza eraikin okupatuan, baina lehenen egunean ohartarazi zuten City Plazako egoera, eta Samos uhartekoa erabat ezberdina dela. City Plazan “errefuxiatuek oinarrizko beharrak asetuta dituzte: jana, ohe bat, garbiketa, ACNUR-ek ematen dien diru asignazio txiki bat… Ezin dute lanik egin, edo ikasi, baina Samos edo Lesbos-en baino askoz hobeto daude”. City Plazak beste erakundeen laguntzari esker irauten du, boluntarioen ekarpenei esker. Ekimen ugari antolatzen ditu dirua bildu, eta horrekin janariak eta beste lortzeko. City Plazako egonaldiaz, “24 orduz segurtasunaz arduratzen diren kideak daudela harritu ninduen gehien, hala egin izan ez balute polizia errefuxiatuak kaleratzera joan zitekeelako”. 

Egoera penagarria
Samos uhartean

Atenasetik Samos uhartera joan zen Nekane, ferry-an. Bertan lehen ezustekoa. “Paperak zeuzkan Siriako errefuxiatu batekin nindoan, eta Poliziak dokumentazioa eskatu zion. Gero dena konpondu zen” (Samos Turkiako kostaldetik gertu dago, Atenastik 11 ordura ferry-an). Samos-en boluntarioen etxean egon zen: “Prestatua dago, baina errefuxiatu gunetik urrun. Auto batean mugitzen ginen”.

7.000 biztanleko herria da biztanletsuena Samos uhartean. Errefuxiatu kanpamendua 700 lagunentzako prestatua dago, baina 5.000 lagun baino gehiago pilatzen dira. “Eraikuntzarako edukiontzi horietako batzuetan bizi dira, kartzela batean baleude bezala”, dio Nekanek. Edukiontzietan bizi direnak elektrizitatea badute, baina besteek ez. Iritsi berriei “kontrola pasa eta leku bat bilatzeko esaten diete, besterik gabe. Ez kanping dendarik, ez ezer. Oso inpresio gogorra izan
zen lehenengo hura, arratoientzako kanpalekua zirudien, umeak egoera penagarrian zeudelako”.

Errefuxiatuak laguntzera joaten direnek, gainera, errealitate gordin batekin egiten dute topo: “Hara bertaratzen garenean beti egiten dizute irribarre bat, badakitelako handik ateratzeko daukaten itxaropen bakarra gu garela, haien egoera salatu eta handik ateratzeko ate bakarra garela. Esango nuke ikusten duguna ez dela benetako egoera, ez dutelako nahi boluntarioek beraien miseriak ikustea. Etsipenak jota bizi dira, ez baitute egoera lazgarri hartatik nola ihes egin zirrikiturik ikusten. Gu geu ere gure amorrua, haserrea estaltzen saiatzen gara, zeren eta laguntzera joan eta tristura erakusten baduzu, zer pentsatuko dute gu baino askoz okerrago bizi diren errefuxiatuek…”. Halako poza sortzen saiatzen dira boluntarioak, “nahiz eta barrutik oso izorratuta egon”. 

Nekane Free shop delako denda batean aritu zen laguntzen, herrian, ez kanpalekuan, berokiak, eta emakume eta haurrentzat barruko jantziak eta lo zakuak banatzen –bada proiektu bat martxan, denda hori gizonentzat ere izan dadin–. Hiru aste egon zen bertan. Eguraldia hotza omen zen. “Guk etxe barruan bi zaku erabiltzen genituen, pentsa. Ezin genien janarik eman errefuxiatuei, jana Greziako Armadak ematen die, arrez beterikoa askotan”. Ezin zuten zazpirehun laguneko kanpamendu horretan sartu, baina inguruan hazten joan den beste kanpamendu ez ofizialean laguntza emateko aukera izan zuten: koltxonetak eta lo zakuak banatu….

Ez zuten hartuemanik eduki Armadako jendearekin. “Bertako herritarrekin bai, Free shop horretarako produktuak behar genituelako, eta bertakoek errefuxiatuen aurkako jarrera argia dute. Guri galdetzen ziguten, ea zergatik zeuden hor, zergatik ez zuten martxa egiten eta antzekoak… Ahal izango balute joan egingo lirateke, ez?”. 2016an Europar Batasunak eta Turkiak akordio bat sinatu zuten, eta akordio horren arabera, errefuxiatuek ezin dute kanpamendutik irten. Asiloa lortu eta errefuxiatu kanpamenduetatik irteteko halako elkarrizketa sistema arautu zuten, baina plangintza hori oso mantso doa. Lehen elkarrizketak 2020 urterako eman dituzte, eta elkarrizketaren ondoren agintariek erabakitzen dute errefuxiatu horri paperak eman edo ez. “Pentsa, zer
nolako panorama…”, hausnartzen du Nekanek. “Orain bi-hiru urte atzera prozesua askoz errazagoa zen, orain ia ezinezkoa da errefuxiatu izaera lortzea”.

“Errefuxiatuak merkantzia huts bilakatu dira”

Gizaki bezala, ikusi dituen argazkiak ze hausnarketa eragin ote dioten galdetu, eta gordintasunez hitz egin du urnietarrak: “Zakurrak baino okerrago tratatzen ditugu gure espezie berekoak, eta gizatasunik batere ez daukagu”. 

Eta kritika latza arduradun politikoei: “Mugetako segurtasuna bermatzeko diru piloa erabiltzen da, eta bitartean, gizakiek itsasoan hiltzen jarraitzen dute. Ondo gogoan dut zazpi hilabeteko haurra zeukan emakume bat etorri zitzaigula, arratoiek ezpainetan koska egin ziotela, ezin zuela jan eta inpresioa oso gogorra da…”. Egoera konpontzen saiatzea hain zaila ez denean, Nekaneren ustez: “Gauza txikiak eginez asko hobetu daiteke haien egoera: negua datorrela jakitun, banatu koltxonetak eta lo zakuak, ez?”. Mendebaldeko jendarteari erreparatu du, “gu txorakeriengatik kexatzen gara”, adierazteko. “Ez zaigu ezer falta hemen”.

Errefuxiatuak “merkantzia, negozio huts gisa erabiltzen dituzte, gerra batetik ihesi datorren jendea delako, eta Grezia eta Turkiak Europar Batasunetik dirua jasotzen dute errefuxiatuak kontrolatuta mantentzeko, epe motz edo ertainean inolako konponbiderik bilatu gabe. Greziako uharteetan hamabost mila errefuxiatu daude, eta Grezia osoan hirurogeita hamabi mila. Europak ezin al ditu hirurogeita hamabi mila errefuxiatu horiek hartu, hainbeste herrialde izanda? Horrek haserretzen nau”. 

Nekane bera etorkin sentitu izan da Samos uhartean, baina Europako biztanlea dela ziurtatzen dion agiriak dituen etorkina. Bueltatuko omen da Greziara: “Ziur nago”. Samos uhartera, ziur aski, asmo honekin: “Nahiko nuke nik ezagutu ditudan errefuxiatuak dagoeneko bertan ez egotea, baina badakit zaila izango dela”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!