"Gazteak eskubaloira erakartzeko makulu izatea nahi dugu"

Andoni Urbistondo 2019ko mai. 30a, 08:05

30 urteko ibilbide luzearen ondoren iritsi da UKEren kirol lorpenik handiena: 2. Nazional mailara igoera. Zuzendaritzako kideak dagoeneko martxan daude, erronka berria prestatzen. “Futbola dena jaten ari da, eta herriko senior taldea herriko gazteentzat ispilu izan dadin saiatuko gara, haiengan berriro eskubaloiko grina piztu eta izena eman dezaten”.

Zer moduz joan dira igoera osteko 24 orduak?

Oso pozik, dena ondo, zorion mezu asko jaso ditugu.

Erronka zaila zen, aldaketa dezente egon zirelako aurre-denboraldian.

Hogeita hamar mutil elkartu ziren senior mailan, eta bi talde egitea erabaki zen: bat Gipuzkoako lehen mailan, eta bestea bigarrenean. Urnietakoak izan, baina Usurbilen aritutako Pablo Fierro eta Joseba Errazkin bueltatu ziren, eta Usurbildik Ander Oruna eta Unai Lejardi ekarri genituen. Halako jokalari aberastasunarekin, erronka igotzea zen, bai edo bai.

Noiz jabetu zineten igoera fasea jokatuko zenutela?

Unerik txarrena urtarrilean izan zen. Gero buelta eman eta martxoan garbi geratu zen fasea jokatuko genuela. Igoera ligatxoa irabaztea, hori bai ez genuela espero. 

Ligaxka3-0 balantzearekin hasi eta igoera lortzeko lehen aukeran, Bilbon, kale.

Partida txarra egin zuten defentsan. Lehen hiru partidatan 24-25 gol jaso zituzten, batez-beste, eta Escolapiosen aurka 36. Liga bera oso parekatua izan da. Azkenak liderrari irabazi dio, eta emaitza bitxiak gertatu izan dira. Lautik lau irabaztea ere ez da erraza. Escolapios Bizkaiko txapelduna izan zen, Liga osoan partida bakar bat galdu gabe. 

Zer suposatzen du igoerak?

Ilusio handia. Makulu izatea nahi genuke, herriko gazteak eskubaloira erakartzeko, futbola dena jaten ari delako. Gazteek futbolean bakarrik dute begia.

Urnieta izango da herri txikiena, 2. Nazional Mailan, agian.

Beno, Bizkaian Urduliz dago, Loiu, Sopela... Gipuzkoan herri handiagoak dira denak: Arrasate, Oñati, Zarautz…

Gastua asko handituko da?

Aurrekontu osoaren %7-10 artean: epaileak, fitxak, garraioa… Autoetan egiten dugu bidaia, baina Gipuzkoatik kanpo denean, autobusean. Udalarekin hitz egingo dugu. Ez dut uste arazorik egongo denik.

Eta zein izango da kirol helburua?

Mantentzea, noski. Gonzalo Brea entrenatzaileak jarraituko duela esan digu, eta arazoa ikasten ari diren jokalariekin izango dugu. Hainbat kanpora doaz ikastera, Eneko Urru, Pablo, Joseba… Beñat ere Gasteizen bizi izan da denboraldi honetan. Ea nola osatzen ditugun hutsune horiek. Ez gara jokalari bila joango herritik kanpora. Hori bai, norbaitek etorri nahi badu, ongi etorria izango da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!