Babilonia egitasmoaren prozedurarekin haserre

Ubillos, De Miguel eta Izagirre Urnietako EH Bilduko kideak.

Urnietako EH Bildu harrituta eta haserre agertu da EAJ-PNVk zuzentzen duen Udal gobernu taldeak Babilonia proiektuaren aurrean azken asteetan erakutsi duen jarrera dela medio: "Urnietako herriaren etorkizuna baldintzatuko duen proiektuaz ari gara" .

Babilonia hirigintza egitasmoaren txostenari buruz iritzia azaltzeko agerraldia deitu zuen EH Bilduk, astelehen goizean. Alderdiaren izenean Ainara de Miguel eta Nekane Ubillos zinegotziak eta Mikel Izagirre alkate eta zinegotzi ohia aritu ziren. Nagusiki, Udal gobernuaren jokabidea salatzeko izan zen. Izagirreren hitzetan, “aurreko agintaldian nolabaiteko adostasuna topatu zen gairik gehienetan, aurrekontuak tarteko. Hori aitortu beharra dago. Baina orain, legealdi berriaren hasieran, guztiz kontrako jarrera topatzen ari gara. Ez dakigu jarrera aldaketa horren zergatia zein den. Salagarria da jarrera aldaketa hori, batik bat Babilonia proiektuaren inguruan. Urnietako herriaren etorkizuna baldintzatuko duen proiektuaz ari gara, zeinak gizarte, ekonomia eta politika mailan eragin handia izango duen. Bertan eraikiko baitira DBHko ikastetxea, zahar egoitza, etxebizitzak, aparkalekuak…”. 

Ezkutukeria salatu zuten: “Proiektuaren txostena kajoi batean sei bat hilabetez gordeta eduki dute, eta eskatu arren ez digute txostena helarazi. Eta, orain, dena presaka egin nahi dute. Batzorde erabakitzailea baino 48 ordu lehenago dokumentazio guztiaren zati bat baino ez ziguten helarazi; eta erreklamazioa egin ostean 199 orrialdeko dokumentua utzi ziguten, gaztelania hutsean. 24 orduko epea eman ziguten guztiaren azterketa lana egiteko. Gainera, batzorde erabakitzailearen eguna iritsi zenean, ordu erdi lehenago, teknikoarekin bilera egiteko deitu gintuzten. Orduan adierazi ziguten aldaketa txikiak egin zituztela, nahiz eta egia esan, aldaketa horiek ez hain txikiak izan”.

De Migelek adierazi zuenez, “24 orduko epea ez da horrenbesteko garrantzia duen proiektu bat aztertzeko denbora nahikoa. Horrenbestez abstentziora jo genuen, arduraz jokatzeak ez zigulako beste irtenbiderik ematen. Ez proiektuaren aurka gaudelako, behar bezala aztertzeko denborarik ez digutelako eman baizik. Udalgintza seriotasunez egin behar dela iruditzen zaigu, eta horrexegatik geure harridura eta salaketa”. Mikel Pagola alkateak prentsan adierazitakoak hartu zituen gogoan: “politika transbertsala eginez denen ekarpenak kontuan hartuko direla agindu zuen, baina guztiz bestelakoa egiten ari da. Egitasmoak berak bere 48. orrialdean adierazten du herritarren parte hartzea bermatu gabe ez dela erabakirik hartuko. Non dago parte hartze hori?”.

Udalak proiektuari oniritzia eman dio, EH Bilduren eta PSE-EEren abstentzioarekin. 

Prozedura ez dago itxita. Hurrengo urratsak hauexek dira: Gipuzkoako boletin ofizialean argitaratzea eta, ondoren, alegazioak aurkezteko hogei eguneko epea zabaltzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!