"Taldearen indarra izan da gakoa"

Jon Ander Ubeda 2019ko eka. 13a, 07:44

Hirugarren agintaldia hasiko du alkate jardunean (Urnieta, 49 urte). Aurreko lau urteetan gauzak ondo egin dituzten konbentzimenduarekin, “gehiengo osoak erakutsi duenez”.

MIKEL PAGOLA URNIETAKO JARDUNEKO ALKATEA

Ikastola, kiroldegia, Ermotegi eta Babiloniko garapen guneak, igogailua… Aztergai asko ditu ahotan.

Zer moduz joan dira hauteskundeak egin osteko bi aste hauek? Ze balantze egin duzue herrian?

Aurrekoak bezala, lanean. Kanpainarako tarte handirik ez dugu izan, legegintzaldiko lan asko zintzilik genituelako. Emaitzarekin gustura, zintzilik utzitako gai horiei ekiteko gogoz.

Zuen aurreikuspenak bete dira? 

Lau urte atzera goia jo genuen, emaitza historikoa, 1.400 bozka. Ez genuen espero hobetzea, oso zaila baita. Lortu dugu, eta hala izan bada, herritarrek gure lana balorean jarri dutelako izan da.

Gehiengo osoari eustea espero zenuten?

Beno, gure lehen helburua hauteskundeak irabaztea zen. Ondoren, ahalik eta emaitza onena lortzea. 6 edo 7 ordezkari, hori zen gure zalantza. 7 lortu ditugu, berriro diot, herritarrek gure jarduna babestu dutenaren adierazle. 

Ze azterketa egiten duzu beste bi alderdi nagusiek lortutako botoen inguruan? EHBildu bosgarren zinegotzitik 200 botora geratu da, eta PSE-EE hirugarrenetik 150era.

Beno, 1.500 pertsonekiko konpromisoa onartzea ere ez da erraza. Alde batetik, gehiengo oso erosoa lortu dugula jakitun gara, baina hainbeste bozka lortu izanak ere badu bere kontrapuntua.

Zergatik lortu du gehiengo osoa EAJk? Alkategaiarengatik, bere politikagatik…

Hainbat faktore daude. EAJk hainbat alkategai izan ditu, bost oker ez banago. Hautagaiaren kontu soila ez da, beraz. Taldearen osaketa jarriko nuke balorean. Ni neu naiz taldeko kide zaharrena, 49 urterekin. Hiru pertsona berri sartu dira taldean, jende gaztea, eta etorkizunari begira indarra ematen diguna. Eta herrian egindako lana, noski.

Zer da urnietarrak gehien baloratzen duena, EAJren jardunean?

Udaletxeko tentsioa baretu izana esango nuke. Orain zortzi urte egon zen, eta orain ez dago. Herritarren mesedean hartutako ekimenak, noski. Izan Bertan zerbitzua, Udala antolatzeko modu arinagoa… Hiru departamendutan bildu baitugu antolakuntza guztia. 

Txori txiki batek esana, hirugarrenez zeure burua alkategaitzat aurkeztu edo ez zalantza asko izan zenituen.

Mikel Pagola nekatuta zegoen hautagai izan baino lehenago, eta nekatuta dago orain ere. Zerk animatu ninduen hirugarrenez pausoa ematera? Erabat bukatu gabe utzi nituen hainbat kontu. Kaskagorra naiz, eta gauzak bukatzea gustatzen zait.

Hastear dagoen legegintzaldi hau, beraz, azkena zuretzat.

Bai, ziur. Lau urte ditugu aurretik, baina kitto, ez da laugarren lau urtekorik egongo. Gauzak bukatu edo ez. Beste norbaitek etorri beharko du.

Esan duzu bakarrik gobernatzeko asmoa duzuela, oposizioko beste bi alderdiekin akordio puntualak eginez. Zuk zer nahiago duzu? Gehiengo osoarekin edo gabe?

Biek dituzte bere alde onak eta txarrak. Gehiengo osoak baimentzen dizu zure politika edo erabakiak gauzatzen, batez ere gai konfliktiboetan, baina gehiengo osorik gabe, oposizioarekin hainbat kontu garrantzitsu lor ditzakezu. 8 urte atzera hala izan zen, EHBildurekin akordio garrantzitsuak lortu genituen, herriarentzako onak zirelako, eta alkate zarenean, horrek ase bete egiten zaitu. Orain gehiengo osoa lortu dugu, baina ahalik eta babes handiena lortzen saiatuko gara.

Hirugarren legegintzaldia duzu. Ze erronka duzu, alkate gisa?

Administrazioetako gestioak arintzea, nagusientzako erresidentzia bat eraikitzea herrian, eskualdeko eta herriko hirugarren adinakoentzat. Babiloni eta Ermotegiko garapen ekimenek aurrera egitea, eta etxebizitzak eraikitzea, gazteek behar hori badutelako. Gazteak, eta irisgarritasuna behar duten herritar ez hain gazteak ere. Sarbide berri bat egingo da Ermotegin, DBHko ziklo osoa osatu, ziklo hori 2-16 urte edo 3-16 urte izango den agente guztiekin erabaki ostean… Gauza asko.

Zenbat etxe eraikitzeko proiektua dago?

Ermotegin 130-140 etxebizitza izango dira: %60 libreak, % 20 publikoak, eta beste hainbeste tasatuak. Banaketa hori gune horretan egun indarrean dagoen lur zoru publikoaren legea ez delako aplikatzen egiten da. Babilonin, aldiz, 350 etxebizitza eraikitzea dago aurreikusita, baina proportzioa, %55 publikoak, %20 tasatuak eta %20 salmenta librea. Ñabardura garrantzitsua. Ermotegiko lanak askoz lehenago garatuko dira, dagoeneko zoru urbano bezala izendatua dagoelako. Gure esperantza da legegintzaldia bukatzerako Ermotegiko eremuan etxebizitza guztiak eraikita egotea. 

Hainbat enpresen eskaintzak mahai gainean ditugu, dagoeneko. Babiloniko eremua oraindik txosten batzuen baitan dago, eta luzatuko da. Gainera fase ezberdinetan garatuko da, eta urte batzuk gehiago beharko dira.

Aurreko legegintzaldian egin edo lortu nahi, eta egiteko utzi duzun zerbait bai?

Egape ikastolako gaia, kiroldegiko berrikuntza… Hauteskundeak iritsi direnez, atzeratu egin da, eta pazientzia apur bat eskatuko nieke herritarrei hurrengo bi urteetan, ordurako kiroldegi txukuna izatea espero baitugu.

Sos kontutan nola dago Udala?

Daukan zorra ordaintzeko modukoa da, mailegu bitartez. Gerakinari dagokionez, zegoen dirua bi proiektu estrategikoetara bideratu da nagusiki: San Juan Plaza eta Etxeberri auzunea lotuko dituen igogailua, urria edo azarorako bukatuko dena, eta kiroldegia. Lau milioi zertan erabili herritarrek proposatu dituzte, baina lau horiek bikoiztu egingo dira, ziur aski. Inbertsio gehiago ere egin beharko ditugu, baina maileguren bat eskatu eta ez da arazorik egongo, ordaintzeko gaitasuna badugu.

Urnieta ez da Andoain, baina ziur nago han gertatzen dena arretaz jarraitzen ari zarela. Eskerrak Urnietan ez zaudetela PSE-EErekin akordioa lortzeko beharrean, zeren eta bi alderdien arteko harremanak ez dira, preseski, on-onak.

Galdera horrek badu erantzuna, nik erantzun gabe. Alderdi sozialistak esan du, hauteskunde aurreko elkarrizketa guztietan, beraien helburua EAJ Udaletxetik kentzea, edo gehiengo osoa galtzea zela. Beraiek jakingo dute zergatik dioten hori, baina kuriosoa da eurek osatutako programaren 10 helburuetatik zortzi guk lau urte hauetan gauzatutako lorpenen isla bat izan dela. 

Gurekin herriaren aldeko ekimenak dituzten alderdi guztiekin hitz egiteko prest jarraituko dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!