Realari ongietorri bero-beroa eskaini zion Urnietak

Xabier Lasa 2019ko mai. 17a, 10:36

San Juan plaza lepo jarri zuten urnietarrek Realari ongietorria emateko atzo arratsaldean. Makina bat ume, gazte eta heldu kamixeta txuri urdina jantzita azaldu zen ekitaldira, eta Nahikari Garcia herritarrari eskaini zizkioten mirespenezko adierazpen gehienak.

Tolosan antzeko ongietorria egin ostean, Estatuko kopa irabazi berri duten Releko jokalari eta prestatzaileak plazan ipini zen oholtzara igo ziren. Udal ordezkariak agurtu ostean, aurreskua dantzatu zieten Egape Dantza taldeko bi dantzariek, Ioritz Leizeaga eta Nahikari Sanchezek.

Mikel Ibargoien Urnietako Udaleko komunikazio arduradunak aurkeztu zuen ekitaldian, Nahikarik hitza hartu zuen. "Dena izaten ari da ikaragarria, Donostian lehengo eguneko ongietorria ez ezik, baita gaurko herriz herriko tourra ere. Niretzat oso berezia da oraintxe hemen egotea, izan ere Urnietako kaleetan hasi nintzen jolasten, eta handia da gaur herriko plaza hauxe jendez beterik ikustea. Nire familia, lagunak, bizilagunak... ikusten ditut bertan".

Garciak aurrean zituen ehunka realzaleei zera adierazi zien: "Zuen berotasuna sentitu dugu unero, eta eskerrak besterik ezin dizkizuegu eman".

Granadan sartutako gola gogorazi zion aurkezleak: "Nik sartu nuen, baina egunotan taldekideak askotan esan izan dugun bezala, talde garaipena izan zen. Betirako geratuko zaigun oroitzapenean finaleko partidua. Guretzat hunkigarria izan baitzen Granadan kopa irabazteaz gain, gure inguruko jende asko ikustea eta beraien bultzada sentitzea, kriston kilometro pila errepidean egin eta gero. Reala denok osatzen dugula frogatu zen final hartan".

Harrera ekitaldiakoak oholtza gainean behin eginda, Realeko jokalariak kontsejupera abiatu ziren. Han mahaiak ipinita zeuden, eta ehunka gazte eta heldu zain zeuzkaten baloiak, kamixetak eta gainerakoak sina zitzaten. Esan beharrik ez dago Nahikari Garciarentzako izan zirela eskaerarik gehienak.

Autografoen protokoloa amaiturik, Lasartera abiatu zen Realeko espedizioa.

Txanbolineko txistulariek eta Kristina Solanoren trikitilari gazteen taldeak ekitaldia girotu zuten.

Erlazionatuak

Errealako jokalariak Urnietan

Xabier Lasa 2019 mai 17 Urnieta

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!