Dantza egiteko prest daude

Amaia Semperena 2019ko mai. 31a, 08:00
Amaia Vaquero eta Asun Fernandez, zutik. Eserita, Leire Ibarbia eta Lurdes Soto.

Egapeko helduen dantza eskolak hamar urte bete ditu, eta ekainaren 1ean Urnieta Dantzan ikuskizunean parte hartuko dute. Gazte Jaien baitan, herria dantzan jarriko dute. Asteburua iristeko gogoz daude.

Helduen dantza taldeko kideetakoak dira Asun Fernandez, Leire Ibarbia, Lurdes Soto eta Amaia Vaquero. Sanmieletako soka-dantza saioan hasita, helduen taldea martxan jartzea erabaki zuten.

Zer dela eta helduen taldea osatzeko erabakia?

Asun: Duela hamar urte, soka dantza saioaren ondoren, talde moduan dantzatzeko aukerari heldu genion. Lehenago fandango eta arin-arin piska bat eginda geunden, baina soka-dantza hura eta gero hasi ginen helduen taldea antolatzen. 

20-25 pertsonako taldea gara, eta ostegunero elkartzen gara. Hamar urte beteko ditugu eta oso gustura etortzen gara entseatzera.

Nola hasi zen dantzarekiko duzuen zaletasuna?

Leire: Txikitatik ibili izan naiz dantzan. Urnietara bizitzera etorri eta haurrak dantzara hasi zirela ikusirik ni neu ere animatu nintzen. Bost urte daramatzat, eta oso gustura etortzen naiz entseatzera. Gure artean ere oso giro polita sortu da.

Amaia: Taldean sartu den azkenetarikoa naiz eta nire iloba zaharrenarengatik izan da. Bera dantzatzen ikusi ostean nire semea ere dantzan hastera animatu zen, eta ondoren ama batek helduen taldean parte hartzera animatu ninduen. Dantzan ibili gabea nintzen eta beti izan nuen kuriositate hori. Oso gustura nago Edu Muruamendiarazirakaslearekin, eta baita dugun taldearekin ere.

Asun: Hasieran eskolak hartzen hasi eta denbora pixka batera jendaurrean dantzatzera animatu ginen. Urtean hiru aldiz ateratzen gara kalera; Urnieta Dantzan egunean, Soka-dantza egunean eta Olentzero eta Mari Domingiren etorrera egunean.

Maila ezberdinetako jendea zaudete taldean, beraz

Amaia: Adin guztietara zabaldutako talde irekia da eta helburuen artean ikasi eta ondo pasatzea dugu. Bakoitzak ahal duena egiten du, eta tarteka afariak ere egiten ditugu. 

Leire: Edu Muruamendiarazek laguntza handia ematen digu, eta gure artean ere elkar laguntzen gara.

Asun: Ikaragarrizko zortea daukagu horrelako irakasle bat edukitzearekin. 

Leire: Bai, eta nik uste berarentzat ere gurekin dituen klaseak deskonektatzeko momentu ere badirela. Gurekin ere dantza egiten du eta ondo pasatzen duela esango nuke nik. Urtero, gainera, gauza ezberdinak sartzen saiatzen da eta asko animatzen gaitu. 

Dantza ezberdinen osaketan parte hartzen al duzue?

Lurdes: Eduk dantzen inguruko iritzia eskatzen digu, eta dantzatu nahi ditugun abestiak ekartzen dizkigu.

Amaia: Koreografiari forma berak ematen dio, baina gero bakoitzak bere ekarpena egiteko aukera dauka. 

Lourdes: Pausoren bat oso zaila egiten bazaigu, aldatu du.

Leire: Azkar kexatzen gara, baina normalean denborarekin pausu guztiak ateratzen dira. 

Euskal Dantzaz gain, kutsu garaikide hori baduzue...

Asun: Lantzen ditugun koreografiek Eduren kutsua dute. 

Leire: Guztiak ez dira euskal dantzetatik ateratako pausuak. Egiten duguna soilik euskal dantza klasikoa izango balitz,  ziurrenik ez nintzen dantza taldeko kide izango. 

Edu Muruamendiarazen garrantzia, ondorioz, garrantzia handikoa da. 

Leire: Bai, gainera berak asko animatzen gaitu. Beragatik ez balitz, ez genituen urteko hiru ikuskizun horiek egingo.

Beste herrietan bada zuen antzeko talderik?

Lurdes: Badira baina ez gure dantza estiloarekin. Mutrikun, adibidez, euskal dantzara begira zeuden. Baina 50. urteurrenean kutsu garaikideko dantza saioa sortu zuten. 

Asun: Urnietarrok, zorionez, gure ereserkia eta koreografia propioa dugu.

Ingurukoek eta etxekoek zer adierazten dizuete?

Leire: Oso ondo egiten dugula. Umeek ere ondo dantzatzen dugula diote, eta hori entzutea oso pozgarria da. 

Zuen arteko harremana nolakoa da?

Amaia: Oso ona. Talden sartu aurretik kide asko asko bistaz soilik ezagutzen nituen. Dantza gure arteko harremanak estutzeko lagungarria izan da.

Leire: Disfrutatzera etortzen gara, eta hori oso garrantzitsua da. Gainera, kide bat baino gehiago beste herrietatik hurbiltzen da gugana.

Gustatuko al litzaizueke Urnietatik kanpo ikuskizunen batean parte hartzea?

Amaia: Egia esan, kanpoan ez genuke hemen baino urduritasun gehiago izango izango.

Asun: Egun pasa bat egiteko aitzakia paregabea izango litzateke.  

Asteburuan, beraz, Urnieta dantzan ikuskizunean ikusiko zaituztegu. Zer esango zeniekete urnietarrei?

Asun: Hurbil daitezela Urnieta Dantzan egunera, oso ondo pasako baitugu.

Lurdes: Batzuetan gogo gabe etor gaitezke, baina musika entzun eta buruan duzun guztia ahazten da. Jarduera fisikoa egin eta oso ondo pasatzen dugu, eta hori da guretzat garrantzitsuena.

Amaia: Dantzak aukera pila eskaintzen digu. Batzuetan gainera dantzaren ostean zerbait hartzera joaten gara. Gogotsu dagoenari animatzeko esango nioke. Gainera, maila ezberdinetako jendea dago. Eta hori ere azpimarragarria da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!