Besabi jatetxea, Urnietako ondare

Andoni Urbistondo 2019ko uzt. 14a, 09:21
Pagola anaiak, Besabiko jatetxeko barraren bestaldean.

Urnietako altxor bilakatu da Besabi azken hamarkadatan, Adarramendi mendiarekin bikote banaezina osatuz. Bertako bizipenen berri eman diote Aiurri-ri langileek: Gurutze Errazkinek, eta haren seme Jon eta Aitor Pagolak

 

Zifra potoloak dituzte bizkarrean urtetan urnietar askoren sabel orroak apaldu dituzten langile finek. Gurutze Errazkinek bizitza erdia baino gehiago darama Besabirainoko bidea egiten. Astean sei egunez, 30 urtez. Haren bi semeak ere bidean dira. Jon zaharrenak 12 daramatza (16 urteraino kontatu du, gehiago komeni ez), eta Aitor gazteenak hamarkada osoa dagoeneko. Amaren urte kopurua berdinduko ote duten ez dakite, baina ez dira oso baikorrak. Tabernariaren lana oso lotua dela diote, ordu asko egurrean soldata normal baten truke, baina familia negozioa denez, puska batean jarraitzeko prest.Urnietatik, Andoaindik eta edozein tokitik bazoaz Besabin beti egingo dizute harrera ona. Ezaguna bazara, are gehiago. Eta jana eta edaria eskaini, nahi beste. Jatetxea ikur bilakatu da mendizale izan edo ez izan, Adarramendira edo inguruko mendietara bueltaxka egin edo ez egin. Adarramendi jende gehien biltzen duen mendia da, Bilboko Pagasarrirekin batera, eta gehienok gogoko izaten dugu gorputza estutu ostean, zintzurra bustitzea edota mokadutxoa jatea. Besabi toki ezin aproposagoa da horretarako, bertan zerbait ondo egiten badute, txukun jaten ematea baita.

Gurutze Errazkinek entziklopedia bat idatzi dezake urtetan han bizitakoekin, baina lehen erantzunean, garbi uzten du iraganean tratua, tabernari-bezero harremana, askoz naturalagoa zela: “Garai batean bertako mutilzarrak etortzen ziren sarri, babesleku bezala, hizketarako aitzakia gisa. Gosaria, hamaiketakoa, bazkari edo afaria izan, ez zen garrantzitsua. Garai batean mahaiak partekatu egiten ziren, lekurik ez bazegoen, eta giro onean, tertuliak sortzen ziren. Orain askoz ere hotzagoa da harremana. Bakoitzak bere mahaia nahi du, inor ez du nahi ondoan, bi lagun segapotora begira egoten dira luze… Urte batzuk atzera norbait sartu, agurra egin eta natural hasten zen harremana. Egun, hori ez da hain ohikoa”.

Besabi astelehenetan, eta astearte eta asteazken arratsetan ixten dute. Abuztu bukaeran eta iraileko lehen erdian ere bai. Beste egun guztietan han topatuko dituzu Gurutze eta bere bi semeak, Jon eta Aitor. Gustuko tokian aldaparik ez, dio esaera zaharrak, eta hala baieztatzen du Gurutzek: “Ostalaritza gogorra? Bai, baino gustatu egiten zait. Sukaldean aritzea eta jendearekin egotea gogoko dut. Gustura ez bazaude zaila da hemen irautea. Nik familia lotura badaukat, senarra, koinatuak, semeak… horrek ere bultzatu nau, noski. Semeak hemen hazi dira, ikusi ditut hazten, eta ni beste nonbait aritu izan banintz lanean, norbaitek hezi beharko lituzke semeak. Hemen nirekin hazi eta hezi dira”.

Antzera mintzatzen da Jon Pagola, seme zaharrena: “Sentimenduak balio du hemen. Hemen jaio gara, hemen hazi, eta hauxe da gure egunerokoa”. Aitor anaia gazteak bota dio puntua: “Gurea bizitzeko modu bat da, ia-ia. Jaiki, inguruko baserrietan erosketak egin, hona etorri eta jendea atenditu, bazkariak eman, hozkailuak bete…”. Orduen zama bezeroekin duten tratuarekin arintzen dute bi gazteek: “Herriko jendeak asko eskertzen du gure lana, etxeko jendea egotea lanean”, dio Jonek. “Jende euskalduna, basoerdi bat eskatzen duena modu naturalean. Edo aspaldi etortzen ez zena, eta Joxe Mari osaba agurtzeko etortzen den jendea. ‘Hemen bazegoen ba, gizon bizardun bat?. Eta guk, ‘bai, sukaldean dago, esango diot ateratzeko’, Aitorrek.

Ezaugarri askotako bezeroak

Besabi gustuko toki bezala ikusten dutela uste dute hirurek, baina hirurek bat egiten dute oso gustuko ez duten bezero bati buruz hitz egiterakoan: “Badago jende tentea, gu ez jakin edo baldar samar bezala tratatzen gaituztenak, gehiago bailiran, eta guri goitik behera begiratzen gaituena. Jende batek ez dauka arazorik igande batean edozein jatetxetan 60 edo 80 euro ordaintzeko, baina hona etortzen direnean regateatzen ibili zaleak dira. Eta gu ez gara joko horretan sartu zale. Hau da salneurria, etorri nahi baduzu ondo, eta bestela ere bai”. Aitorrek dio lehen hitzean nabaritzen dela nolakoa den bezeroa, eta nongoa den: “Urnietakoa edo ingurukoa denak errespetuz tratatzen gaitu, baina bada noizean behin etortzen den bezero horietakoa, dena ti-ta batean prestatzea nahi duena, zain dauden besteei errespeturik adierazi gabe. Eta hori onartezina da”.

Gurutzek dioenez, “lehen beste jarrera bat zuten bezeroek, patxada handiagoa. Orain denak izan behar du berehala, presak akabatzen, eta jarrera nahiko baldarrarekin. Iraganeko poza botatzen dut faltan, jendea kiskalita etortzen da. Ez dakit egoera ekonomikoa den edo zer den, baina ez dauka pazientziarik”. Orain aste batzuk pasatakoa kontatzen du zerbitzariak: “Goizean etorri nintzen, 10:00ak aldera, beti bezala. Gauzak sartzen hasi nintzen sukaldera, eta atarian zeuden emakume batzuk galdezka hasi zitzaizkidan: ‘Orain ireki behar duzue?’. Esan nien, ‘gauzak barruan sartzen utziko didazue? Presa daukazue?'. Iraganeko pasadizo bat, kontrapuntu gisa: “Gogoan dut elur eguna zela, eta inguruko baserritar bat karretillarekin etorri, eta aste guztirako behar zuena eraman zuen baserrira, Besabi supermerkatu bat bailitzan. A ze garaiak haiek!”.

Aitorrek jendea Besabi McDonalds bat dela pentsatzen duela dio, “gu janari azkarreko jatetxe bat garela, eta ez da horrela. Beste gauzaren bat egiten ari, eta jendea oihuka pintxo bat, edo garagardo bat nahi duela eskatzen, oihuka. Egon hadi lasai, motel!”. Jon anaiak kontsumo joerak aldatu egin direla uste du: “Orain urte batzuk jendeak lasaiago eskatzen zuen, ziur aski diru gehiago zegoelako poltsikoan. Orain jendea etxetik ateratzen da, eta badaki zenbat kostako zaion bazkaria. Jendeak begiratu egiten dio sosari. Guk, orain 10-12 urte bost karta joko antolatzen genituen ostegunero. Orain dagoeneko 23:30ean itxita dago jatetxea, hutsik. Baserritar garaiko tradizioak ziren. Hori bukatu da”.

Ezkor etorkizunari begira

Besabiko jangelan 60-70 lagunentzat tokia dago, eta asteburuan lana hobeto egiten dute: pintxoak, hamaiketakoak, bazkariak eta afariak… “gelditu gabe aritzen gara, hemen gauden 6-7 lagunak”, dio Jonek. Ostegunetik igandera Besabin bizi dira ia-ia Pagola-Errazkin sendiko lau kideak. Orduak eta orduak, jardunaldi amaigabeak. Tabernari lana uzteko tentazioa izan al dute noizbait bi gazteek? Jon mintzo da: “Handia, eta askotan. Baina familia negozioa da, eta amonak, osaba-izebek, gurasoek hasitako bidea alferrik galdu daitekeela pentsatzeak pena ematen dizu. Planto egingo bagenu ez dakit zer gertatuko litzatekeen. Diotenez, inor ez da funtsezkoa…”. Aitor: “Ordu asko dira, bai, baina egin behar bada, ba egin eta kito. Ahal denean parranda batzuk bota lagunekin, eguna nola edo ala pasa, eta segi”.

Aitorrek hiru gradu ertain eta gradu goren bat ditu eginak, azkena elektrizitatea. Erasmus beka ere bitan baliatu du, eta mundua ezagutzen du. Herbehereetan egona da, urteko lehen hilabeteetan, eta joan gustura joan bazen, etorri ere bai: “Ikasi egiten da atzerrian, praktikak egin, zer jaten den aztertu, bertako kultura edan… baina gustura bueltatu naiz etxera eta lanera”. Kuadrillako kide gehienak bezala, tabernari lana utzi eta astelehenetik ostiralera bitarteko lanen bat hartuko ote lukeen galdetuta, “momentuz ez nuke aldatuko. Gero, familia bat baldin badaukat, ez dakit, bikoteak zer esaten duen ere aintzat hartu beharko nuke”. Jon anaia aspaldi ezkondu zen, Itxasburu sagardotegiko alabarekin, ostalaritza gertutik ezagutzen duen pertsonarekin, alegia: “Beti munduaren aldrebes zabiltza. Nire bikotearen familiak sagardotegia dauka, eta horri esker eramangarriagoa da tabernari jarduna. Irati eta Izaro bi alaba ditut, eta atsedena abuztu bukaeran eta irailean hartzen dut. Nafarroan etxe bat daukagu, eta han Jesuiten pare egiten ditut bizpahiru aste. Hori da nire urteroko askatasuna”.

Hausnartzen ote dute, etorkizunaz? Aitor gazteak gutxi: “Denbora libre gutxi daukat, eta zaila da epe luzera begiratzea. Hamar urte barru zer izango den… Soldata bat irabazteko ordu asko sartzen ditugu, asteburuetan bereziki, eta jatetxe batean mendi puntan. Badirudi hemen aberasten ari garela, eta ez da hala. Eta sentsazioa da gero eta margen gutxiago dagoela. Gure antzeko erretegietan etorkizuna gero eta beltzagoa dela esango nuke”. Jonek ere garbi du, Besabik irauten badu, “familia negozio bat delako irauten du. Hona bertakoak ez diren langile asko sartuko bagenitu, komeriak, lanaldia luzea delako”. Jonek planak, eduki, baditu, bizitza erosoagoa izateko asmotan, baina baita ere Besabin oraindik urte batzuk egin beharra dituela. Bi alabak aholku eske joaten zaizkienean, zer esango dien ere garbi du: “Tuntunak ez izateko, ikasteko, tontoa izateko aitarekin nahikoa dela. Ez nieke tabernan aritzeko esango, noski”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!