Asier Niebla oroitzeko lasterketa

Urriaren 11n urtea beteko da Asier Niebla hil zenetik, eta bere lagunek oroimenezko lasterketa antolatu dute. Urnietako Udalaren babesarekin, herrikidea gogoan hartu eta justizia eskatuko dute. Ezagun denez, Niebla abuztuaren 12an Donostiako Alde Zaharrean eraso matxista bat jasan, eta bi hilabetez koma egoeran egon ondoren, hil egin zen. 

Lehiaketa eta ibilaldia

Urriaren 12an herrian herri lasterketa egingo dute. Antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte. Alde batetik, lehiatu nahi ez duenarentzat eta oinez egin ahal izango dena. Ibilbide hori 2 kilometrokoa izango da. Bestalde, lehiatu nahi dutenentzat, 7,5 km-ko ibilbidea prestatu dute. Biak plazan hasi eta amaituko dira.

Izena emateko epea

Lasterketan edonork har dezake parte. Interesa duenak www.kirolprobak.com atarian izena eman dezake, urriaren 4ra bitarte. Lehiaketako lasterketan parte hartzen dutenek 8 euro ordaindu beharko dute, eta ibilbide motzean irten nahi dutenek ostera, 5 euro.

Lasterketan izena ematen duten pertsona guztiei oroimenezko kamiseta bana emango zaie, egunean bertan. Horretarako, izena emateko orduan zein neurri nahi den zehaztu beharko da. Asmoa, parte hartzaile guztiek kamiseta hori janztea eta lasterketaren amaieran San Juan plazan argazki erraldoia ateratzea da.

Lasterketa urriaren 12an izango da, arratsaldeko 16:00tan hasita. Antolatzaileak egun bereko 12:00etatik aurrera plazan izango dira kamisetak eta dortsalak banatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!