Telefono zaharrak biltzeko kanpaina

InteRed GGKEk garatzen duen Jolas eta Ekin proiektuarekin bat eginik, eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, ikasleek kanpaina bat jarri dute martxan. 

DBH 3.mailako ikasleek Kongoren aldeko kanpaina bat abiaraziko dute, ahalik eta telefono mugikor gehien biltzeko. Modu horretan, Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarren bizimodua hobetzea helburu duen Alboan GKErekin bat egingo dute. 

Beste ekintza batzuen artean, Egapeko ikasleek herriko hainbat lekutan (Lekaion, HH-LH Ikastolan, DBHko eraikinean eta zehazteke dauden beste hainbat lekuetan ere) birziklatze-ontziak jarriko dituzte. Mugikorren birziklapenetik lortutako etekin ekonomikoa Kongoko gatazka armatuak eragin dituen errefuxiatuei eta sexu bortizkeria jasandako emakumeei laguntzeko proiektuak finantzatzeko erabiliko da.

Ekimen honen bidez, telefono mugikorren erabilera arduratsua bultzatu nahi dugu, birziklatzea sustatuz. Mugikorren osagaien %90 birziklagarria baita, eta mineralak erauzteko beharra txikitu daiteke beraz. Mugikorrak erabiltzeari uko egiteko asmorik eduki ez arren, eta gailu elektronikoek komunikazioaren gizartean ekartzen dizkiguten onurak alde batera utzi gabe, kanpainaren bidez mineral horiek baldintza duinetan erauztea eskatzen dugu. Giza eskubideak errespetatuz, material hori dadila gerra finantzatzeko eta gatazka betikotzeko erabili.

Erakusketa Lekaion

Geure ikasleek, gainontzeko herritarrek bezala, etorkizuna hobetzeko badute zer esanik. Horregatik, ekainaren 3tik 10era bitarte, herriko hainbat tokitan mugikorrak jasotzeko edukiontziak jarriko dituzte. Gainera, astean zehar eta goizez eta arratsaldez, erakusketa zabalik izango da Lekaion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!