36-32 galdu zuen Bilbon, Escolapiosen aurka, harmailetan giroa berotzen 150 urnietar zirela. Lehen aukeran kale. UKEko eskubaloi senior taldeak ezin izan zuen igoerako aukera baliatu Bilbon. Sari potoloa zain: 2. Nazional mailan lehiatzeko txartela, garaipena lortuz gero. Baina galdu egin zuen. Escolapios-ek berak ere lehen postua lor zezakeelako, aurreko hiru partidatatik bi irabazita. Aintzat hartu behar da, Bilboko taldea Bizkaiko txapelduna izan dela, Liga osoan partida bakar bat bera galdu gabe. UKE hirugarren sailkatu da Gipuzkoako Txapelketan. UKE aukerarik gabe geratu zen hasiera-hasieratik. Defentsan ahul, bizkaitarrek eraso guztietan etekina lortu zuten, izan gola edo izan bi minutuko zigorren bat. 18-11 iritsi ziren atsedenaldira, eta 50. minutura arte ondo eutsi zioten errentari. Orduan suspertu zen UKE, eta 4-9ko partzial batekin 36-32 hurbildu zen markagailuan. Galduta ere, average-a garrantzitsua izan zitekeela bazekiten urnietarrek, eta hortik, bukaeraraino ahalik eta gol tarte txikienarekin galtzeko grina.
Eta orain zer?
Hiru talde daude 3-1 balantzearekin, puntu kopuru berarekin: Munttarpe Lezokoa, Escolapios Bilbokoa eta UKE Urnietakoa. Berdinduta daudenez, euren arteko partiden emaitzak erabiltzen dira berdinketa desegiteko, eta hor Munttarpe da nagusi. Lezokoek Bergararen aurka jokatuko dute igandean etxean, bai edo bai azken postuan sailkatuko den taldearen aurka. Gauzak normal, Lezokoek irabaziko dute, aise. Escolapiosek ia ezinezko du lehen postua lortzea, Legazpin irabazita ere, biko eta hiruko berdinketetan galtzaile delako Munttarperekin. UKEri dagokionez, aukera polita du. Askartza menderatu eta Escolapiosek Legazpin garaipena lortuko ez balu, 2. Nazional Mailara igoko litzateke. Munttarperekin berdinketa emango bailitzateke kasu horretan. Baina UKEk bi taldeen arteko average partikularrean irabazle da (UKEk 27-30 irabazi zuen Lezon).
Ez dago igotzeko bide bakarra
Lidertzan dauden hiru taldeek irabaziko balute, Munttarpek lortuko luke txartela. Hala izanez gero, bigarren postuan nor sailkatuko den argitu beharko da, Escolapios edo UKE (Legazpik ere aukera txikiren bat badu, UKEk galduz gero). Hori lortzen duenak play-off txapelketa bere etxean antolatzeko saria lortuko du, sari potoloa. Etxean bertan lor daitekeelako igoeraren bigarren txartela.
UKErentzat ekuazioa hauxe da: Escolapios-ekin puntuetara berdinduta dago, average partikularrean ere bai, eta average orokorrean +6 dira bizkaitarrak nagusi. UKEk Bilbokoen +6 hori ezabatu behar du, Askartza ahalik eta gol tarte handienarekin menderatuz.
Zale sutsuak Urnietatik Bilbora
Autobus bi bete ziren Bilbora joateko, eta beste hainbat autoetan joan zen. Urnietako 150 lagun pasa bildu ziren harmailetan, batzuk lasai-lasai, besteak zintzurra ondo urratua, likido faltarik ez bazen ere. Etengabe animatu zuten, partida hasieratik maldan gora jarri bazen ere, eta bukaeran, eta pabilioitik atera zirenean agur beroa eskaini zieten jokalari denei. Igande honetarako 11.00an jarri dute hitzordua Guria jatetxean, kiroldegiraino kalejiran joateko.
2. NAZIONAL MAILARA IGOERA
Eskolapios A-Urnieta 36-32
Sailkapena
- Munttarpe 6 puntu
- Eskolapios A 6 puntu
- Urnieta 6 puntu
- Legazpi 4 puntu
- Askartza 2 puntu
- Soraluze Bergara 0 puntu
Azken jardunaldia
12:15 - Urnieta-Askartza / Ig, 26
12:15 - Munttarpe-Soraluze / Ig, 26
12:15 - Legazpi-Eskolapios A / Ig, 26
Igoera lortzeko aukerak
• Lehen sailkatua zuzenean igoko da.
• 2-5 postuetan sailkatutakoen artean final four delakoa. Irabazten duena igoko da.
Egoitz Karrazedori elkarrizketa
Escolapiosen aurkako porrota aztertu al duzue?
Astelehenean entrenamendu hasieran aztertu genuen, eta hainbat jokalari urduri, lotuta kantxaratu ginela uste dugu. Partidaren garrantziagatik, jendearen presentziagatik… ikasteko beste aukera bat ere bada, akatsa ez errepikatzeko. Txar-txarrean, oraindik igoera zuzena lor dezakegula, eta hala ez bada, play-offa etxean jokatzeko helburua gauza dezakegula.
Nola aurreikusten duzu azken jardunaldia?
Gakoa Legazpin dago. Guk fisikoki kili-kolo dauden jokalariak berreskuratu behar ditugu, eta gurea egin. Askartzari irabazi, eta Legazpik Escolapios-en aurka berdindu edo irabaztea. Zumarragan jokatzen dute, Legazpiko kantxa ez dagoelako erabilgarri, baina jakin ahal izan dugunez, irabazteko asmoarekin jokatuko dute, nahiago baitute play-offa Gipuzkoan jokatu, Bizkaian baino.
3. izanda ere, ziurrenik UKEk du igotzeko portzentaje aukera handiena.
Bai, ze Munttarperen aurkako berdinketa gure alde dugu. Etxetik kanpo irabaztea zaila da fase honetan, berdinketa handia da. Munttarpek berea irabaziko du, Bergararen aurka, ez baitauka ezer jokoan. Guk gurea ere irabaziko dugulakoan nago, Askartzaren aurka. Legazpi-Escolapios partida da gakoa.
Igoera gabe, play-offa geratzen da, eta etxean jokatzeko aukera.
Ez da gutxi. Orain dela hiru denboraldi ez zegoen aukera hori. Igandean igoera zuzena lortzen ez badugu, play-offeko aukera geratuko zaigu.
Nola jokatzen da beste emaitzaren berri zehatz izan gabe?
Ba zurean zentratuz eta garaipena lortzen saiatuz. Askartza ahalik eta gol tarte handienarekin menderatu behar dugu, 6 goleko aldea baitu Escolapios-ek average orokorrean. Aulkian norbaitek informazioa izango duela pentsatzen dut.
150 lagun Bilboko partidan. Igandean ere kiroldegia labe bat izango da…
Eskerrak eman, jendeari. Usurbilen aritu izan naizen urte luzeetan, etxetik kanpo ez dut halako jendetzarik ikusi, eta beraientzat igoera lortzen ahaleginduko garela esan baino ez.